Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

43. Itziarko herrigunea (Deba)

3. ETAPA: ZARAUTZ • DEBA

Botere-gune zahar bat

XI. eta XII. mendeetako dokumentazioak Itziarko bailara aipatzen du. “Bailara” hori ez dagokio eraketa geografiko bati, baizik eta jurisdikzio-mugapen bati, hau da, agintaritza judizial baten mendean dagoen lurralde bati, zeinaren administrazio-gunea, kasu honetan, Itziarko Andre Mariaren parrokiaren inguruan antolatutako biztanle-gunea izango litzatekeen. Aipatutako mendeetan, garai hartan Gipuzkoako lurrek osatzen zuten lurralde osoa “bailarak” izeneko jurisdikzio-mugapen horien bidez zatituta zegoen, eta Itziarkoa zen kostaldean zeudenen artean mendebaldekoena.

Bailara horietako bakoitzak parrokia-eliza, edo monasterio garaiko izendapenaren arabera, baten inguruan politikoki eta espiritualki antolatutako herrixka kopuru bat biltzen zuen. Herrixkek izandako garapen ekonomiko eta sozial desorekatuak lagundu zuen batzuek besteen gainetik hazten, garatzen eta finkatzen. Herrixka arrakastatsu horietako batzuek, XII. mendearen amaieratik aurrera, beren gobernu-egiturak sendotu eta instituzionalizatzeko prozesu bati ekin zioten, hiribilduen sorrera fruitu gisa eman zuena.

Itziarko herrixka, izen bereko bailararen burua, hiribildu gisa instituzionalizatzen amaitu zuten komunitate arrakastatsuetako bat izan zen. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako kostaldeko hiribildu gehienak, Zumaia, Getaria eta Zarautz hiribilduen hurbileko adibideak kasu, antzinako barruti jurisdikzionaletatik banandu ziren; kasu horietan, Saiaz bailaratik, zeinaren buru zaharra, gaur egungo Seatz, esanahi politikorik gabeko landa-herrixka txiki bat izatera mugatu baitzen. Itziarren kasuan, bailararen buru zaharra izan zen instituzionalizazio-prozesu hori aurrera eraman zuena. Horren ondorioz, 1294an Itziarko hiribildua sortu zen, eta haren mugarte zabalak garai batean Itziarko bailarari atxikitako lurralde osoa hartzen zuen. Hala ere, hiribildu izaera lortu eta mende erdi geroago, Itziarko hiriguneak bere paper ekonomiko eta politiko nagusia galdu zuen, eta 1343an hiribilduaren burua Debara lekualdatu zen.

Santutegiari lotutako hirigintza

Itziarko herrigunea hiribilduaren buru zen izan zen berrogeita hamairu urteetan, ez zen Gipuzkoako Erdi Aroko hiribilduetako hirigintza tipiko bat eratu, zeinaren ezaugarria den kale eta etxadi multzo ordenatu bat osatzea, orohar, harresitutako esparru baten barruan. Itziarko hirigune historikoan, gaur egun ere, hirigintza-antolaketa bi eredu hauen artean dago: herrixken trazadura informala, zeinaren ezaugarria den parrokia-elizaren nagusitasuna, aurrean plaza duena, eta hiribilduen berezko trazadura planifikatua. Beharbada, Galtzada kalearen hegoaldean antolatutako etxeak eta kaleak berak, parrokiaren ondoan kokatuak, osatzen dute antzinako hiribilduak izan zuen Erdi Aroko hirigintzaren adibide bakarra.

Interes handiena duen ondare-elementua Itziarko Andre Mariaren parrokia da. Gaur egungo eraikina XIII. edo XIV. mende inguruan hasi ziren egiten, eta XVI. mendearen lehen erdian amaitu ziren lanak. Nabe bakarra du, zabalera handikoa, hiru atal angeluzuzenetan artikulatua eta trazeria gotikoko gangez estalia. Barruan estilo errenazentistako erretaula nagusia nabarmentzen da, Andres de Araozek egina, Gipuzkoako onenetarikoa.

Era berean, Itziarko Ama Birjinaren taila erromanikoa nabarmentzen da. Oso irudi gurtua da, bereziki euskal marinelen artean, euren patroitzat hartzen baitute, eta, beraz, tenplu honek, mendeetan zehar, euskal itsasgizon ospetsuenek eskainitako limosna eta exboto ugari jaso zituen. Duela mende asko, santutegia ikusten zuten itsasontzietatik Ama Birjinaren omenezko artilleria-salbak jaurtitzeko ohitura zegoen.

Partekatu

unesco