Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

LGTBI Dokumentazio-zentro birtuala
LGTBI MUGIMENTUDEN MEMORIA

 

Frankismoak, moral kristaua oinarri, beti jo zuen homosexualitatea gizartearentzako arriskutzat, eta esetsi eta erauzi beharrezkotzat. Horretarako, haren aurkako hainbat lege eta arau sortu zituen; hala nola:

  • Justizia Militarreko Kodea, 1945ekoa. Kodearen 352. artikuluak sei hilabete eta egun batetik sei urtera bitarteko kartzela-zigorrak eta zerbitzutik kentzea ezartzen zuen, «sexu bereko pertsonekin lizunkerietan ibilitako» edozein militarrentzat.
  • Alferren eta Gaizkileen Legea 1954an aldatu zen, 2. eta 6. artikuluetan homosexualak sartzeko, alferrekin eta proxenetekin batera. Gaizkileak bailiran tratatzen zituzten, eta homosexualak lan-esparruetan edo landa-kolonietan sartzeko aukera biltzen zuen, bertan baldintza oso penagarrietan lan egiteko. Hainbat kasutan, gorputz-zigorrak sufritzera eta gosea pasatzera iristen ziren. Gainera, zenbait tokitan bizitzea debeka ziezaieketen, eta behartuta zeuden beren bizitokia aitortzera, bai eta Ordezkarien zaintzapean egotera ere.
  • Arriskugarritasunaren eta gizarte-errehabilitazioaren Legea (AGEL), 1970ekoa. Goian aipatutakoaren ondorengoa da, eta homosexualak gizartearentzako izaki arriskutsutzat jotzen jarraitu zuen. Haien aurkako zaintza-neurriak onartu zituen eta berreziketa kontzeptua ekarri zuen, kartzela, elektroshockak edota lobotomiak aplikatzera iritsita, homosexualak «berroneratzeko eta, ondorioz, birgizarteratzeko» helburuz.

Egoera hori gorabehera, LGTBI mugimendu modernoa garatzen hasi zen espainiar estatuan, munduko beste hainbat herrialdetan bezalaxe, eta bultzada handia izan zuen 1969ko ekainaren 28ko Stonewalleko istiluen ondorioz (New York).

Estatuan, seguruenik ezaugarri horietako lehenengo elkartea izan zena agertu zen (1970-1971): Sexu Berdintasunerako Elkarte Homofiloa (AGHOIS). Elkartea modu klandestinoan aritzen zen, bi talderen bitartez, bata Bartzelonan eta bestea Madrilen. Haien helburua, Armand de Fluvià sortzaileetako baten arabera, «homosexualei kontzientzia harraraztea zen, beren eskubideak aldarrika zitzaten eta gizarteak horiek onartzea eta aitortzea lor zezaten». 1973 inguruan Homosexualen Askapenerako Espainiako Mugimendua (MELH) izena hartu zuen, eta 1975eko abenduan Kataluniako Gaien Askapenerako Frontea (FAGC) bilakatu zen.

Diktadorea hildakoan arindu egin zen homosexualekiko presioa eta, ondorioz, homosexual-giroko lokalak ireki ziren, liburuak eta aldizkariak argitaratzeari ekin zitzaion eta autonomia-erkidego askotan LGTBI mugimenduaren borroka osatuz joango ziren elkarteak (PDF, 228 KB) ugaritu ziren. Bilbon (1977) bi elkarte sortu ziren: Euskadiko Gay Gazteria (JGE), berehala desagertu zena, eta Euskal Herriko GayLes Askapenerako Mugimendua (EHGAM). Era berean, kideen artean lesbiana taldeak zeuzkaten emakume-elkarte feministak sortu ziren, bai eta beste hainbat gai aldarrikatzen zituzten plataformak ere.

Talde horiek, hasiera-hasieratik ikusi zuten modu koordinatuan eta bateratuan aritzeko beharra, beren aldarrikapenak planteatu ahal izateko. Urte horretako maiatzean sortu ziren Espainiar Estatuko Homosexualen Askapenerako Fronteen Koordinakundea (COFLHEE) eta Baztertuen Koordinakundea, EHGAM, JGE, AMV, Kontzientzia-eragozleak eta COPEL barne zituena.

  • Lehenengo aldarrikapenak Arriskugarritasunaren Legearen aurkako borrokan zentratu ziren, homosexualitatea despenalizatzea lortzeko xedearekin. Helburua 1979an lortu zuten, legearen hainbat artikulu desagertu zirenean, tartean «homosexualitate-ekintzei» zegozkienak. Aldi berean, baina, Eskandalu Publikoen Legea onartu zen, talde hori esesten jarraitu zuena. 1987an indargabetu zen, eta hurrengo urtean eskandalu publiko kontzeptua ezabatu zen Zigor Kodetik. Zigor Kode berria onartu arte itxaron behar izan zen, 1995. urtera arte, alegia, AGELa erabat indargabetzeko eta sexu-orientazioagatiko diskriminazioa delitutzat jotzeko. Elkarteek lan handia egin behar izan zuten lorpen hori erdiesteko, eta azkenik, COFLHEEak diskriminazioaren aurkako lege-proiektu bat aurkeztu ahal izan zuen Gizarte Gaietarako Ministerioaren aurrean (1994ko urria).
  • Cartel 1 (JPG, 347 KB)
  • Cartel 2 (JPG, 379 KB)

Lehen urte horietako beste helburu bat elkarteak legalizatzea izan zen, eta Kataluniako Gaien Askapenerako Frontea (FAGC) izan zen lehena hori lortzen, 1980an. EHGAMaren legalizazioak 1983ko otsaila arte itxaron behar izan zuen.

Emakume lesbianen elkartegintza 70-80ko hamarkadetan hasi zen, lesbiana talde txiki batzuen eskutik, elkarte feministetan (Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako Emakumeen Asanbladetan) nahiz gayen elkarteetan (oro har gizonezkoenak, EHGAMen moduan) integratu zirenak.

Gizonezkoen talde horiekiko bizikidetzak, elkarren arteko desberdintasun ideologikoek eta ikusgarritasun faltak bultzatuta, emakume lesbiana batzuek lesbianen elkarteak sortzeari ekin zioten, haien bitartez lesbianek gizartean zuten ikusgarritasuna areagotzeko eta beren aldarrikapenak planteatzeko asmoz. Emakumearen Sexual Askatasunerako Mugimendua (ESAM) sortu zen (1979).

Lesbianak 80ko hamarkadan hasi ziren talde feministetan parte hartzen; horien artean, nabarmentzekoak dira Donostiako Emakumeen Batzarra/Asamblea de Mujeres de Donostia (1980), Nafarroako Koordinakundeko Lesbiana Feministen Kolektiboa (1982) eta Bizkaiko (1983), Gipuzkoako (1985) eta Arabako (1987) Lesbiana Feministen Kolektiboak. Lesbianen aldarrikapenek feministen aldarrikapenen artean zeukaten ikusgarritasuna txikituz joan zen denbora pasa ahala, eta mugimendu feminista barruko talde autonomoak ziren beti hura sustatzen zutenak.

1988an Emakumearen Euskal Erakundea (Emakunde) sortu zen, otsailaren 5eko 2/1988 Legearen bitartez, berdintasun-politikak diseinatzeko eta sustatzeko. Hala ere, emakume lesbianei buruzko lehenengo erreferentzia ikusteko III. Ekintza Positiboko Plana egin arte (1999-2005) itxaron behar izan zen, aurreko planarekiko esku-hartze sail berri bat gehitu zuena: «Emakumeen Eskubideak, Giza Eskubideak».

Europako erakundeek aintzat hartu zituzten homosexualen eskubideak 80ko hamarkadaz geroztik, eta Europako Kontseiluak nahiz Europako Parlamentuak ebazpenak eman zituzten estatu kideek talde horien eskubideak aitor zitzaten eta haiekiko diskriminazioarekin amai zezaten. Nabarmentzekoa da Europako Kontseiluko Parlamentarien Batzarrak homosexualen eskubideen inguruan emandako ebazpena (1981eko urriaren 1ekoa), Eusko Legebiltzarrak bereganatu egin zuena, 1982ko maiatzaren 28an (PDF, 691 KB) legez besteko proposamen bat onartuta. Bertan, gainera, EHGAMen legalizazioa eskatu zen.

Europako Parlamentuak 1984an onartu zuen lesbianen eta gayen berdintasuna sustatzera bideratutako neurrien aldeko lehenengo ekimena, eta, 1988ko maiatzaren 7an, Europako Kontseiluak izatezko bizikideen arteko ezkontza-kontratuen eta -itunen eraginkortasuna aitortu zuen.

1994ko otsailaren 6an, Europako Parlamentuak orientazio homosexualeko pertsonek xedapen juridiko eta administratiboetan jasotzen zuten tratu desberdinari amaiera emateko eskatu zien estatu kideei. Eusko Legebiltzarrak bere egin zuen neurria, eta 1995eko ekainaren 23an (PDF, 9 MB) legez besteko proposamen bat onartu zuen.

Amsterdamgo Itunak (1997), Europar Batasuna eratzeko hainbat tratatu aldatu zituenak, espresuki jaso zuen sexu-orientazioa diskriminazio-arrazoi gisa, eta ahalmena eman zion Kontseiluari diskriminazio mota horren aurkako borrokarako neurri egokiak hartzeko.

Horren ondoren, zenbait gomendio eman ziren homosexualekiko diskriminazioaren aurkako borrokarako, hala nola Europako Kontseiluko Parlamentarien Batzarrarena (2000ko irailaren 26an), edo 2010eko CM/Rec (2010)5 Gomendioa, Ministroen Batzordeak estatu kideei egindakoa sexu-orientazioagatiko edo genero-nortasunagatiko diskriminazioari aurre egiteko neurrien inguruan.

Manifestazioak, sinadura-bilketak eta hitzaldiak erabili ziren, besteen artean, helburu horietara iristeko, eta era berean, aldizkarietara jo zen eztabaida ideologikoa, gogoeta pertsonalak eta hainbat taldek hartutako jarrera hedatzeko. Euskadin nabarmentzekoak dira EHGAMen Gay Hotsa aldizkaria, 1977 eta 1998 bitartean argitaratu zena, eta Sorginak, Euskadiko Lesbiana Feministen Kolektiboak 1986tik 1994ra argitaratu zuena eta, ondoren, Bizkaiko Lesbiana Feministen Kolektiboak 1998 eta 2000 bitartean bere gain hartu zuena.

Homosexualitatea despenalizatzeko eta elkarteak legalizatzeko ekintza aldarrikatzaileekin batera, lesbianen eta gayen mugimenduak antolamendu-batzar ugari egin zituen, bai banakakoak, barne-egituraketa eta helburuak definitzeko, bai Euskadiko eta/edo estatuko beste elkarteekin batera bilduta, ekintza-lerroak, elkarrekiko jokaerak eta abar ezartzeko.

Garrantzi handikoak dira taldeek Gay Harrotasunaren Nazioarteko Eguneko ospakizunaren inguruan (ekainak 28) gauzatutako ekintzak, gizartearen aurrean ikusgarri egiteko eta lesbianen, gayen, bisexualen, transen eta intersexualen berdintasuna aldarrikatzeko balio izan baitzuten. Hitzaldiak, bideo-emanaldiak eta abar antolatu ziren, ekitaldi nagusia egun horretako manifestazioa izanik. Diseinatutako karteletako goiburuen bitartez mugimenduaren garai bakoitzeko aldarrikapen nagusiak ikus daitezke, baita haren lorpenak ere, arrakastatsuak ala ez, legegintzan nahiz gizartearen pentsamoldean.

Taldeak bakarka zein batera aritzen ziren, interesen eta partekatutako helburuen arabera, eta horiek gauzatzeko moduak kontuan hartuta, eta kasu batzuetan koordinakundeak sortu ziren hainbat talde bildu eta elkarrekin ekintzak aurrera eramateko. Esaterako, Bizkaian (1999) E-28 Koordinakundea osatu zen, Aldarte, Bizigay, EHGAM, Euskalhartzak, Hegoak eta Mass-Medeak barne hartu zituena, elkarrekin Bilboko Harrotasunaren manifestazioa antolatzeko.

Ekainaren 28ko aldarrikapen-ekintzez gain, mugimenduaren historian hainbat aisialdi- eta jai-jarduera garatu dira gizartea sentsibilizatzeko eta hainbat kolektiboren borrokari omenaldia eta aitorpena egiteko. Beste zenbaitetan, pertsona homosexualentzako harreman-lekuak antolatu izan dira, hala nola jaiak, afariak, bideoforumak eta kirol-jarduerak.

Homosexualei, militanteak izan ala ez, eta, oro har, gizarteari zuzendutako heziketa-jardunaldiak izan ziren elkarteek erabilitako baliabideetako bat, jendea problematikari buruz sentsibilizatzeko, beren egoera normalizatzeko eta herritarrengan pentsamolde-aldaketa bat abiarazteko.

80ko hamarkadaren erdialdean, HIESaren pandemiaren oldarraren ondoren, gaixotasuna kutsatzea saihesteko prebentzioa LGTBI mugimenduaren borrokaren helburu nagusien artean kokatu zen. Mugimenduak HIESaren aurkako batzordeekin batera egin zuen lan, gaixotasuna homosexualitatearekin identifikatu ez zedin.

1988tik aurrera abenduaren lehena HIESaren Aurkako Ekintzaren Nazioarteko Egun bilakatu zen. Egun horretan, elkarteek prebentzio-kanpainak egiten dituzte eta liburuxkak eta bestelako materialak banatzen dituzte, sexu-harreman seguruei buruzko informazioarekin.

90eko hamarkadaz geroztik, Administrazioak elkarte horien lana aitortu zuen, bai eta herritar homosexualen artean prebentziozko baterako ekintzak gauzatzearen baliagarritasuna ere. Emaitza onak ikusita, elkarlana zabaldu egin zen, GIB-HIESaren prebentziorako plan instituzionaletan parte hartzearen bitartez. Era berean, elkarteetako batzuk elkarlanean hasi ziren gaixotasuna antzemateko test lasterrak egiten ziharduten zentroen sarearekin.

Hamarkada horretan mugimenduarekin bat egin zuten eta beren ekintza-ikuspegi desberdinen bidez aberastu zuten hainbat elkarte sortu ziren. Estatuan, Gay eta Lesbianen Estatu Federazioa osatu zen (1992), geroago Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Estatu Federazioa izango zena (FELGTB). Euskadin eta Nafarroan ere elkarte berriak sortu ziren, esaterako Lumatza (1990), AGERIAN eta Arabako Lesbianen Asanblada (ALA) (1993), Aldarte, Gay, lesbiana eta transexualentzako arreta-zentroa eta GAYTASUNA - Arabako Gayen Asanblada (1994), GEHITU (1997) bai eta Hegoak Alkartea, Lesbitoria Gaysteiz Taldea (1999) eta Kattalingorri ere.

Garai honetan, LGTBIen borroka eskubide-berdintasuna aldarrikatzeaz arduratuko da batik bat, baita sexu-orientazioagatiko bazterkeria ezabatzeaz ere, alor guztietan (familian, gizartean eta lanean).

Familiaren eta gizartearen alorretan bikote homosexualen erabateko eskubide-berdintasuna aldarrikatuko da, bai ezkotzeko, bai adoptatzeko, eta Elizaren homofobiaren aurkako kanpainak egingo dira. COFLHEEak sustatutako apostasia-kanpainak oihartzun handia izango du estatu mailan, eta bereziki Euskadin eta Nafarroan.

Alderdi politikoekiko harremanak hasiko dira, eta haietako batzuk gero eta irekiago bilakatzen joango dira LGTBI kolektiboaren aldarrikapenekiko. Mugarritzat jotzen da izatezko bikoteen lehenengo erregistroaren sorrera (1994, Gasteiz), bikote homosexualak barne hartu baitzituen, eta, horrela, posible baitzen harreman afektibo bat zegoela egiaztatzea. Udal erregistro horiek ugarituz joango dira Euskadin, izatezko bikoteak arautu zituen autonomia-mailako maiatzaren 7ko 2/2003 Legea aldarrikatu zen arte. 2005ean ezkontza- eta adopzio- eskubidea lortu zen espainiar estatuko herritar guztientzat (uztailaren 1eko 12/2005 Legea).

Maiatzaren Lehenean agerian geratu ziren lan-alorreko aldarrikapenak hitzarmenetan bikote heterosexualek zituzten eskubide berberak jasotzean zentratu ziren, bai eta sexu-hautuagatiko diskriminazioa saihestean ere. Horretarako, bilerak egin ziren sindikatuekin eta alderdi politikoekin.

Diskurtso antimilitaristak ere izango du bere lekua LGTBI mugimenduaren barruan. Zenbait elkartek, EHGAMek esaterako, kanpainak gauzatu zituen ideia honen inguruan: «armadek eta beren uniformeek ez dute berdintasun-balorerik adierazten, aitzitik diskriminazioa bultzatzen dute beren rol matxistekin».

Homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurkako borroka euskal LGTBI mugimenduaren beste ekintza-gune garrantzitsu bat da. Jesús Gaztañaga erail zuten Pauen eta Francisco Vadillo «Francis» Oreretan, biak 1979an, eta Sonia izeneko trabesti bat Bartzelonan, 1991n. Horrez gain, diskoteketan eta tabernetan erasoak gertatu ziren, tratu iraingarriak instituzio ofizialetan, jipoiak kalean eta abar. Homosexualitatearekin eta/edo transexualitatearekin lotutako gorroto-ekintza horiek guztiek kolektiboak mugiarazi zituzten gertakariok gaitzesteko. Instituzio publikoei eta justiziari erasotzaileak zigortzea exijituko zaie, bai eta legegintzan, hezkuntzan eta abar neurriak hartzea ere, gertaera mota horiek erauzte aldera. 1995ean zigor-kode berriak homofobia zigortzea lortu zuen.

Aldi berean, LGTBI mugimenduak kolektiboa ikusgarri egiteko kanpainak gauzatuko ditu, gizartea sentsibilizatzeko helburuarekin. 2005etik aurrera, hori guztia maiatzaren 17aren inguruan antolatu izan da, Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko Egunean.

Manifestazioa, «Contra la homofobia en todas sus manifestaciones, manifiéstate», estatuko lesbiana, transexual eta gay talde guztiek deitutakoa. Madril, 1997.

«2000. urtean zeharreko homofobia, tolerantziarik eza, diskriminazioa, errepresioa, gezurrak, berdintasunik eza, eskubideen ukazioa, aurreiritziak, itxurakeria, gorrotoa, erasoak... Iritsi da ordua! Askatasuna, 1997.

Aurkezpena. Maiatzak 17. Homofobiaren, Lesbofobiaren eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna, Aldarte, 2012 (PDF, 2 MB)

Zenbait erakusketa: «Transfobia, Lesbofobia, Homofobiaren Aurpegiak» (EHGAM, 2008), «Homosexualak historian» (Gehitu, 2008), «Homofobia iraganeko kontua da. Sexu-eskubideak = Giza eskubideak», (Aldarte, 2013).

2005eko urtarrilaren 13an, lau militarrek EHGAM-Gipuzkoako kide Mikel Martín gay aktibista ezaguna eraso zuten Donostian, eta 137 egun eman behar izan zituen ondorioz ospitalean. Epaiketa egin ondoren, epaiak (2011ko urtarrila) haietako biri kartzela-zigorra ezarri zien lesio-delitu baten egile izatea leporatuta, eta isuna ere ezarri zien agintariei desobeditzeagatik. Erasoan parte hartu zuten beste bi militarrei isuna ezarri zitzaien delituak saihesteko eginbeharra ez betetzeagatik. Mota horretako delituen kasuan gertatzen den moduan, epai judizialek, kondenatzaileak izan arren, oro har ez dute gorrotoaren astungarria onartzen. Hala gertatu zen kasu horretan, epaileak ez baitzuen homofobiaren astungarria onartu. Zintzilik Irratian epaiketaren epaiaren balorazioari buruz Mikel Martíni egindako elkarrizketa, 2011/01/23

Epaia eta sostenguak:

2000ko hamarkadan, elkarteak saldoka sortu ziren Euskadin. Medeak (Gipuzkoa, 2000); Gaztelesgay Bizkaia (2002), geroago Queer Ekintza (2005) izan zena; Bizigay Sexu Askapenerako Alkartasuna (2003); 7menos20; Lesbianen Kolektiboa Mass Medeak-MDM (2009); AMPGYL-Euskadi Gayen, Lesbianen, Bisexualen eta Transexualen Gurasoen Elkartea (2010), nahiz Guztiok Sexu aniztasuna eta askatasunaren aldeko elkartea (2012). Gainera, nabarmentzekoa da Pikara Magazine aldizkari digital feministaren aurkezpena, Bilbon, 2010eko azaroaren 20an. Egitasmo sendo eta ausarta da, aldizkariaren edukien bitartez, aniztasun sexuala sustatzeko eta LGTBIfobia salatzeko.

Trans pertsonek mugimenduaren hasiera-hasieratik hartu zuten parte elkarteen aldarrikapenetan, nahiz eta neurri txiki batean izan, baina 2000ko hamarkada arte ez zen transexualen elkarterik sortu Euskadin. 2002an Transexualidad Euskadi sortu zen, eta 2007an Errespetuz, Pertsona Transexualen Defentsarako eta Integraziorako Euskal Elkartea.

Kolektibo hori bere eskubideen aldeko kanpainak antolatzen hasi zen. LGTBI mugimenduak etengabe erreklamatu zuen genero-unitate bat sortzea eta genero-nortasunaren lege bat promulgatzea. Botere publikoekin elkarlanean aritzeak ahalbidetu zuen Gurutzetako Ospitalean genero-unitate bat sortzea (2009) eta ekainaren 28ko 14/2012 Legea promulgatzea, transexualak genero-nortasunagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa.Gizarteratze hobea emateko eta sufrimendu- edo bazterketa-egoerak saihesteko, Eusko Jaurlaritzak abenduaren 22ko 234/2015 Dekretua onetsi du, sexua berrezartzeko prozesuak irauten duen artean dokumentazio administratiboa izan dezaten. Hutsen zuzenketa, honako Dekretu honena: «234/2015 Dekretua, abenduaren 22koa, transexualen dokumentazio administratiboari buruzkoa.

Era berean, nabarmentzekoak dira trans nortasunak despatologizatzearen aldeko kanpainak, elkarteek banaka zein beste erakunde batzuekin batera egindakoak. Azpimarratzekoa da 2007ko azaroan Bartzelonan eginiko bilera, bertaratutako taldeek onartu baitzuten Miquel Missék Guerrilla Travolaka eta STOP Transpatologización 2012 elkarteen izenean egindako eskaera, guztien ahaleginak batzea bideratu zuena trans patologizazioa psikiatria-eskuliburuetatik ezabatzeko.

Aldi berean, instituzioek gero eta inplikazio handiagoa dute LGTBI kolektiboaren alde. 2000. urtean, Europar Batasunaren araudiak eta gomendioak jarraituz, Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onartu zuen, «gay eta lesbianentzako eta beren senide eta adiskideentzako informazio-, arreta- eta aholkularitza-zerbitzu bat» sustatzeko, «aldundiekin eta Euskadiko udal nagusiekin elkarlanean».

Agindu horri erantzunez, 2002an Eusko Jaurlaritzak Berdindu sortu zuen, sexu- eta genero-aniztasunerako informazio- eta arreta-zerbitzua, lesbianei, gayei, transei eta bisexualei eta beren inguruari zuzendua. Zerbitzu horrek informazioa eta arreta ematen die hezkuntza-komunitateari, gizarte-eragileei eta profesionalei, komunikabideei eta, oro har, herritarrei, homofobia desagerraraztea xede izanik. Egun, Berdinduk Aldarte, Errespetuz, Gehitu eta Guztiok elkarteen bitartez ematen du laguntza.

Foru Aldundiek eta hainbat udalek elkartasuna adierazi diote LGTBI mugimenduari, hainbat aldarrikapen-kanpainarekin bat eginez. Adibidez, Bilboko Udalbatzak bere elkartasuna adierazi dio E-28 Koordinakundeari 2005etik, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2008tik. Oraintsuago, ekintza globaleko planak ezarri dira, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundiaren «Giza Eskubideak, Oroimenaren berreskurapena eta Bizikidetza Plana 2012-2015», Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Foru Plana 2012-2020 egitasmoaren barruan. Bertan lantzen da diskriminazioaren eta sexu-orientazioan eta/edo genero-nortasunean oinarritutako gorroto-delituen prebentzioa.

Gaur egun, kolektiboaren aldeko jarduerak eta aldarrikapenak egiten jarraitzen dugu; esate baterako, 2015eko maiatzaren 17ko ospakizuna dela eta Gehituk egin duena aipa daiteke. Egun hartan manifestua eman zitzaien alderdi politiko guztiei, Euskadin gizarte berdintasunerako eta LGTBI kolektiboa baztertzearen aurkako Legea egiteko eskatze aldera.

Halaber, nabarmentzekoa da ACASGIk, EHGAMek, Gehituk eta Harribeltzak, Donostiako Udalarekin batera, GIBari aurre egiteko Estatuko ituna sustatu dutela. HIESaren aurkako 2015eko Munduko Egunaren karietara egin zen, adostasun politiko zabala lortzeko GIB-HIESari erantzuteko neurrien inguruan, hala prebentzio-alderdiei nola alderdi kliniko eta sozialei dagokienez.

Azken aldaketako data: