Sailkatutako jarduerak
Ingurumenari, pertsonei edo haien ondasunei kalte eragiteko arriskua daukaten jarduera eta instalazio publikoek zein pribatuek edo kalte horiek eragiteko arriskua ekar dezaketenek dira.
Jarduera eta instalazio sailkatuak ingurumenean, pertsonengan edo haien ondasunetan zenbateko eragina izan dezaketen kontuan hartuta, lizentzia administratiboen edo aldez aurreko jakinarazpenaren araubidea bete beharko dute ezinbestean, martxan jarri, handitu edo zaharberritu aurretik. Abenduaren 9ko Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 LEGEAren IC eranskinean jasotzen da lizentzia administratiboa eta ID eranskinean aldez aurretik jakinarazi beharra duten jarduera edo instalazioen zerrenda. Bi prozedura horiek jarduera gauzatuko den udalerriko udalak izapidetuko ditu.
Udalak jendaurrean jarriko du jarduera-lizentziaren eskaera, dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta erakunde horren egoitza elektronikoan iragarki bat argitaratuz. Jendaurreko informazio-aldi hori hilabetekoa izango da, alegazioak aurkeztu ahal izateko. (Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 51.1 eta 51.2 artikulua).
Jarduera ingurunearekin bateragarri egiteko eska daitezkeen ingurumeneko neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzeko txostena, oro har, udalak egingo du. Aitzitik , 10.000 biztanletik beherako udalerriek txosten hori egiteko eskatu beharko diote dagokion foru-aldundiko ingurumen-eskumenak dituen organoari. Edonola ere, 10.000 biztanle edo gehiagoko udalerriek txostena egiteko eska diezaiokete foru aldundiari (Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 52.1 eta 52.2 artikulua).
Neurri zuzentzaileen eta babesleen txostena dagokion foru-aldundiak egin beharko du, gehienez ere hamabost eguneko epean, udalak eskatzen duenetik zenbatzen hasita. (Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 52.3 artikulua).
Udalak lizentzia ematea edo ukatzea ebatzi eta jakinarazi beharko du, eskabidea aurkeztu eta gehienez ere lau hilabeteko epean. Epe hori igaro eta ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. (Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 53.1 eta 53.2 artikulua).
Baimena ematen duen udalari dagokio jarduera sailkatuaren lizentzia eta jarduera sailkatuaren aldez aurreko jakinarazpena behar duten jarduerak egiaztatzea, zaintzea, ikuskatzea eta zehatzea, eta eginkizun horiek betetzeko dagokion foru-aldundiaren laguntza teknikoa eskatu ahal izango du. (Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 53.6 eta 56.2 artikuluak).
Udalek jarduera sailkatuaren lizentzia eta jarduera sailkatuaren aurretiazko jakinarazpena behar duten jardueren eta instalazioen erregistroa eduki beharko dute. (Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 53.5 eta 54.9 artikuluak).
Jarduera sailkatuaren lizentzia jaso duten edo jarduera sailkatuaren aurretiazko jakinarazpena aurkeztu duten jarduerak hasteko epea urtebetekoa izango da. (Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 20.2 eta 20.3 artikulua).
Jarduera sailkatuaren lizentzia baten edo jakinarazpen baten babespeko jarduerarik egin gabe etenik gabeko sei hilabete igarotzen badira, lizentzia iraungitzat joko da, eta ondoriorik gabe geratuko da, aldez aurretik titularrari entzuteko epea emanda. (Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 20.4, 20.5 eta 20.6 artikulua).
Udalek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari jakinarazi behar diote jarduera sailkatuaren lizentziak eman direla, bai eta funtsean aldatu dela eta aurretiaz baimendutako jarduera eta instalazioak behin betiko amaitu direla ere.
Azken aldaketako data: