127. Kooperatiba Berria (Sestao)
7. ETAPA: BILBAO • PORTUGALETE
Kontsumo.kooperatibak
Industria-iraultzak lanaren eta ekoizpenaren antolaketan aldaketa teniko bat eragiteaz gain, gizarte-talde berri bat sortu zuen, proletargo izenarekin ezagutuko dena. Hasiera batean, landa-ingurunetik datorren pertsona-talde oparo hori bat-bateko bizilekuetan finkatzen da, oso gutxitan higiene- eta erosotasun-irizpide arkitektoniko eta urbanistikoei jarraituz. Hala, industrializazioaren ondorioetako bat da pertsonak pilatzea oinarrizko zerbizuak eskaintzen ez zaizkien auzoetan, ez enpresen aldetik, ez administrazio publikoaren aldetik.
Bizi-baldintzen okertze horren ondorioz, XIX. mendearen erdialdean langileak gutxieneko baldintza batzuetan bizitzearen alde egingo duten ideiak garatuko dira, eta sindikatuetan eta alderdi politikoetan gauzatuko dira. Esplotatutako klase sozial bateko kide direnaren kontzientzia hartzeak eta, ondorioz, langileak antolatu izanak haien bizi-baldintzak pixkanaka eta kostata hobetzea ekarriko du.
Familia proletarioei eguneroko bizitza behar bezala garatzeko behar dituzten baliabideez hornitzeko hartuko diren ekimenen artean, kontsumo-kooperatibak sortzea egongo da. Kooperatiba horien helburua bazkideei premia biziko baliabideak prezio eskuragarrian ematea da. Horrela, bere jarduera nagusia bertara atxikitako langileei elikadura nahikoa ziurtatzea izango da, nahiz eta kultura- eta hezkuntza-zerbitzuak eskain zitzaketen, baita lanerako ezinduta zeudenekiko elkartasun ekonomikoa ere.
Euskal Herrian mota horretako lehen kooperatiba 1884an jaio zen Bilboko Labe Garaietako langileen artean; Sestaon, berriz, La Vizcaya-ko langileek 1887an eratu zuten berea. Bi enpresek bat egin arrren, kooperatibek autonomiari eutsi zioten. Sestaokoaren kasuan, 1899an 20 urteren buruan bazkideen beharrak betetzen ez zituen eraikin batez hornitu zen. Horrela, eraikin berria proiektatu zen kooperatibarentzat.
Cope delakoa
Eraikin enblematikoa, gaur egun Bizkaiko Foru Aldundiak herritarrei arreta emateko erabiltzen duena, 1925ean eraiki zuen Santos Zunzunegi arkitektoak, Sestaoko udal-arkitektoak. Kooperatiba Berriak, bi kaleren arteko izkinan dagoenak, estilo eklektikoa du ezaugarri, ordena erraldoiko pilastra atxikiek (apaingarri hutsak), eraikinaren bolumen nagusiak bereizten dituen balastre faltsuak edo galeria errenazentista batean inspiratutako bigarren solairuko baoen (erdi-puntukoak) antolamenduak erakusten duten bezala. Beheko solairuko baoak (zabaltasun eta argitasun handikoak) eta lehen solairukoak burudunak dira eta binaka antolatuta daude. Bestalde, eraikina zertarako eraiki zen kontuan hartuta, nabarmentzekoa da industriari lotutako elementu apaingarrien erabilera, hala nola beheko gorputzeko fatxadetan zehar dauden errematxe faltsuak.