11. Ipeņarrieta jauregia (URRETXU)
1. ETAPA: LOIOLA • ZUMARRAGA
Errege-atsedenerako jauregia
Ipeñarrieta jauregia helburu zehatz batekin eraiki zuten: Errege Bidearen ondoan kokatuta egotea egokia zen bidaiari ospetsuei harrera egiteko; hori izan zen erakitzeko arrazoietako bat. Adibide asko aipa ditzakegu, baina beharbada ostalari bereziena Felipe III.a erregea izan zen, 1615ean bere alabetako bat Frantziako Erregearekin ezkontzera eraman zuenean. Jauregiaren eraikuntza Felipe III.aren idazkari eta kontseilari Cristobal Ipeñarrietak (1556-1612) agindu zuen. Lehendik zegoen eraikin baten gainean eraiki zen: Ipeñarrieta familiaren baserria. Halako gertaerak ohikoak izan ziren XVI. eta XVIII. mendeen artean, Gipuzkoako nobleziaren ospea handituz joan ahala, gorteko finantzetan eta burokrazian aberastasun handiak pilatu baitzituen. Horri esker, hiriko eta hiri inguruko dorre zaharrak landa-jauregi bihurtu zituzten, ideia errenazentistei jarraiki landaz gozatu eta natura gurtzeko. Jauregiak lorategiz hornitu ziren, eta oro har, Erdi Aroko hiribilduetako lekurik periferikoenetan kokatu ziren. Landa-egoitzak edo jauregi isolatuak eredu horretakoak ziren, eta Ipeñarrietakoa adibide ona da.
Ederra eta traza berezikoa da baina ez dugu ezagutzen diseinuaren konposizioa egin zuen arkitekto-maisuaren izena. Ez zen edonor izango, izan ere, Cristobal Ipeñarrietak, bere kargua eta maila soziala kontuan hartuta, konfiantzazko eta nolabaiteko prestigiozko norbait aukeratuko zuen. Proiektua gauzatu zuen argin-maisu edo egilea ere ezezaguna da, baina Foruako (Bizkaia) Martin Besagoitia izan zela esan ohi da.
Cristobal Ipeñarrietak eraikiarazi zuen jauregia euskal jauregi-arkitektura errenazentistaren adierazgarri garbia bihurtu zen, eta gerora inguruan eraikiko ziren beste jauregi batzuen oinarriak finkatu zituen.
Jauregi errenazentista
1605 inguruan hasi ziren eraikitzen. Oinplano angeluzuzena eta bi altuera ditu, eta erdian beste altuera garaiago bat, eskaileraren kaxarekin bat datorrena. Bi zatitan bereizten da argi eta garbi: bata, haranera begira dagoen alderik nobleena, eta bestea, alde pobrea, Irimo mendira begira dauden bi hormataletan ezkutatzen dena. Argi dago banaketa hori arrazoi ekonomiko eta konstruktiboen ondorio izan zela, baina era berean, soilik agerian egongo zen zatiaren itxura zaintzeko ideia ezkutatzen zuen. Gainera, hain noblea ez zen zatia eraikitzeak kostuak merkatu eta obra egiteko denbora asko murriztu zuen, erabilitako materialak kalitate txikiagokoak izanik lan gutxiago eskatzen zutelako. 1610 urte inguruan ia bukatuta egongo zen.
Solairu nagusian, Carrarako marmol zuriz egindako armarri bat dago, honela dioena: Soli Deo honor et gloria, hau da, ohorea eta aintza Jainkoari baino ez.
Azken aldaketako data: