Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

6. Iraurgiko San Martin (AZKOITIA)

1. ETAPA: LOIOLA • ZUMARRAGA

Nekropoli paganotik hiribildu berri baten epe laburreko egoitzara

Iraurgiko San Martin baselizan oso aztarnategi arkeologiko interesgarria aurkitzen da, Gipuzkoan Antzinarotik Erdi Arorako trantsizioa nola gertatu zen ulertzeko balio duena, bai eta Euskal Herriaren kristautzea ulertzeko ere. Joan den mendeko 90eko hamarkadaren erdialdean egindako indusketa arkeologikoetan, tenpluaren iragan hurbilari buruzko zenbait aztarna aurkitu ziren, XVI. mendeaz gerokoak. Aztarna adierazgarrienen artean, 1520 urteko kanpaiak urtzeko molde bat aurkitu zen, 3 metroko diametrokoa eta 1,7 metroko sakonerakoa, egungo tenpluaren eraikuntzarekin lotuta egon daitekeena.

Hondakinik ikusgarrienak, hala ere,errausketa-nekropoli pagano batenak dira. Nekropoli horretan harrian egindako zulo batzuk ageri ziren, eta bertan, kiskalitako giza hondakinez betetako hilobi-ontziak. Zeramikazko ontzi horiek erromatarren garaikoak dira formalki, baina erretako hondakinei egindako datazio probek VII. mendean kokatzen dituzte gorpuzkiak, Antzinaro Berantiarrean (agian nekropolia luzaroan erabilia izan zen). Beraz, horren arabera, Gipuzkoako erdialdean hileta-erritual paganoak Erdi Aroaren atariraino iritsi ziren, eta hori da aztarnek erakusten diguten alderdirik interesgarriena. Erritu horietan hildakoaren gorpuzkiak errausten zituzten, baita haren etxerko hornidura eta ohiko objektuak ere: hildakoa agurtzeko oturuntzan erabilitako baxera, adibidez.

Geroago, Erdi Aroan zehar ehorzketa-erritua sartu zen, garaiko tradizio kristauari jarraituz. Zehazki, haitzean ekialde-mendebalde norabidean induskatutako hobi batzuen aztarnak agertu ziren. Lehenagoko eraikinik aurkitu ez den arren, eremu osoa suntsituta dagoelako, lurperatze horiek tenplu baten inguruan egon ziren ziurrenik, gaur egungoaren aitzindaria.

XIV. mendean protagonismo berezia hartu zuen eliza honek, 1324an Gaztelako Alfontso XI.a erregeak biztanle-foru bat eman baitzien inguruko biztanleei, Iraurgiko Azkoitiko (Aezcoitia de Iraurgui) San Martinen inguruan hiribildu berri bat ezartzeko. Denbora batez, toki horretan hiribildu hasiberri bat egon zen, baina azkenean bertan behera utzia izan zen, 1331n errege berdinak baimena eman baitzuen herrigunearen egungo kokapenera eramateko, haranaren hondoan.

Artea eta arkitektura

Gaur egun, ermita tenpluak eta beste gela batzuek osatzen dute. Multzo horretan, almenak eta kupula poligonala dituen dorre prismatiko bat nabarmentzen da, fatxada bakoitzean tamaina handiko esferak dituen erloju bat duela. Tenplua muino baten gainean dagoenez eta zuriz luzituta, aise nabarmentzen da.

Kultu-gune izandako tenplua erakusketa-gune bihurtu da, eta bertan Azkoitiko arkeologiari buruzko hainbat gai azaltzen dira, bai baselizan aurkitutako nekropoli paganoa eta hilobi kristauak, bai Munoandiko Burdin Aroko herrixka gotortuan egindako aurkikuntzak.

Partekatu

Azken aldaketako data: