Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sorkuntza sostengatzeko sistema baterantz Euskadin

Atala

Azterlan honen helburua da azterketa- eta ulermen-ariketa bat egitea euskal ekosistema kulturalaren zati espezifiko bati buruz: sorkuntza profesionalari edo profesionalizazio-prozesuari berari sostengua emateko sistema. Hau da, bereizi egiten dira sorkuntzaren sostengua eta sormen-jarduera bera. Horrela, azterlanaren arreta-gunea da eragileen multzo bat aztertzea, eragile horiek sostengua eskaintzen baitiete, bere baliabide eta jardueren bitartez, sorkuntzen bidez gizartean eta merkatuan esku hartzeko asmoa dutenei. Hori guztia, ezertan galarazi beste ekimen interesgarri batzuk, amateurren sostengura bideratuagoak, zenbait alditan biek bat egin baitezakete.

Azterketa egin zaio sostengu-funtzio horietan diharduten eragileen multzo askotarikoari, denetariko tipologiak baitituzte, eta zenbait alderdi hartu dira kontuan: dimentsioa, kokapena, ibilbidea, izaera publiko edo pribatua, eskaintzen duten laguntza edo sostengu mota, zerbitzu-katalogoa –askotarikoa edo espezifikoa–, diziplinari edo diziplinaz haraindikoari eskaintzen dioten arreta, etab. Eta hurbilketa zehatzagoa planteatzen da agente batzuekiko: azterlan honetan ezarritako kontzeptu-esparruari dagokionez, balio-ekarpen zehatzagoa egiten dutela edo sorkuntzaren sostenguan eragin handiagoa dutela irizten zaien eragileekiko. Beste eragile-kategoria batzuk ere definitzen dira, agian eragin txikiagoa dutenak, hain artikulatuak ez daudenak edo txosten honetan sorkuntza sostengatzeko lehentasunezko irizten ez zaien balio-katearen beste katebegi batzuetatik ari direnak, baina funtsezkoak, hala ere, ekosistema emankortzeko, testuingurua artikulatzeko, harremanak koipeztaturik mantentzeko edo garapen-bide berriak irekitzeko.

Edonola ere, esan behar da kontua ez dela eragileen zerrenda amaigabe bat egitea (jakina, egongo dira azterketa honetatik kanpo geratu diren batzuk, baina ez dira horregatik garrantzi gutxiagokoak), baizik eta tipologien berri ematea, erreferentziako adibideen bitartez, sorkuntza sostengatuko duen ekosistemaren ezaugarritze orokor bat egiteko, eta indarguneak, gabeziak, indartu beharreko erlazioak, ekin beharreko aukera-espazioak edota funtsezko beste katebegi batzuk erakusteko xedez.

Sorkuntza sostengatzeko sistema baterantz Euskadin [pdf, 2,3 MB]
Eranskina: Sorkuntzari zuzeneko sostengu estrukturala emateko eragileak [pdf, 1,5 MB]