Kultura-politiken ereduak
Kultura-politikei zenbait definizio eman zaizkie: Yudice eta Milleren iritziz, «sormen estetikoa eta bizimodu kolektiboak bideratzen dituzten babes instituzionala» dira, eta «arautzeko jarraibide sistematikoetan daude». García Canclinik, berriz, definizio hau ematen du: «Estatuak, erakunde zibilek eta komunitate-talde antolatuek egindako eskuhartzeak dira garapen sinbolikoa orientatzeko, herritarren kultur beharrak asetzeko eta ordena edo eraldaketa sozial mota baterako adostasuna lortzeko».
Edonola ere, argi dago edozein ekintza publikoren atzean helburu eta xede jakin batzuk dituen asmo politikoa dagoela. Eta xede ezberdinen arabera, kultura-politiken tipologia ezberdinak ezar daitezke.
Eta nazioarteko organismoek, hala nola UNESCOk eta Europar Batasunak, lerro eta orientabide nagusien norabidea finkatuko duten koordenatuak antolatzen badituzte ere, eta, horren bidez, politiken elementu nagusiak nolabait homogeneizatzen badituzte ere, esku hartzeko tresnen bidezko aplikazio-ezberdintasunak eta laguntza-formulen eta kulturarako erabilitako finantza-baliabideen desberdintasunak kudeaketa-eredu ezberdinak sortzen dituzte. Horiek dira lurralde bakoitzaren tradizioari, idiosinkrasiari eta testuinguru ideologiko, ekonomiko eta sozialari kultura-politikak emandako erantzunaren emaitza.
Azterketaren helburu nagusia da kultura-politika publikoak eta horiek garatzeko hainbat formula aztertzea: zer xede duten eta nola gauzatzen diren erakundeen adierazpen ezberdinak eta aplikatzen diren tresnak.
Txostenak bi kapitulu nagusi ditu: lehenengoa teorikoagoa da, eta, aztertu beharreko eredu, gako eta dilemak oinarri hartuta, kultura-politikak testuinguruan sartzen ditu; bigarren kapitulua eraginkorragoa da, eta, ikuspegi estrategikotik zein kulturaren kudeaketatik, kulturan esku hartzeko aplikatzen diren tresnak deskribatzen ditu.
Kultura-politiken ereduak (2018) [pdf, 872 KB]