10. Jaizkibelgo dorreak (Lezo/Pasaia/Hondarribia)
1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN
Mendi gotortua
Azken Karlistaldiaren hasieran (1872-1876), Irun hiria, Karlos Maria Borboikoa erregegaiaren alde altxatu ez zenez, Oiartzungo mendietan gotortu ziren karlista matxinatuen erasoen menpe geratu zen. Arrisku horri aurre egiteko, 1873ko apirilaren 8an Gobernuak hiria defendatzeko hainbat obra egiteko agindu zuen. Eta uste bezala, erasoa gertatu zen: 1874ko ekainaren 4an karlistek Endarlatzako gotorlekuari eraso zioten, Bidasoan barrena Irunera eta mugara iristeko bidea defendatzen zuenari. Karlistek hiria jazartzen jarraitu zuten, eta urriaren 12an Behobiari eraso egin zioten, baina baztertuak izan ziren. Azaroaren 4an hiria bonbardatzen hasi ziren.
Armada liberala, Donostian lehorreratu ondoren, mugako herriaren setioa hausteko prestatzen ari zen, eta laster ohartu ziren karlistek ez zutela gotorlekurik eraiki Jaizkibel mendian, eta, halaber, leku hori hartuz gero, abantaila nabarmena emango ziela. Hala, hil horretako 11n, Errenteriatik irten ziren tropa liberalek Jaizkibel hartu zuten ia inolako erresistentziarik gabe. Horri esker, egun berean Irunera sartu eta hurrengo egunean San Martzial gotorlekuko setiatzaileak kanporatu zituzten.
Berehala, mendia gotortzeko lanak hasi ziren karlistek egindako akatsa zuzentzeko, eta zenbait gotorleku eraiki ziren mendiaren mutur batetik bestera (ekialdetik mendebaldera, Guadalupe, Enrique eta Lord John Hay). Horien artean, 6 dorre jarri ziren gailurrean zehar. Dorreen helburua zen, batetik, gotorlekuen arteko komunikazioa ahalbidetzea, eta, bestetik, ikuspegi paregabeaz baliatuta behaketa-puntuak izatea.
5 dorreak
Jaizkibel mendian 6 dorre eraiki ziren arren, 5 bakarrik mantendu dira gaur egun arte. Horietako bi Guadalupeko gotorlekuaren eta mendiaren gailurraren artean zeuden, eta besteak gailurraren eta Pasaiako kanalaren artean.
Eraikin hauek oinplano hexagonalekoak dira, bosgarren dorrea izan ezik, ekialdekoena, karratua baita. Beheko solairua, lehen solairua eta gezileihodun terraza zituzten. Sarrera lehen solairuan zegoen, eta igotzeko eskailera kendu egin zitekeen. Zorua eta barruko eskailera zurezkoak ziren. Hormetan bao txiki laukizuzenak zeuzkaten, barrualdea aireztatu eta kanpoaldea behatzeko.
Kasu guztietan, barruko egitura hondatuta dago eta batzuek gailurra galdu dute. Hobekien kontserbatu dena 2 zenbakia da (mendebaldetik hasita) etaPasaiatik hurbilen dagoena egoera onean dago.