Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

15. Jasokundeko Andre Mariaren eliza (LEGAZPI)

2. ETAPA: ZUMARRAGA • ARANTZAZU

Eliza gutiziatua

Ez dakigu Legazpiko Andre Maria eliza zehazki noiz eraiki zen, baina logikoa da pentsatzea Goi Erdi Aroan landa-eliza izan zela, ziur asko 1000. urtea baino lehen sortua. Zoritxarrez, ez dugu Erdi Aroko berririk tenplu horri buruz; hala ere, haren eragina apala izango zen seguruenik, eta litekeena da Segurako parrokiaren menpe egotea. Nolanahi ere, XVI. mendearen hasieran zuen egoera XIV. mendearen amaieratik aurrera Lazkaoko etxeko jaunek eta hiribilduko eliza-kabildoak izan zuten lehia-testuinguruaren jarraipena izan zen.

Zehazki, 1509an, Legazpiko elizaren patronatuari buruzko auzi bat piztu zen: izan ere, biztanleek eskatu zuten parrokia-kargu hutsetarako elizgizonak hautatzeko eskubidea beraiena izan zela beti. Aldiz, Segurako hiribilduko kabildo erlijiosoak batetik, eta Lazkaoko jaunak bestetik, biek ala biek pribilegio hori beraiei zegokiela aldarrikatzen zuten (bakoitzak bere aldetik), bai eta parrokiaren hamarrenak jasotzekoa ere. Auzia konponbide salomoniko bidez argitu zen, alderdi guztiak pozik uzteko asmoz: hamarrenak 3 herenetan banatu ziren, partaide bakoitzarentzat bana, eta legazpiarrei zegokien zatia parrokiako elizgizonen mantenurako izango zen, bikario bat eta bi elizgizon. Epaiaren arabera, aukeraketa herriko bizilagunen esku zegoen eta Segurako kleroak eta Lazkaoko jaunak berretsi egingo zuten Iruñeko gotzainaren aurrean aurkeztu aurretik.

Artea eta arkitektura

Basilika-oinplanoko eliza da (3 habearte ditu, erdikoa garaiena), gurutze-ganga izartuz estalia, habearte bakoitzaren artean zutabez eutsita, eta dorre bat du oinaldean, sarrerako arkupe gisa balio duena. Autore batzuek XVII. mendearen hasieran kokatzen duten arren, tenplua 1700 eta 1722 bitartean eraiki zen batez ere. Diseinua Lucas Longa maisuarena da, eta Martin Garrok eta Lazaro Lainzerga Vegak eraiki zuten, eta Martin Zalduak eta Esteban Abariak aztertu. Hiru gangen eraikuntza 1716an hasi zen. Eliza inguratzen duen elizpea Martin Carrerak egin zuen 1762an.

Barrualdean, 1713 eta 1717 urteen artean egindako erretaula barroko bat dago. Pedro Quintana izan zen egilea eta Juan Ochoa de Brevillak urreztatu zuen. Churrigueresko estilokoa da, oso apaindura aberatsekoa, eta hareharrizko banku baten gainean altxatzen diren hiru kaletan antolatuta dago. Erdiko kalean sagrarioa eta Jasokundeko Andre Mariaren irudia nabarmentzen dira, horma-hobi nagusian.

Alboko erretaulak, kronologiari dagokionez, bi taldetan antolatuta daude. San Inaziori eta Santa Anari eskainitakoak XVII. mendeko 30eko hamarkadan egin zituzten Juan Gartzia Berastegik eta bere aitaginarreba Juan Mendiarazek (1631n hasi), eta Mendiarazek eta Diego Maiorak (1637tik aurrera), hurrenez hurren. Biak ala biak zutabe artean kokaturiko horma-hobi bakar batez osaturik daude eta biribilkiekin ornatuta dauden arkitrabez errematatuta. San Joseren eta Jesusen Bihotzaren albo-erretaulak, aldiz, erretaula nagusiaren estilo berekoak dira, eta beraz, XVIII. mendearen hasieran egin ziren. Haren antzeko arkitektura izateaz gain, atiko nabarmena dute, eta bertan, margolan bana. Azken bi erretaula hauek aldare propioa dute, zaharrenek ez, ordea.

Partekatu

Azken aldaketako data: