Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Txingudiko Plan Zuzentzailea

Plan Zuzentzailea Txingudiko estuarioetako ekosistemak berreskuratzera eta haien arteko lotura hobetzera bideratutako proiektu eta jarduketa anitzak koordinatzeko agiria da, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak bultzatu du.

Txingudiko paduren berezitasuna da Hendaiak, Irunek eta Hondarribiak Bidasoaren estuarioan osatzen duten 95.000 biztanleko mugaz gaindiko konurbazio baten bihotzean kokatuta dagoela; padurak, gainera, zatikatuta daude, azpiegitura handien eraginez.

Gipuzkoako HBBE (Hegaztien Babes Bereziko Eremua) bakarra da, eta oso gune berezia da hegaztiek Pirinioen mendebaldeko muturretik egiten dituzten migrazio-prozesuetan.

Azkenaldian, herri administrazioak gogotik ari dira padurak berreskuratzeko lanean, batez ere, 1991. urteaz geroztik; urte hartan sinatu zen Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irun eta Hondarribiko Udalen arteko Lankidetza-hitzarmena. Hitzarmen haren ondorioz, 1994an, Txingudiko (Gipuzkoa) Baliabide Naturalak Babesteko eta Antolatzeko Plan Berezia onartu zen.

2013ko ekainean, behin betiko onartu ziren Txingudi-Bidasoako ES2120018 Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) eta Txingudi-ES0000243 HBBEaren Kontserbaziorako Neurriak.

2014an, Eusko Jaurlaritzak Diagnostikoa eta premiazko lehentasunen azterketa egin zituen, Txingudiko padurak eta haien arteko loturak lehengoratzeko (Plan Zuzentzailearen I. Eranskina (PDF, 6 MB)). 1991z geroztik egindako hobekuntzak egiaztatzearekin batera, oraindik lortzeke zeuden erronka batzuk ere identifikatu ziren. Halaber, Red Natura 2000 sarearen barnean dauden espazio multzoko estuarioetako espazioa eta ekosistemak berreskuratzeari buruzko ikuspegia berritu beharra zegoela ere egiaztatu zen.

Plan Zuzentzaileak biziberritze-prozesuaren epe luzerako ikuspegi berritua nabarmentzen du. Plana eraginkorra izatea lortuko da, bere ildo nagusiei buruzko adostasun-maila jakin bat lortzen bada, eta indarrean dauden, erabateko eraginkortasuna eta eskubideak eta betebeharrak arautzeko ahalmena duten beste planen berrikuspen prozesuetan modu positiboan eragiteko gaitasunik baldin badauka. Bereziki:

  • ES2120018 KBE eta ES 0000243 HBBE eremuei dagokien araudian.
  • Irungo Hiri-antolamenduko Plan Orokorrean.
  • Hondarribiko Hiri-antolamenduko Plan Orokorrean.
  • Txingudi (Gipuzkoa) Eremuko Baliabide Naturalak Babesteko eta Antolatzeko Plan Berezian.
  • Sektore-organismo eta -administrazioen beste plangintza batzuetan.

Honako Plan Zuzentzaileak inspirazio-iturri izan behar du, gero eta eragile eta administrazio gehiago inplikatuko dituzten etorkizuneko lankidetza-hitzarmenetarako. Beharrezko inbertsioen ezaugarriak nabarmentzen ditu, egutegi orekatua programatuz, Europako aurrekontu-aldiekin bat datorrena.

Hainbat Helburu eta Ildo Nagusi ezartzen ditu, baina, ez dira modu zurrun batean interpretatu behar haien diseinu formalean, gomendio gisa baizik; egiten duen ekarpen baliotsuena eskaintzen duen ikuspegi integratua eta finalista da.

Plan Zuzentzaileak FEDER funtsen bidez POTCEFA barruan finantziatu da.