Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

8. Jaizkibelgo multzo megalitikoa (Hondarribia)

1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN

Mila urteko hilobi-espazioa

Kalkolitoaren eta Burdin Aroaren artean, Pasaiako badiaren eta Bidasoa ibaiaren bokalaren artean bizi ziren biztanleek hileta-eremu bat ezarri zuten. Lau milurteko inguruan erabili zen, gutxi gorabehera, Aro Kristaua baino 4.000 urte lehenago, eta garai aldaketa arte.

Jaizkibelen, hildakoen arretaren eta zainketaren lehen aztarna, oraingoz, K.a. seigarren milurtekora atzeratzen da. Maskortegi batean (molusku-maskorren pilaketa )egindako giza ehorzketa bat da , fetu-jarreran eta lotuta. Itsasertzetik hurbil zegoen harkaitzezko babesleku batean lurperatu zen.

Hala ere, duela 6.000 urte inguru, hildakoak gordetzeko beste modu bat zabaldu zen, 2.000 urte inguru iraun zuena: ehunka kiloko harrien bidez egindako monumentuak osatzen zituzten, ganbera moduan gela osatuz; gero lurrez eta harri txikiagoz estaltzen ziren. Beste leku batzuetan, egitura horiek Jaizkibelen baino askoz handiagoak dira, eta metro batzuetako sarrera-galeriak dituzte.

Konpartimentu horren barruan hildakoaren hondakinak zeuden, objektuekin batera (zeramikazko ontziak, erremintak, apaingarriak, etab.). Historiaurreko diziplinak dolmen izena eman izan die egitura horiei, bretoieraz, latitude haietan izen hori ematen baitzitzaien. Euskal Herriko leku batzuetan, bertakoek trikuharri esaten zieten, eta gaur egun izen hori generikotzat hartzen da horrelako monumentuetarako.

Gero, Aro kristaua baino 1000 urte lehenago, hildakoen hondakinak lurperatzeko beste modu bat zabaldu zen, harrizko bloke handiak, oraingoan perimetro zirkularra edo obalatua osatuz. Hala ere, hildakoaren gorpua aldez aurretik erre egiten zen (beste leku batean) eta errautsak zirkuluaren erdian ipintzen ziren. Horrelako egiturei harrespilak edo mairubaratzak deitu izan zaie euskaraz. Lurraldea Erromako orbitan sartu zenetik, hileta-ohiturak aldatu egin ziren, eta Jaizkibelgo hilobi-eremu megalitikoa utzi egin zen.

Multzoa osatzen duten monumentuak

Deskribatu ditugun monumentu megalitiko zaharrenen artean daude: Atxiñar, Iskulin, Zioso, Jaizkibel III eta Jaizkibel IV trikuharriak. Maiz egitura horiek ez dira ongi kontserbatzen, hein batean, haietan altxorrak edo urrezko piezak gordetzen zirelako mitoak eraginda. Esate baterako, Iskulin eta Jaizkibel III trikuharriek zuloak dituzte erdian: hondakin baliotsuen bila ibili izanaren aztarnak dira.

Bestalde, harrespilak bi dira: Jaizkibel II eta V. Azken hori da bietatik hobekien ezagutzen dena. Harlauzaz osaturiko perimetro bat du: horietako bik forma luzanga dute eta bertikalean jarrita egon ziren, bata bestearen parean. Kristo aurreko hirugarren milurtekoan datatu da.

Partekatu

unesco