Covid-19aren eragina 2021ean
Ikusiker Panela osatzen duten UPV/EHUko eta UPNAko ikasleei Covid-19aren inguruko galderak egin zaizkie, honek 2021ean izan duen eragina ezagutu eta 2020an eskuratutako datuekin alderatu ahal izateko. Jasotako erantzunekin osatu da Ikusiker Panelari dagokion argitalpen-seriaren 18. txostena.
Ikusiker Panelaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gazteek daukaten ikusentzunezkoen kontsumoa eta Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) erabilera aztertzea.
Ikusiker Panela osatzen duten UPV/EHUko eta UPNAko ikasleei koronabirusa agertu eta urtebetera ikus-entzunezko edukien eta informazioaren kontsumoak izan duen bilakaeraz galdetu zaie (plataforma eta aplikazioen erabileraz eta koronabirusaz informatzeko bideez). Txosten honetan datu horiek jasotzen dira.
Gazteek egiten duten ikus-entzunezko produktuen kontsumoa eta IKTen erabilera zenbatekoa eta nolakoa den jakin guran abiatu zen Ikusiker Panela 2018-2019 ikasturtean. Harrezkero, ugari izan dira landu diren gaiak eta oparoa bildu den informazioa.
Applika+ (US20/21) ikerketa-proietuaren barruan kokatzen da Ikusiker Panela izeneko lan-lerroa eta bertan elkartzen dira UPV/EHUko, Tabakalerako, EITBko eta Kulturaren Euskal Behatokiko lan-taldeak. Ikusiker Panelari buruzko informazio gehiago www.ikusiker.eus webgunean aurkitu daiteke.