Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

KSIak Euskadin

Portada

Argitalpen honetan, ibilbide kronologiko bat egin dugu Euskadiko kultura eta sormen sektoreak azken urteetan izan duen bilakaeran zehar, eta honako alderdi hauek landu ditugu: erakundeek KSIen sektorea ulertzeko eta babesteko egindako azterlanak eta ahaleginak, KSIen mugaketa kontzeptuala eta sektoriala, azterketa kualitatibo eta kuantitatibo berrien garapena edota babes-tresna berrien inplementazioa askotariko esparruetan, hala nola berrikuntzan edo nazioartekotzean. Argitalpenaren amaieran, CREADIS3 proiektuaren edo BDCCren (Kulturaren eta Sormenaren Euskal Barrutia) esparruan garatutako ekimenak azaltzen dira, eta ekimen horiek etorkizunerako ildo batzuk iradokitzen dituzte Eusko Jaurlaritzak KSIen alde berrikuntza eta garapen sozioekonomikoaren eragile direlako egindako apustu instituzionalari dagokionez.

Lehen fasean edo 0 fasean, euskal kulturaren eta sormenaren sektorea sendotzeko 2012. urte aldera hasitako eta hurrengo urteetan egindako lan handiari bide eman zioten jatorriak azaltzen dira. Ondoren, I. faseak Euskadiko KSIen errealitatera egindako lehen hurbilketak aztertzen ditu, kualitatiboak eta kuantitatiboak (2012-2015), eta, jarraian, II. fasean errealitate horri buruzko ezagutzan sakontzen da (2016-2018 aldia). III. fasea 2019. urteari dagokio, eta kultura- eta sormen sektorearen etorkizuneko garapenaren oinarriak diseinatzeko eta ezartzeko ekintzak eta ekimenak agertzen ditu, bereziki Euskadiko RIS3 (Research and Innovation Strategy for Smart Specialisation) estrategiaren esparruan. Azkenik, IV. faseak (2020-2023) Kulturaren eta Sormenaren Euskal Barrutia (BDCC) azaltzen du, leihatila bakarraren eta KSIetarako eremu anitzeko zerbitzu-zorro integratuaren proiektu gisa.

Fase bakoitzean, Euskadiko KSIen garapenaren kronologia xehatu bat osatzeko aldiaren mugarri nagusiak berrikusteaz gain, euskal KSIetako agente publiko eta pribatuen iritziak zein KSIei lotutako jardunbide egokiak txertatzen dira.

Azkenik, argitalpen honen bidez euskal kultura- eta sormen sektorearen aniztasun eta aberastasun handia eman nahi da ezagutzera, sektore guztiak eta Euskadiko lurralde osoa aztertuta. Argitalpen hau lantzeko, KSIen ekarpena ordainezina izan da. Argitalpenaren edukia, halaber, Euskadiko garapen sozioekonomikoarekin duten konpromisoa eta egiten duten ekarpena aitortzeko modu bat da.

KSIak Euskadin [pdf, 7,8 MB] **Oharra: Dokumentu hau Acrobat Readerrekin ikusten da erarik egokienean. Nabigatzaile batetik zuzenean irekiz gero, baliteke funtzionalitate batzuk behar bezala ez ibiltzea.


CCIs in the Basque Country (english)