Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Material partikulatua

Arazo gehien eragiten dituen kutsatzaileetako bat material partikulatua edo partikula esekiak izaten dira. Partikula horiek tamaina askotakoak izaten dira, eta airearen kalitatearen legedian material partikulatuaren bi zatiki ageri dira, osasunean eta ingurumenean duten eraginaren arabera:

  • PM10, 10 µm-tik beherako diametroa duen material partikulatua.
  • PM2.5, 2.5 µm-tik beherako diametroa duen material partikulatua.

Bi jatorri izan ditzake material partikulatuak:

  • Naturala: itsas-aerosola, minerala, polena edo landareek igortzen dituzten substantzia organikoak.
  • Antropogenikoa: zirkulazioa, industria, eraikuntza-lanak, etxeetako berogailuak.

Horretaz gain, jatorri primarioa izan dezakete, zuzenean igortzen denean (diesel motorren kedarra edo zementu-fabrikek edo altzairu-fabrikek igorritako partikulak kasu), edo sekundarioa, eraldaketa kimikoek aitzindarietatik sorrarazitakoa (nitratoak eta sulfatoak kasu) edo konposatu organiko hegazkorren kondentsazioak eragindakoa denean.

PM10 eta PM2.5 direlakoak zehazteko erreferentziako metodoa grabimetrikoa da. Metodoaren oinarria aire-lagin bat emari finkora igaroaraztea da, horretarako material partikulatua geratuko den iragazki bat erabilita. Ondoren, laborategian pisua hartuko dugu, iragazki zuriaren pisua kenduta eta emariaren arabera zatikatuta: hala PM kontzentrazioa lortuko dugu. Neurketa horiek egiteko UNE EN 12341:2015 arauak ezarritako kaptadoreak daude. Europako erreferentziako arau horietan agertzen dira metodo grabimetriko bidez PM10aren eta PM2.5aren frakzio masikoa zehazteko espezifikazioak.

Airearen kalitateari buruzko legediak (102/2011 Errege Dekretua) iturri naturalei egotz dakizkiekeen gainditzeak ez zenbatzea ahalbidetzen du (22. artikulua). Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko maiatzaren 21eko 2008/50/CE zuzentarauan, Europako ingurune aireari eta atmosfera garbiago bati buruzkoan dago jasota hori. Iberiar Penintsularen Afrikarekiko hurbiltasunak saharar intrusioak egotea eragiten du urtean zehar. Bertatik iristen diren aire-masek hauts fina garraiatzen dute honaino.

Intrusio horiek ez zenbatzeko Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren webgunean eskuragarri dagoen prozedura bat erabiltzen da.

Izandako gertakariak honako webgunean daude eskuragarri: http://www.calima.ws/episodiosocurridos.html

Partikulak ekipamendu automatikoekin ere neur daitezke; haiei esker denbora errealean lor daitezke datuak. Sareak erabiltzen duen neurketa-metodoa beta indargabetzea eta elementu oszilatzailearen mikrobalantza (TEOM ekipamenduak) dira. Ekipamendu horiek ez direnez erreferentziakoak, erreferentziako kaptadore batekin erkatu behar dira interkonparazio-ariketa baten bidez, hala gidaren araberako neurri automatikoen zuzenketa-funtzioa  lortzeko. (PM10 eta PM2.5 ekipamendu automatikoak erreferentziako metodoaren arabera interkonparatzeko gida. Zuzenketa funtzioa kalkulatzea).

Honela, 2015eko urtarrilak 1etik aurrera argitaratutako PM10 datu guztiak aurrez zuzendu dira dagozkien zuzenketa-funtzioak erabilita.

 

Azken aldaketako data: