Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

13. Jasokundeko Andre Mariaren eliza (ZUMARRAGA)

1. ETAPA: LOIOLA • ZUMARRAGA

Eliza berri bat herri indartsu berri baterako

1576an, Zumarragako biztanleen artean sortu zen gatazka zahar baten epaia eman zen. Gatazka hori parrokia-eliza (ez fisikoki, erakunde gisa baizik) inguruko herri nagusira, toki irisgarriago batera aldatzeko proiektuaren inguruan sortu zen. Ordura arte, gaur egun Antigua izenez ezagutzen den tenplura joaten ziren bizilagunak sakramentuak jasotzera. Izan ere, XVI. mendean (edo lehenago), Gipuzkoan ohikoa izan zen fenomenoa gertatu zen: etxebizitza-gune berriak agertu ziren bailaren behealdean: Billabona, Lasarte, Antzuola eta Azpeitiko Urrestilla auzoko kasuak aipa ditzakegu, besteak beste. Ibai nagusien ertzetako hazkunde demografikoaren ondorioz, auzune berriek parrokia berriak eraikitzea edo parrokiak beste inguru irisgarriago batera aldatzea eskatu zuten, bai lehendik zeudenekiko distantzia oso handia zelako, bai bertara iristeko gainditu behar ziren aldapak oso handiak zirelako.

Zumarragaren kasuan, lekualdaketa gauzatu egin zen, nahiz eta Antioko baserriko bizilagunak eta elizako patroia (Lazkaotarren familia) aurka egon. Tenplu berria eraikitzeko espazioa izateko, bi etxe erosi eta eraitsi egin ziren. Hala ere, eraikuntza berria berehala altxatuko ez zela ikusita, Zumarragako kontzejuak eskatuta, Iruñeko gotzainak behin-behineko tenplu bat eraikitzea onartu zuen, berria amaitu arte. Elizaren tamainari dagokionez, bizilagunek eskatu zuten hilobiak hartzeko adinakoa izan beharko zuela, jatorrizko tenpluan (gerora Antiguako baseliza) egiten zen bezala (gutxienez beste 5 urtez ehorzketak han egiten jarraitu zuten, hala ere). Tenplu berriaren eraikuntza hainbat hamarkadatan luzatu zen, eta teilatuak ez ziren 1663ra arte eraiki.

Artea eta arkitektura

Esan bezala, 1578an hasi ziren eraikitzen, baina ezin konta ahala atzerapen izan ziren eraikina bere osotasunean erabili ahal izan zen arte. Areto formako oinplano ertaineko tenplua da, burualdea hegoaldera begira duena. Garaiera bereko hiru nabe ditu, eta kapitel dorikoz errematatutako zutabeen bidez banatuta daude. Kanpandorrearen eraikuntza Frantzisko Etxeberriak hasi zuen 1717an, eta Martin Garrok jarraitu zuen erlaitzeraino (1723). Azken errematea 1726an amaitu zuen Juan Jazinto Etxeberria Usularrek. 1655etik aurrera arkupe bat egin bazen ere, gaur egungoa 1826an eraikitako arkupe neoklasikoa da, eta elizaren iparraldeko eta ekialdeko aldeak hartzen dituen arkuteriaz osatzen da. Portada barrokoa bat dator arkupearen sarrera monumentalarekin. Erdi-puntuko arkua du, alboetan bi pilastra, eta frontoi batez errematatuta dago.

Juan Apeztegik XVII. mendearen amaieran eraikitako erretaula bat izan bazuen ere, Tomas Jauregi arkitektoaren lan rococo handi batek ordezkatu zuen (eragin neoklasikoa du), eta Juan Bautista Mendizabalen (1756-1760) eskultura multzo batekin osatu zen. Erdiko kalean, sagrarioa eta Jasokundeko Ama Birjina irudikatzen duen irudia nabarmentzen dira, eta multzo osoa Espiritu Santuaren alegoria batek koroatzen duen laranja-laurden batez errematatuta dago. Alboko erretaulak geroagokoak dira, 1804koak, neoklasikoak. Tenpluan, horiez gain, zilarrezko prozesio-gurutze bat gordetzen da (XVI. mendea) eta Mauricio Valdivielsoren Kristo bat (XVIII. mendea).

Partekatu

Azken aldaketako data: