Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

44. Itziarko talaia (Deba)

3. ETAPA: ZARAUTZ • DEBA

Itsasoari begira

Itziarko Itxaspe auzoan (Debako udal-mugartean), Sakoneta hondartzatik gertu, Mendatako puntara jaisten den mendi-mazelaren gainean dagoen talaia zaharraren aurriak daude. Itziarko herritarrek mendeetan mantendu zuten itsas bokazioaren oroigarria da, 1343an hiribilduaren burua Itziarretik Debara igaro ondoren. Hain zuzen ere, talaia horri buruz orain arte egin diren ikerketa historiko-arkeologikoek adierazten dute egungo eraikina XVIII. mendekoa dela. Ziurrenik, Sakonetatik itsasoratzen ziren Itziarko arrantzaleei lagunduko zien, hura baitzen beren portu nagusia.

Kostaldeko herrietako itsas jarduerak kudeatzeko lehen mailako azpiegiturak ziren talaiak. Meteorologiari, arrantzari, merkataritzari eta abarri buruzko informazioa lortzeko modu nagusietako bat zen, funtsezkoa negozioen martxa onerako. Izan ere, talaietan zeuden talaiariak hainbat zeregin betetzen zituzten. Lehenik eta behin, portuan zein itsasoan zeuden ontziei arriskuak zeudela abisatzen zieten. Arrisku horiek naturalak izan zitezkeen, enbata edo denboraleen etorrera kasu, edo gizakiak eragindakoak, etsaien gerraontziak edo ontzi kortsarioak, esaterako. Bigarrenik, baleen edo arrain-bankuen berri ematen zuten, arrantzaleek ahalik eta lasterren harrapatzeko. Abisu horiek ondoko herrietatik ikus ez zitezen egiten saiatzen ziren, nahi ez ziren lehiak saihesten saiatzeko. Hirugarrenik, inguruko porturen batera bideratutako merkantzia-ontziak ere bazeudela jakinarazten zuten; Debara, esaterako. Ontzi horiek portura atoian eraman behar ziren; horrela, portuetako txalupek ahalik eta azkarren arraunean egiten zuten, horretarako kontratatzen ziren lehenak izateko. Laugarrenik, euskal portuetako merkataritza-trafikoaren bolumenari buruzko informazioa biltzen zuten. Albiste horiek oso garrantzitsuak ziren produktu jakin batzuen merkataritzarako; izan ere, saltzeko orduan, hobe zen ontzi gutxien iritsi ziren eta prezioak altuagoak ziren portuetara joatea, baina erosteko orduan, prezio merkeagoak zeuden trafiko handia zuten portuetan.

Dorre txiki bat itsaslabarraren gainean

Talaiaren eraikinaren aurriek konplexu xume horren ezaugarriak ezagutzeko aukera ematen dute. Bi elementuz osatuta dago, bata bestearen ondoan. Alde batetik, txabola txiki bat, hareharrizko harlangaitzez eraikia, jatorrian atea, leihoa eta bi isurkiko teilatua zituena. Txabola hau talaiariaren babeslekua eta aterpea zen. Bestalde, talaiako dorre zilindrikoaren oinarri trinkoa nabarmentzen da, talaiaria bertara igotzen baitzen itsasoa ikusteko eta zegozkion seinaleak igortzeko. Gaur egun, dorrearen oinarria baino ez da kontserbatzen, eta sarrerako eskailera galdu du, baita gailurrean jatorrian zuen karela ere.

Talaiariek egoeraren arabera aplikatzen zituzten hainbat seinale-sistema erabiltzen zituzten. Alde batetik, egunez banderak bezalako ikus-seinaleak erabiltzen zituzten, eta suak gauez. Bestetik, seinale akustikoak ere erabiltzen zituzten, ikuspen urriko edo batere ikuspenik gabeko uneetarako egokiak, behe-lainoek, behe-hodeiek eta gaueko iluntasunak eragindakoak. Soinu-seinale horietarako kanpaia zuten talaietako dorreek. Beste prozedura batzuen erabileraren berri ere jaso da, suzirien jaurtiketa kasu.

Partekatzea

unesco