Itsasontzi Jokoa
Zer da Itsasontzi Jokoa?
Itsasontzi Jokoa tresna berri bat da, Interneten dokumentuak sinatzen eta zerbitzuetan identifikatzen uzten dizuna. Sinadura elektronikoaren beste bide batzuk baino errazagoa eta erabilgarriagoa da:
- Edozein gailuren bidez eta edozein lekutik erabil dezakezu.
- Ez duzu ezer instalatu behar zure ordenagailuan, tabletan edo telefonoan.
- Ez duzu behar txartel-irakurgailurik.
- Sinadurak lege-balio erabatekoa du eta segurua da.
- Doakoa da.
Erraztasun eta segurtasunaren arteko erdibide egokia da.
Zertarako balio du?
Eusko Jaurlaritzak Interneten bidez eskaintzen dituen zerbitzu gehienak erabili ahal izango duzu. Zerbitzuetan identifikatu eta dokumentuak bidali edo jaso, modu azkar, erraz eta seguruan ahal izango duzu. Adibidez:
- Zure medikuarekin hitzordua eskatu eta zure osasun-datuak kontsultatu ahal izango duzu,
- Eusko Jaurlaritzaren kontziliaziorako eta seme-alabak zaintzeko laguntzak eskatu eta berritu ahal izango duzu,
- Etxebide zerbitzuaren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan zure datuak eguneratu ahal izango duzu,
- Kontsumobidera erreklamazio bat bidali ahal izango duzu,
- eta zerbitzu asko gehiago.
Nola erabiltzen da?
Itsasontzi Jokoak 16 letra ditu, eta horietako bakoitzak 0tik 9ra arteko zenbaki bat izango du. Identifikatzeko edo sinatzeko, pantailak honako hauek sartzeko eskatuko dizu:
- Pantailak erakusten dizkizun 3 letrei dagozkien zenbakiak.
- Erreferentzia-zenbakia: zure txartelak Itsasontzi Jokoa inprimaturik badu, erreferentzia-zenbakia txartela bertan agertuko zaizu. Bestela, Itsasontzi Jokoa eskatu eta aktibatzean posta elektronikoaren bidez jasoko duzun gako-orri berean erreferentzia-zenbakia aurkituko duzu.
- Pasahitza: zure telefono mugikorrean SMS mezu baten bidez jasoko duzu Itsasontzi Jokoa aktibatzen duzunean (noiznahi beste pasahitz errazago batez alda dezakezu Izenperen webgunean).
Segurtasun arrazoiengatik, identifikatzeko edo sinatzeko arrakasta gabe bost aldiz saiatu eta gero, zure Itsasontzi Jokoa blokeatu egingo da.
Nola lortu Itsasontzi Jokoa?
Dagoenekoz honako txartela hauek badaukate itsasontzi jokoa inprimatuta:
- Osakidetzako Osasun Txartel Indibiduala
- IZENPEko herritarren txartela berdea
- ONA txartela
- Irun Txartela
Identifikatu eta dokumentuak sinatu ahal izateko, zure itsasontzi jokoa aktibatu egin behar duzu. Honela egin ahal duzu:
- Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan, KZGunea zentroetan edo Osakidetzako osasun zentroetan bertaratuz. Bakarrik zure NANa (edo agiri baliokidea) eraman beharko duzu eta fotokopia bat.
- On-line, IZENPEko herritarren txartela edo ONA txartela baduzu, IZENPEren webgunearen bidez: www.izenpe.com
Itsasontzi jokoa aktibatzen duzunean, prozesua bukatzeko mezu elektronikoa jasoko duzu, SMS baten bidez jasoko duzun pasahitza aldatzeko argibideak emanez.
Itsasontzi jokorik ez baduzu, Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan eska dezakezu, edo KZguneetan edo Osakidetzako osasun zentroetan. Bakarrik zure NANa (edo agiri baliokidea) eraman beharko duzu eta fotokopia bat.
Behin eskatu eta gero, itsas jokoa eta bere erreferentzia zenbakia duen mezu elektronikoa jasoko duzu. Mezu horretan aktibatze prozesua bukatzeko eta SMS baten bidez jasoko duzun pasahitza aldatzeko argibideak ere aurkituko dituzu.
Informazio gehiago behar duzu?
Itsasontziari buruzko edozein zalantza argitzeko Izenperen webgunea kontsulta dezakezu ala Zuzenean zerbitzuaren bulegoetara, KZGunea zentroetara edo Osakidetzako osasun zentroetara bertaratu.