Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

57. Jasokundeko Andra Mariaren eliza (LAPUEBLA DE LABARCA)

7. ETAPA: LAGUARDIA • NAVARRETE

Komunikaziorako mugako herria

Lapuebla de Labarca Ebro ibaiaren ondoko terraza baten gainean kokatzen da, gain batean. Handik, Errioxa eta hango mendiekiko muga natural den ibai-ibilgua menderatzen da. Arabako probintziako herririk hegoaldekoena da, eta mugako oso izaera nabarmena du, hasiera-hasieratik gainera. Dirudienez, komunikabideei lotuta sortu zen, Errioxako lurretara igarotzeko ibaia zeharkatzeko tokietako bat baitzen. Hain zuzen ere, ibaia zeharkatzeko txalupa bat egon zen bertan, zubia egin zuten arte (oraingoa 1939koa da). Herriaren izena hasierako funtzio horrekin lotuta dago.

Bere lehen aipamen dokumentala 1369koa da, inguruko antzeko ezaugarriak dituzten herrixkak baino geroagokoa. Garai hartan, Lapuebla de Labarca Guardiako herrixka bat zen, eta 1631n Felipe IV.aren eskutik lortu zuen forua.

Jasokundeko Andre Mariaren eliza

Herri honetako elementu aipagarrienetako bat eliza da, XVI. mendearen erdialdeko tenplu errenazentista bikaina. Herriaren erdian dago, kale Nagusia eta Errege kalea elkartzen diren puntuan, gune neuralgiko bat sortuz. Harlanduzko eraikina da, oinplano angeluzuzena du, eta habearte handi bakarra, hiru ataletan banatua, eta zortzi aldeko abside poligonala du buruan. Estilo gotikoko gurutze-gangaz, arku zorrotzez eta plateresko estiloko giltzarriak dituzten gangez estalita dago. Eltziegoko San Andres parrokia-elizarekin antzekotasun handia du, baina hura baino xumeagoa da. Izan ere, biak ala biak Juan Astiasuk proiektatu zituen, eskualde-mailako hargin-maisua, Errenazimentuan Calahorrako eta Iruñeko elizbarrutietan lan egin eta euskal probintzietan zehar lan bikainak egin zituzten hargin-maisuen taldekoa. 1837an birmoldaketa lan garrantzitsuak egin ziren.

Nabarmentzekoa da parrokiaren fatxada nagusia, estilo errenazentistaren erakuslea. Arkupea du eta haren sarreran erdi-puntuko arku molduratu handi bat dago. Arkuak bost arku eskartzano dituen galeria bati eusten dio, eta alboetan altuera desberdinetako bi dorre ditu, harrizko kupulaz estaliak. Eskuinekoak, altuenak, oinplano irregularra du eta linterna batez errematatuta dago; ezkerrekoak, berriz, oinplano lauangeluarra du eta boladun elementu piramidalez errematatuta dago. Arku handiaren barruan eta atzealdean portada dago. Taulamendu batek bereizten dituen bi gorputzetan banatuta dago. Beheko aldean, sarrera nagusia dago: erdi-puntuko arku batek osatzen du, errezelez apaindutako arku bikoitza duela. Goikoan, berriz, okulu bat dago. Frisoa eta pilastrak kasetoiekin apainduta daude, sarrerako arkuen antzera; beraz, dotore apaindutako multzoa osatzen dute.

Barrualdean erretaula nagusia nabarmentzen da, estilo erromanistakoa, errenazimentutik barrokorako trantsiziokoa. Ezaugarri hori Juan Bascardok eta Diego Jimenezek egindako eskultura eta erliebeetan ikus daiteke batez ere. Erdiko kaleko irudiak nabarmentzen dira, non Ama Birjinaren Jasokundea eta lan finezko irudiekin apaindutako bi gorputzeko sagrario bikaina direla protagonista. Ezker aldean, Urrezko Atearen historia eta San Pedro ageri dira, eta eskuinaldean, Ama Birjinaren jaiotzaren eszena bat eta San Paulo.

Partekatu

Azken aldaketako data: