Zer da Ekonomia Ituna
Zer da:
Ekonomia Ituna, historian, euskal foru-erregimenaren funtsezko araua izanik, Estatuaren eta Euskal Herriaren arteko harremanak antolatzeko elementua izan da.
Estatuaren eta Euskadiren arteko finantza- eta zerga-harreman bereziak arautzen ditu Ekonomia Itunak. Alde batetik, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria du oinarri; horren bitartez Konstituzioak babesa eta errespetua ematen dizkie foru-lurraldeen eskubide historikoei, eta foru-araubidearen eguneratze orokorra egin dadila agintzen du. Bestetik, Autonomia Estatutuaren III. tituluan oianarritzen da, zeinak aitortzen duen lurralde historikoetako instituzio eskumendunen arautzeko ahalmena, horiek, beren esparruan, zerga-erregimena mantendu, ezarri eta arautu ahal izango dutela berresten baitu.
Historiaren laburpen bat:
Euskal Herriko lehen Ekonomia Ituntzat jotzen dute 1878ko otsailaren 28ko Errege Dekretua, eta zortzi urtez iraun zuen. 1876ko uztailaren 21eko Legea (Foruak indargabetzekoa) eta 1877ko azaroaren 13ko Dekretua (Ekonomia Itunaren oinarriak ezarri zituena) aldarrikatu ostean abiatutako negoziazio prozesuaren emaitza izan zen, lurralde historiko bakoitzak Estatuari urte horretan ordaindu beharreko kuota orokorrak ezarri baitziren.
Gero, 1887ko Aurrekontu Orokorren Legeko 14. artikuluaren bidez, beste Ekonomia Itun bat onartu zen, hura ere zortzi urterako. Horren ondoren etorri ziren 1894ko otsailaren 1eko Ituna, 1906ko abenduaren 13koa eta 1925eko ekainaren 9koa; guztira, 25 urteko indarraldia izan zuten.
Hala ere, 1937an diktadura frankistak indarrik gabe utzi zuen Bizkaia eta Gipuzkoarako hitzartutako zerga-araudia, eta horregatik, seigarren Ekonomia Ituna, 1952ko otsailaren 29koa, Arabarako bakarrik eman zen. Itun horren ondoren etorri zen, trantsizio politikoaren garaian, 1976ko azaroaren 26koa.
1978ko Konstituzioa eta abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez, Euskal Herriaren Autonomia Estatutua onartu ondoren, 12/1981 Legea, maiatzaren 13koa, hitzartu zen, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoarekin Ekonomia Ituna onartu baitzen, 20 urteko indarraldiarekin.
Azkenik, pilatutako esperientziarekin, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez, beste Ekonomia Itun bat onartu zen, epe mugagabea zeukala.
Sistemaren ezaugarriak:
- Itundutako sistema.
Hori da sistemaren funtsezko ezaugarrietako bat, administrazio ezberdinek, bere eskumenak jorraturik, elkarren arteko harremanetarako arauak adosten dituzte tributuen eta finantzen alorrean. Ekonomia Itunak, beraz, itundutako legeak dira, eta izaera horixe bera dute haiek egokitzeko eta aldatzeko legeek eta kupoaren bost urteko legeek.
- Tributu-gaietarako berezko araugintzako ahalmena.
Lurralde historikoetako erakunde eskudunek eta Estatuak zergen arloko arauak egiteko ahalmena dute, eta berezko tributu-sistema garatu eta egituratzen dute. Harmonizazio fiskalak eta araugintzako eta ordainarazpeneko lotura-puntuek bermatzen dute tributu-sistemen garapen harmonikoa.
- Tributuak kudeatzeko autonomia.
Foru-aldundiei dagokie tributuak ordainarazi eta kudeatzeko prozedura ezartzea, fase guztietan, eta prozedura hori ez da lagapen baten ondorioz ezartzen; aitzitik, beste zerga-administrazioekin batera gauzatzen den berezko ahalmenaren ondorio da.
- Aldebakarreko arriskua.
EAEk bere gain hartu behar ditu Itunaren kudeaketatik eratorritako emaitzak, horiek onak ala txarrak izan. Estatuak ez du foru-aldundiek lortutako diru-bilketan parte hartzen, eta ez du Autonomia Erkidegoko herri-gastuen estaldura ere bere gain hartzen. Bestalde, Estatuari eman beharreko kontribuzioa, kupoa, ez da EAEn jasotako diru-sarreren arabera kalkulatzen, aldagai exogenoen menpe baitago; hala nola, bereganatu gabeko eskumeneei dagozkien gastuak Estatuko Aurrekontu Orokorretan jasotakoak..