LIFE proiektua: Euskal Autonomia Erkidegoko estuarioetan Batasunaren intereseko habitatak leheneratzea - LIFE08NAT/E/000055

Estuarioak garrantzi handiko gune ekologikoak dira, bertan biodibertsitatearentzat esanguratsuak diren elementu ugari biltzen baitira: habitat naturalak eta flora eta fauna espezieak. Gainera, bertan prozesu ekologiko garrantzitsuak gertatzen dira. Estuarioetako habitatak dira, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko habitat hauskorrenak eta mehatxatuenak. Hainbat erabilera eman izan zaizkie estuarioei eta oraindik ere erabiltzen dira; hala nola, nekazaritzarako, hirigintzarako eta azpiegituretarako, eta kasu askotan, erabilera horien ondorioz, estuarioen kalitate ekologikoa murriztu egin da sortutako aldaketa sakonengatik.

Adierazitako habitatek dituzten mehatxu handienen artean daude espezie arrotzen inbasioak, bai landareenak, bai animalienak; izan ere, espezie arrotzek bertako espezieak baztertzen dituzte, maiz galzorian daudenak, eta inguruneko baldintzak ere aldatu egiten dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko estuarioetan garrantzi komunitarioko habitatak leheneratzeko LIFE proiektua abian jarrita, Baccharis halimifolia(Ipar Amerikako chilca zuhaixka) landare arrotz inbaditzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko estuario garrantzitsuenetan sortzen dituen arazoei aurre egitea da xedea eta arreta berezia eskainiko zaie eragin sakonena jasaten ari diren guneei. 

Proiektuaren sustatzailea Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetza Zuzendaritza da, onuradun koordinatzaile gisa arituz, eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren lankidetzarekin gauzatzen ari da, berau bazkidetutako onuradun bezala arituz.

Aurreikusitako ekintzen aurrekontua 1.852.825€ da, eta finantziazioaren % 50 LIFE programatik dator, alegia, Europako Batzordeak ingurumenaren alorreko finantziaziorako duen tresnatik. Aurreikusita dago programa 2014ko martxoan amaitzea.

LIFE programa Europako Batzordearen finantza-tresna bat da, ingurumena eta natura kontserbatzeko proiektuei laguntzera zuzendua. Beraren jarduera-eremua Natura 2000 Sarea da, hots, Europako habitatak eta espezie esanguratsuenak babesteko europar sare ekologikoa. Gaur egun, LIFE + 2007-2013 fasea garatzen ari da, eta horren baitan sartzen da proiektu hau.

Proiektuaren jarduerak hiru gunetan gauzatzen dira (Urdaibai, Txingudin eta Lea ibaian) Natura 2000 Sarean barneratuak daudenak,  eta helburua estuarioetako habitatetako 314 hektarea leheneratzea eta hobetzea da, baita bertan bizi diren hegaztien baldintzak hobetzea ere. Jarduera horiek euskal kostaldeko beste gune batzuei ere mesede egingo diete, aipatutako espezie hori beste naturgune batzuetara hedatzea ekidingo baita.

Estuarioen kontserbazioarekin –oro har- eta estuarioetan eragina duten espezie exotiko inbaditzaileekin –zehazki­- zerikusia duen problematika Euskaditik haratago doan problematika bat da, zeren Europako kostalde atlantikoaren zati handi bat ukitzen baitu, Britainiatik Asturiasera. Horregatik, proiektuaren ekintzen artean, ukitutako lurraldeak informazioa eta esperientziak elkarren artean trukatzera bultzatzeko ekintzak aurreikusten dira.

Proiektuaren helburuak honako hauek dira:

  • Euskal Autonomia Erkidegoan dauden garrantzi komunitarioko estuarioetako habitatak leheneratzea; landare arrotz inbaditzaileen pixkanakako inbasioa eta dinamika hidraulikoaren aztoramena jasaten duten habitatak, hain zuzen.

  • Hegazti migratzaileentzat eta garrantzi komunitarioa duten espezieentzat ingurumen baldintzak hobetzea.

  • Natura 2000 Sarean sartuta dauden eta leheneratzeko aukera duten euskal estuario garrantzitsuenetan jardun bateratua bultzatzea.

  • Leheneratzeko teknika onenak erabiltzea (proiektu pilotuetatik hartuak) eta antzeko arazoak dituzten Kantauri itsasertzeko beste tokietara zabaltzea teknika horiek.

  • Adituak, kudeatzaileak eta, oro har, jendea jabearaztea espezie arrotz inbaditzaileek sortzen dituzten arazoez eta arazo horiei estuarioetan nola aurre egin adieraztea. 

Landare inbaditzaile espezieak ugaltzea da estuarioetako habitaten kontserbaziorako mehatxu handienetakoa. Euskal Autonomia Erkidegoan hainbat espezie transformatzailek (Spartina patensSpartina alternifloraPaspalum vaginatumeta, batez ere, Baccharis halimifolia) multzo monoespezifikoak osatzen dituzte hainbat gunetan eta bertako komunitateen kontserbaziorako eta estuarioetako ekosistemen orekarako mehatxu larria dira.

Espezie exotiko inbaditzaileak lurralde berri batera iritsi eta bertan azkar ugaritzen diren espezieak dira. Ekosistemen egitura eta funtzionamendua aldatzen dituzte eta ingurumenean, gizartean, ekonomian eta osasunean kalteak eragiten dituzte. (GEIBInbasio Biologikoetako Aditu Taldea. 2006).

Landare inbaditzaile espezieen ugalketa da gure biodibertsitatea hondatzearen arrazoi nagusietako bat. Eusko Jaurlaritzak 2009an argitaratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Flora aloktono inbaditzailearen diagnosiaren arabera, 478 espezie aloktono edo exotiko identifikatu dira; alegia, lurraldeko flora osoaren % 20,78, gutxi gorabehera. Horietatik guztietatik, 86 espezie inbaditzaileak dira eta 21 inbaditzaile eraldatzaileak. Azken horiek ekosistemak nabarmen kaltetzeko gai dira.

Espezie inbaditzaile oldarkorrenek itsasertzeko habitaten gainean eragiten dute mehatxu handiena. Arrazoi nagusia habitat horien berezko tenperatura eta prezipitazio erregimena da; izan ere, oso inbaditzaileak diren espezie tropikalak eta azpitropikalak bertan ezartzea errazten du. Euskal Autonomia Erkidegoko Flora aloktono inbaditzailearen diagnosia azterlanetik ateratako ondorioen arabera, itsasertzeko habitatetan EAE osoan identifikatu diren 62 espezie inbaditzaile eta 21 eraldatzailetatik 34 espezie inbaditzaile eta 18 eraldatzaile katalogatu dira. Habitat horien artean kaltetuenak dunak (24 inbaditzaile eta 17 eraldatzaile) eta padurak (15 inbaditzaile eta 15 eraldatzaile) dira.

Zenbait espezie inbaditzaile hainbat gazitasun eta uholde mailatan garatzeko gai dira. Hortaz, ia padura komunitate guztiei eragiten diete. Espezie exotikoen inbasio handiena ihitoki azpihalofikoetan (gatz gutxien dutenak) gertatzen ari dira. Ihitoki horietan, bertako espezieak erabat ordezkatzera irits daitezke.

Baccharis halimifolia espezie exotiko eraldatzaile gisa katalogatuta dago eta Euskal Autonomia Erkidegoko biodibertsitaterako landare inbaditzaile arriskutsuenetako bat da.

Zuhaixka hau Amerikako ipar-ekialdeko kostaldetik dator eta padurak, dunak eta itsaslabarrak ditu habitat. XIX. mendearen erdialdean sartu zuten Europara, Frantzian lore apaingarri gisa erabiltzen hasi zirenean. Geroztik, Atlantikoko kostan hedatuz joan da, gure kostetara iritsi arte. EAEn 1914an aipatu zuten lehen aldiz, Lekeition; hain zuzen, Lekeitio da LIFE egitasmoaren jarduera-eremuetako bat.

Gure lurralde eremuan, espezie inbaditzaile eraldatzaile gisa jokatzen du, eta habitat naturalak kolonizatzeaz eta beste espezie batzuk ordezkatzeaz gain, inguruaren morfologia aldatzen du. Zehazki, padurak lohiz betetzea eragiten du, bere sustrai-sistemaren bidez.

Landare inbaditzaile arrakastatsua da, hazi ugari sortzen dituelako (landare bakoitzeko 1,5 milioira iristen da), haizeari esker haziak oso erraz eta urruti hedatzen direlako, gazte direnean asko hazten direlako eta zenbait gazitasun eta uholde mailari aurre egiteko gai delako. Horrez gain, hostoak toxikoak dira eta abereek ezin dituzte jan.

Australiako ekialdeko kostan (30.000 hektarea baino gehiago hartzen ditu) eta Europan dago. Europan, Bretainiatik Hendaiaraino, eta Txingudiko badiatik Tina Mayor itsasadarreraino zabaldu da, Asturiasen eta Kantabriaren arteko mugaraino.

Landare inbaditzaile hau hedatzeak gehien kaltetzen dituen habitatak ihitoki halofiloak, lezkadiak eta itsasertzeko basoak dira.

Helburu diren habitatak

Baccharis halimifolia landare arrotzaren inbasioak proiektuaren helburu diren estuarioen azalera handia hartzen du eta bertan, ingurumen baldintzen aldaketei dagokienez oso hauskorrak eta kalteberak diren habitat mota asko daude. Beraz, proiektuan aurreikusten diren ekimenek Habitat Zuzentarauaren I. eranskinean (43/92/EEE) jasotzen diren ondoko habitaten lehengoratzea eta hobetzea ekarriko dute:

Gainera, ekimen horiek lezkadiei ere mesede egiten diete. Espezie nagusiaz, lezkaz (Phragmites Australis), estalitako guneei esker, Europan interes handia sortzen duten hegazti espezie ugari bertan daude.

Helburu diren espezieak

Habitat horiek andeatzeak hainbat espezieri zuzenean eragiten die, batez ere hegaztiei, migrazio bidaietan estuarioetan aurkitzen baitituzte atsedena hartzeko eta jateko esparruak, habiak egiteko eta negua pasatzeko guneak. Hauek dira europar zuzentarauek katalogatutako hegazti espezie batzuk: 

  • Ur-benarriza (Acrocephalus paludicola* - Hegazti Zuzentarauaren I. eranskina). Estaltze ondorengo migrazioan Euskal Autonomia Erkidegoan egoten den espeziea. Ahalik eta habitat egoki gehien leheneratzea eta kontserbatzea ezinbestekoa da ur-benarrizaren ugalketa, migrazio-jalkitze eta negualdi guneak ziurtatzeko. Horregatik, Baccharis halimifolia desagerrarazi eta, ondoren, lezkadiak eta gainerako jatorrizko habitata leheneratzeak mesede egingo lioke espezie honi leheneratzea gauzatzen ari den guneetan.

     
  • Lezkari karratxina (Acrocephalus arundinaceus). Euskal Autonomia Erkidegoan habia egiten duen espeziea dugu, populazioa gero eta txikiagoa bada ere. Proiektuaren esparruan, Urdaibaiko eta Txingudiko gune habiagileak galdu dira, ziurrenik habitat nagusia, lezkadia, andeatu delako, Baccharis halimifoliaren inbasioaren ondorioz. 

     
  • Lertxun gorria (Ardea purpurea - Hegazti Zuzentarauaren I. eranskina). Euskal Autonomia Erkidegoan espezie ugaltzailea eta migratzailea. Tamaina handiko lezkadi faltak espezie hori finkatzea zailtzen du. Padura altutik Baccharis halimifolia desagerrarazi eta habitat hori leheneratzeak espezie horri Urdaibain behin betiko finkatzen lagunduko lioke.

     
  • Txori zezen arrunta (Botaurus stellaris* - Hegazti Zuzentarauaren I. eranskina). Euskal Autonomia Erkidegoan igarotzen du negua. Proiektuaren esparruan, tarteka etortzen da baina bere habitat nagusia den lezkadia gutxitu denez eta, batik bat B. halimifoliaren inbasioaren eraginezjanaria lortzeko behar duen ur librerik ez dagoenez, bere presentzia ere gutxitu egin da.

     
  • Koartzatxo txikia (Egretta garzetta - Hegazti Zuzentarauaren I. eranskina). Urdaibain espezie habiagilea; ugal daitezkeen 25 bikote inguru daude bertan. Espezie horri ihitza gaziak eta uztarako belardi ez emankorrak (1410 eta 6510 habitatak) leheneratzeak mesede egingo dio, itsasgoran atseden hartzeko eta janaria lortzeko lekuak baitira.

     
  • Papourdina (Luscinia svecica - Hegazti Zuzentarauaren I. eranskina). Euskal Autonomia Erkidegoan migratzailea. Urdaibain urtero 50en bat alek atseden hartu eta jaten dute, eta horietako askok hainbat egun igarotzen dituzte bertan. Lezkadiak dituzte gogoko, baina horiek egun B. halimifoliaren inbasioagatik andeatuta daude.

     
  • Mokozabala (Platalea leucorodia - Hegazti Zuzentarauaren I. eranskina). Proiektuaren esparruan, espezie migratzailea. Espezie hau, proiektuaren esparruan, batik bat estaltze ondorengo migrazioan izaten da. Ihitza gaziak (1410) eta uztarako belardi ez emankorrak (6510) leheneratzeak espezie honi mesede egiten dio; izan ere, 11 urtean eginiko segimenduak erakutsi du itsasgoretan atseden leku direla.

     
  • Arranoi arrantzalea (Pandion haliaetus - Hegazti Zuzentarauaren I. eranskina). Proiektuaren esparruan espezie migratzailea, Urdaibain eta Txingudin ikus daiteke. Estuarioetan habitatak leheneratzeko, LIFE proiektu honetako ekimenek Urdaibairen hobetze orokorrari lagunduko diote eta, beraz, espezie hori kontserbatzeari ere bai. 

Proiektua hiru gunetan gauzatzen da, non Natura 2000 Sareko 7 eremu dauden:

Urdaibai

(ZEPA ES0000144LIC ES2130006LIC ES2130007 eta LIC ES2130008)

Urdaibaiko estuarioa Oka ibaiak urak Kantauri itsasoan isurtzen dituen lekuan dago. Euskal kostaldean hobekien gorde den estuarioa da eta ekosistemen aniztasun handia dauka. Euskal Autonomia Erkidegoko Biosfera Erreserba biosfera erreserba bakarra da, 1989an UNESCOk hala izendatu zuenetik, eta 1993tik Ramsar-eko hitzarmenaren Nazioarteko Intereseko Hezeguneen zerrendan dago.

Habitat aipagarrienak padurak dira, eta horiek gorpuzten dute babestutako gunea. Bi aldeetan, luzetara, kareharrizko mendikateak daude, Kantauri aldeko artadi zabalez estalita, hein handi batean. Behealdean, gehien aldatu den esparruan, baso-sailak daude eta atlantiar landazabalak osatzen duen mosaikoa, tradiziozko nekazari eta abeltzain jardunaren ondorio.

Jarduera esparru zehatzak barnealdeko estuarioan daude, mareak harrapatzen duen gunean eta padura altuan. Batik bat, iraganean antropizatuak izan diren guneak dira; hots, gizakiak eraldatutako esparruak dira, betegarri, azpiegiturengatik erdi-isolatutako gune eta kanal-artifizialen bazter gisakoak alegia, eta gaur egun Baccharis halimifolia espezie arrotz inbaditzaileak kolonizatuak daude. Antropizaziorik gabe, gune horietan ihitzak eta lezkadiak, eta paduraurreko belar komunitateak egongo lirateke (Eusko Jaurlaritza, 2007). Baccharis halimifoliaren ondorioz andeatutako padura guneak 288 hektarea ditu eta horietatik 88 espezie horrek erabat bereganatuta dauzka.

Txingudi

(ZEPA ES0000243 eta LIC ES2120018)

Txingudi Gipuzkoaren ipar-ekialdean dago, Irun eta Hendaia artean. Bidasoa ibaia itsasoratzen den tokian dago eta padura, landazabal eta landutako guneak, marea arteko lurzoruak (lohiak eta lokatzak) eta urpeko lurrek osatzen dute estuarioa. Estuarioa 2002tik dago Ramsar-eko hitzarmenaren Nazioarteko Intereseko Hezeguneen zerrendan.

Txingudi osatzen duten guneen artean, Bidasoako uharteak aipatu beharra daude, jatorrizko zingira-landaretza arrastoak gorde dituzte-eta, aurreko hamarkadetan soro landu izan baziren ere. Txingudiko padurako landaretza ondoen ordezkatzen duten guneak direla esaten da, eta isolatuta egoteagatik dira azpimarragarriak, ezaugarri horri esker, hain zuzen, Txingudi inguruko animalientzako gordeleku aparta eskaintzen baitute.

Hala ere, ekosistema horien kalitate potentziala, neurri batean, murriztuta dago Baccharis halimifolia espezie arrotzaren presentzia dela-eta. Itsasgoren eraginetik at dauden uharteen inguruak espezie horrek erabat bereganatu ditu, guztira 5 hektarea, eta Kantauriko haltzadiak eta lezkadiak, esaterako, ordezkatu egiten ditu. Txingudiko Baccharis halimifolia masa handiena bertan dagoenez, espezie arrotz hori hortik desagerraraztea eta jatorrizko landaretza berreskuratzea aurrerapen handia litzateke badia osotik espezie desagerrarazteko bidean, eta Txingudiko paduren lehengoratzeko ere garrantzi handiko urratsa izango litzateke.

Lea ibaia

(LIC ES2130010)

Lea ibaiak Kantauri itsasora isurtzen ditu bere urak eta 82 km2 ditu bere arroan. Ibilgu nagusiak erreka txiki askoren urak jasotzen ditu, Oiz mendian jaiotzen denetik Lekeition itsasoratzen den arte. Bere estuarioa, zabalegia ez izan arren, Euskal Autonomia Erkidego itsasadar guztien artean gutxien aldatu dena da eta, beraz, euskal errioen lagin adierazgarria. Euskal paduretako berezko landare batzuk ugaritasunean bizi dira bertan.

Lea ibaiaren arroari garrantzia ur-ipurtatsa (Mustela lutreola) bertan bizitzeak ematen dio, EAEn galzorian dauden espezien artean eta Habitaten Zuzentarauaren II. eranskinean sartua baitago. Uren kalitate onak eta arroa gutxi eraldatu izanak galzorian dagoen espezie hori bertan bizitzea errazten du. Gune horretan dauden beste espezie interesgarri batzuk izokin arrunta (Salmo salar) eta loina (Chondrostoma toxostoma) dira, biak ere Habitat Zuzentarauaren II. eranskinean daudenak.

Hegaztiei dagokionez, gunea txikia izanik zaila da hegazti fauna handia izatea, Hegaztien Zuzentarauaren eranskinetan agertzen diren espezie migratzaile ugari dagoen arren; esaterako, koartzatxo txikia (Egretta garzetta) eta lohietako bizidunak, hala nola, txirri arrunta (Calidris alpina) eta bernagorri arrunta (Tringa totanus).

Hala ere, Baccharis halimifolia landare inbaditzailearen kolonizazioa benetako mehatxua da, inguruetan berezkoak diren ihitza azpihalofiloen biziraupena arriskuan jartzen baitu. Aspalditik da jakina Baccharis halimifolia estuario txiki horretan dagoela baina azken urteotan asko zabaldu da, uhartetxo batzuk guztiz bereganatu dituelarik, eta, horiek orban garrantzitsuenei gehituta, guztira gutxi gorabehera 0,5 hektareako azalera hartzen dute, sakabanatuta daudenez gain. 

LIFE programa ingurumena eta natura kontserbatzeko proiektuak laguntzeko Europako Batzordearen finantza-tresna da. 1992tik, LIFEk 3.115 proiektu kofinantziatu ditu Europar Batasunean. Natura zaintzen, ingurumena hobetzen eta Estatu Kideen ingurumen tresna eta estrategiak garatzen lagundu du.

Gaur egun, 2007-2013 aldirako LIFE+ proiektua garapen prozesuan dago eta hor txertatzen da proiektu hau. Programa honek hiru osagai ditu: natura eta bioaniztasuna, ingurumen politika eta gobernantza, eta informazioa eta komunikazioa.

Programa zabal honen baitan, LIFE-Naturak garapen iraunkorra sustatzeko eta landare zein animalia espezieen eta habitatentzako kudeaketa-tresna egokiak ezartzeko diru-laguntzak ematen ditu. Bere jarduera esparrua Natura 2000 Sarea deiturikoa da.

Natura 2000 sarea Europar Batasuneko natura eta bioaniztasunari buruzko politikaren erdigunea da. Babestutako naturguneek osatutako sare zabala da, 1992ko Habitat Zuzentaraupean (91/43/EEE) ezarria. Sare horren xedea epe luzean Europan gehien mehatxatutako espezie eta habitaten biziraupena bermatzea da, horrela, bioaniztasunaren galera gutxituz.

Habitat Zuzentaraua aplikatuta Estatu Kideek izendatutako Batasunaren Garrantzizko Lekuak (BGL) hartzen ditu bere baitan eta horiei Hegaztien Zuzentaraua (79/409/EEE) aplikatuta izendatutako Babes Bereziko Eremuak (BBE) gehitzen zaizkie.

Euskal Autonomia Erkidegoan Natura 2000 Sarearen parte diren 58 leku daude, lur-eremuaren % 20, gutxi gorabehera. Euskal Autonomia Erkidegoko estuarioetako habitatak leheneratzeko LIFE proiektuko hiru esparruak Natura 2000 Sarea horren parte dira. 

Azken aldaketako data: