43. Jasokundeko Andra Mariaren eliza (SANTIKURUTZE KANPEZU, KANPEZU)
5. ETAPA: ALDA • SANTA CRUZ DE CAMPEZO
Santikurutze Kanpezu, gune estrategikoa
Bidegurutze batean duen kokapen estrategikoaren ondorioz, bere historian zehar lehian izan da. Musulmanekin liskarrak izan ziren bertan (823. urtea), baita Nafarroako eta Gaztelako erresumek elkarren artean izan zituzten borrokak ere. Bere kokapenagatik, Erdi Aroan gune garrantzitsua izan zen Arabako lurralde-egituraren baitan, herriaren kontrola estrategikoa baitzen: hegoaldetik, Harana babesten zuen, non Kontrastako herrigunea nabarmentzen zen; Izki eta Berron ibaien arroetatik Lautadara iristea eragozten zuen; eta Orbiso eta Santikurutze Kanpezuk osatzen zuten ardatzak Zuñiga-Genevillaren arteko komunikazioa eteten zuen.
XII. mendeko dokumentuetan Nafarroako erresumako gune harresitu gisa ageri da. 1200. urtean, Gaztelako Alfontso VII.ak konkistatu eta Gaztelako erresuman sartu zen, eta 1256an hiri-gutuna lortu zuen Alfontso X.a Jakituna erregearen eskutik, Logroñoko forua eman baitzion. Gaztelakoa izaten jarraitu zuen, XIV. mendearen bigarren erdiko hamarkada batean izan ezik, aldi baterako nafarren eskuetara itzuli baitzen; 1377an Gaztelara itzuli zen berriro, Henrike Trastamarakoaren erregealdian.
Jasokundeko Andre Mariaren eliza
Santikurutze Kanpezuko hirigunean dago. Eraikin partikularrek estuki inguratzen dute, ondorioz, haien artean nahiko sartua geratzen da. Itxura solidoa eta trinkoa duen tenplua da, eta dekorazio-elementu gutxi ditu kanpoaldean; hori dela eta, harlanduzko fabrika nabarmentzen da. Areto-oinplanoa du, eta alboetan hainbat kapera, guztira zazpi. Burualdean abside poligonala du, eta mendebaldean, portada nagusiaren ondoan, dorrea. Eraikinak estilo gotikoa du Errenazimenturako trantsizioan, eta bilakaera hori eraikuntza-fase desberdinetan islatzen da: burualdetik, zatirik zaharrena baita, oinaldera, gunerik modernoenera. Portada nagusi gotiko berantiarra XVI. mendearen lehen erdikoa da, eta Domingo Gebarak egin zuen. Arku zorrotza du, motibo ezberdinez apaindutako sei arkibolta dituena, zurkaitzetan jarraipena dutela. Tinpanoan, Ehorzketa Santua irudikatzen duen erliebea ageri da. Hori guztia, boladun alfiz batez errematatua, alde bakoitzean pinakuluak dituzten pilastretan oinarrituta. Portada horretatik arkupe itxi batera sartzen da. Bertan, beste portada zaharrago bat dago, XIII. mendekoa. Arku zorrotza du, lau arkiboltakoa, eta, tinpanoan Ama Birjina Doloretakoa irudikatzen da, alboetan bi aingeru dituela. Antzinako dorrea 1574an eraitsi zuten eta, ondoren, kanpandorre berri bat eraiki, kanpaientzako erdi-puntuko lau arkuz; errematean gorputz koniko bat du, bolez koroatuta dauden piramide formako akroterez inguratuta.
Barrualdean, estalkiak tertzeletez eta loturaz osatutako nerbio-gangak ditu. Erretaula nagusi barrokoa nabarmentzen da, XVII. mendearen amaiera eta XVIII. mendearen hasierakoa, churrigueresko estilokoa, urreztatua. Presbiterioan Fernan Ruiz de Gaonaren hilobi gotikoa dago, Calahorrako elizgizon eta artxidiakonoa, Gaztelako Alfontso XI.a erregearen konfiantzazko gizona izan zena eta jaioterriko parrokia-elizan ehorztea agindu zuena. Korua XVI. mendekoa da, errenazentista: pilastretan bermatutako arku beheratua du, landare eta lore-motibodun erliebez apaindua, eta nerbiodun ganga izartua, floroidun giltzarriekin. Gainean, Gregorio Valdivielsoren eskulturak dituen XVIII. mendeko intxaurrondozko aulkiteria bikaina kontserbatzen da.
Azken aldaketako data: