Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Kultura-ohituren panela: 8. datu-bilketako datuen analisia (2021)

Kulturaren Euskal Behatokiak, Ohituren Panelaren bidez, herritarren kultura-ohituren berri jasotzea eta eremu horretan sakontzea du xede. Ikerketa hori egiteko, lagin-unitate beraren jarraipena egiten da denbora jakin batean, jarraipen horrek aukera ematen baitu aldaketa-patroien ezaugarriak zehazteko lagungarri diren inguruabarrak indibidualki behatzeko.

Landa-lana 2022ko urtarrilaren 24tik 2022ko martxoaren 1era bitartean egin zen. Horrenbestez, emaitzak 2021eko bigarren seihilekoari dagozkio. Lagina 204 pertsonaz osatuta dago, eta denek ala denek parte-hartze kulturalaren gutxieneko atalase bat gainditzen dute.

Txostenaren gorputza hiru ataletan banatuta dago:

  • Aldaketa-ibilbideak. Partaidetza-mailen indizeak eraikita, hautemandako aldaketa-ibilbideak deskribatzea. Igoerako, mantentzeko edo jaitsierako ibilbideak daude parte-hartze motaren arabera (hartzailea, sortzailea edo digitala).
  • Covid-19aren osteko joerak kultura-ohituretan. Datu-bilketa honetan, kultura-ohituretako joerak atzemateko berariaz diseinatutako modulu bat sartu da berriro, inkestatutakoen ohitura pertsonalen eta gizarte mailako aldaketari buruz duten iritziaren balorazioa batekin. Lehenengo blokea ohitura digitalei eta pertsonek aurreikusitako joerei buruzkoa da, eta, bigarrena, Covid-19ak oro har parte-hartze kulturalean (ez soilik digitalean) epe laburrera eta luzera izango duen eraginari buruzkoa.
  • Aldaketaren pertzepzio subjektiboa. Atal hau inkestatutako pertsonek beren parte-hartze kulturala nola aldatu den azaltzeko ematen dituzten arrazoiei buruzkoa da, eta aurreko datu-bilketekin alderatzen da.

Emaitzak modu eskematikoan aurkezten dira, bloke bakoitzaren helburuak zehaztuz kasuan kasu: zer neurtzen den, nola neurtzen den, emaitzak eta interpretazio-iruzkina. Eranskinean aldagaien eta beren kodetzearen xehetasunak aurki daitezke.