Zikloetarako Sarbide Proba.
Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloetarako sarrera arautzen duen Aginduak xedatzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak heziketa-zikloetara sartzeko probak egiteko deialdia egingo duela gutxienez urtean behin, eskatutako titulazio akademikorik ez izateagatik heziketa-ziklo horietara zuzenean sartu ezin direnei aukera bat emateko
Erdi-mailako heziketa-zikloetako sarrera-proben helburua da egiaztatzea ikasketa horiek probetxuz egin ahal izateko beharrezko ezagutza eta gaitasunak badituztela.
Goi-mailako heziketa-zikloetako sarrera-proben helburua da egiaztatzea izangaiak baduela Batxilergoko helburuek eskatzen duten behar beste heldutasun eta egin nahi duen ziklorako beharko dituen berariazko ezagutzak ere badituela
Hezkuntza Administrazioak heziketa-ziklo eta ikasturte bakoitzean guztira eskaintzen diren plazen ehuneko jakin bat gorde dezake, sarrera-probak gainditu dituzten ikasleentzat
Probak euskaraz nahiz gaztelaniaz egin daitezke, eta ikasleek hautatuko dute zer hizkuntzatan egin nahi duten
Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak, lanbide-heziketako erdi-mailako eta goi-mailako prestakuntza-zikloetara sartzeko proben deialdia egiten duen ebazpenaren bidez, proba horietarako onarpen-prozedurak aplika ditzake, eskaria eskaintza baino handiagoa bada.
Onarpen-prozedura horretan, hemen adierazten den lehentasun-ordenaren arabera, balioespen-irizpide hauek erabiliko dira:
- Sarrera-probaren atalen bat gaindituta edukitzea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta nota hori gordetzen den aldiaren barruan egotea.
- Bizitokia Euskal Autonomia Erkidegoan izatea
- Erabakitzen den ausazko irizpidea
Zenbaki bidez (0-10) emango da atal bakoitzaren kalifikazioa. Probaren amaierako nota kalkulatzeko parte bakoitzean, gutxienez, lau puntu lortu behar dira, eta, kasu horretan, parte bakoitzean ateratako puntuazioaren batez besteko aritmetikoa egingo da (salbuetsita dauden parteak ez dira kalkulua egiteko kontuan hartuko).
Heziketa-zikloetara sartzeko sarrera-proba gainditzen bada, Estatuaren lurralde osoan izango du balioa. Proba osorik gainditzen ez bada, gainditutako atal(ar)en kalifikazioa hurrengo bi deialdietarako gordeko da, eta horren berri ematen duen egiaztapen-agiria egingo da
Informazio hau guztia argibideak emateko jartzen da jendearen eskura. Ondorioz, informazio honek ez ditu aldatzen administrazio-prozedurek arautzen dituzten xedapenak, eta ez du sorrarazten berariazko arauetan adierazi gabeko eskubide edo betebeharrik.