Kokapena eta inguruak
Ekain haitzuloa Ekain izeneko muino baten ekialdeko mazelan dago kokatuta, eta handik hartu du izena. Sastarrain baserriaren alboan dago, Deba udalerrian, Zestoatik 1,5 kilometro eskasera. Haitzuloaren albotik bi erreka igarotzen dira: Goltzibar eta Beliosoerreka. Biek bat egiten dutenean, berriz, Sastarrain erreka sortzen dute. Ingurunean ura zegoenez eta haitzuloaren orientazio bikainari esker, oso toki aproposa zen Paleolitoko gizaki taldeek okupa zezaten.
Haitzuloaren ingurumarian, itsas mailatik 90 metro ingurura, mendi malkartsu eta mendigune garaiak daude, ia 800 metrora artekoak. Iparraldekoak eta kostaldeko lerrorantz doazenak (Paleolito garaian, 11 bat kilometrora) txikiagoak eta leunagoak dira.
Gaur egun, Ekainen inguruneak klima atlantikoa du, hezea eta epela, tenperatura moderatuak eta urte osoan zehar banatutako prezipitazioak. Gaur egungo landaredia hosto erorkorreko zuhaitz formazioek osatzen dute, eta horiek nahastuta ageri dira hazkunde bizkorreko koniferoekin eta bazka landareen laborantzarekin.
Ekain haitzuloaren ingurunean, Madeleine aldiko aztarnategi ugari daude (duela 20.000 urtetik 13.000 urtera artekoak). Esaterako, Urtiaga eta Ermittia, Deban; Aitzbeltz, Andoainen; eta Agarre eta Erralla, Aizarnan. Kronologia zaharragokoak ere badaude: Astigarraga, Deban; eta Irikaitz eta Amalda, Zestoan. Gainera, bertatik hurbil, berriki aurkitutako beste haitzulo apaindu batzuk daude: Astigarraga eta Erlaitz, Deban; eta Danbolinzulo, Zestoan.