Kulturaren Euskal Behatokiaren jarduera-planak
2024ko Jarduera Plana
Jarduera-planak 2024. urterako aurreikusitako ikerketen katalogoa jasotzen du, bai ikuspegi kuantitatibotik, bai kualitatibotik.
Estatistikaren arloan, Euskal Herriko Partehartze kulturalari buruzko Inkestaren emaitzen zabalkundeak eta Kulturan eta sormen-sektoreetan egindako gastu publikoaren estatistikak baldintzatzen dute programa. Aldi berean, Arteen eta Industrien eta Sormen Industrien Estatistikaren edizio berriaren landa-lanari ekingo zaio.
Nabarmentzekoa da, halaber, beste erakunde batzuekin lankidetzan egindako azterlanen ildoa, hala nola Orkestrarekin eta EHUrekin.
Arlo kualitatiboan, proposamenak sektoreagenda, testuinguru sozioekonomiko orokorra eta kultura-politikak markatzen dituzten gaiei buruzko azterlan berriak jasotzen ditu.
Kulturkliken inguruko lanak eta komunikazioaren bidez Behatokiaren lana ezagutarazteko ahaleginak osatuko dute aurtengo programa. Behatokiaren helburua errealitatea eraldatzen laguntzea da, datuak eta ezagutza emanez.
2023ko jarduera-plana
Jarduera-planak 2023. urterako aurreikusitako ikerketen katalogoa jasotzen du, bai ikuspegi kuantitatibotik, bai kualitatibotik.
Estatistikaren eremuan, Behatokiaren bi eragiketa handiek baldintzatzen dute programa: arteei eta kultura- eta sormen-industriei buruzko estatistikak; aurten, Euskal Herriko parte-hartze kulturalari buruzko inkesta gehitu behar zaie horiei. Bost urtez behingo azterlan horrek lagunduko du pandemiaren ostean biztanleriak izan dituen ohiturak eta praktikak ezagutzen. Horiei gehitu behar zaizkie kultura-ohiturei eta enpresa-konfiantzaren adierazleei buruzko luzetarako bi panelak.
Nabarmentzekoa da, halaber, beste erakunde batzuekin (Eustat, Orkestra eta UPV/EHU) lankidetzan egindako azterlanen ildoa.
Eremu kualitatiboan, sektoreen agenda, testuinguru sozioekonomiko orokorra eta kultura-politikak markatzen dituzten gaiei buruzko azterlan berriak biltzen ditu proposamenak.
Kulturkliken inguruko lanak eta komunikazioaren bidez Behatokiaren lana ezagutarazteko ahaleginak osatuko dute aurtengorako programa. Behatokiaren helburua errealitatea eraldatzen laguntzea da, 2023an dauden gizarte-erronka handiei buruzko datuak eta ezagutza emanez.
2022ko Jarduera Plana
Jarduera planak 2022rako aurreikusten diren ikerlanen katalogoa barne hartzen du, hala ikuspegi kuantitatibotik nola kualitatibotik.
Estatistikaren alorrean, Behatokiaren bi eragiketa handiek baldintzatzen dute programa: helburu dutenak, batetik, kulturgintzako eta sormen-sektoreko gastu publikoa ezagutzea, eta bestetik, arteen eta kultura- eta sormen-industrien ehuna ezagutzea. Kultura-ohiturei eta enpresa-konfiantzaren adierazleei buruzko luzetarako bi panelak gehitu behar zaizkie haiei. Berritasunen eta hobekuntzen artean aipatu behar da adierazle berriak sartzea, besteak beste, generoa edo GJHak, Behatokiaren estatistika-multzoarekiko zeharkakoak direnak.
Nabarmentzekoa da, halaber, beste erakunde batzuekin lankidetzan egindako azterlanen ildoa, adibidez, Eustat, Orkestra eta EHU-UPVrekin, ezagutza-leiho berriak irekitzen baitizkio Behatokiari, bai aztertzen diren edukiengatik (lehiakortasuna, ikus-entzunezko kontsumoa, generoa), bai alderdien elkarrekiko ikaskuntza-prozesuagatik.
Alor kualitatiboan, proposamenak zazpi azterlan berri barne hartzen ditu, sektore-agenda, testuinguru sozioekonomiko orokorra eta kultura-politikak mugarritzen ari diren gaiei buruzkoak. Maila guztietan, lehentasun politikoen gai nagusiak ukitzen dituzte ikuspegi kultural batetik, hala nola jasangarritasuna edo eraldaketa digitala; Behatokiaren erronka berriak, esate baterako, ondare garaikidearen azterketa edo kulturaren eta osasunaren arteko lotura; edo lanbiderako beti puri-purian dauden gaiak, demagun, lan-baldintzak.
Kulturkliken inguruko langintzak eta komunikazioaren bidez Behatokiaren lana ezagutarazteko ahaleginak osatuko dute aurtengo programa. Behatokiaren helburua errealitatea eraldatzen laguntzea da, 2022an aurrez aurre ditugun gizarte-erronka handiei buruzko datuak eta ezagutza eskainiz.
2022ko jarduera plana [pdf, 252kB]
2021eko Jarduera Plana
Kulturaren Euskal Behatokia euskal kulturaren errealitateari buruzko informazio- eta ikerketa-zentroa da. Behatokiaren egitekoa zera da, informazio baliagarria lortzea eta ezagutza sortzea, EAEko kultura-sektoreei eta kultura-arloko politikak garatzeko arduradunei orientabidea emateko.
Misio hori bi lan-ildoren bidez gauzatzen da: arlo estatistikoa eta ikerketa kualitatiboak. Estatistikaren arloan bi erronka izan dira: alde batetik, informazio erabilgarria eta kalitatezkoa sortzea, estatistikak sustatzen dituen ohiko hainbat eragiketa-sail finkatuz eta zabalduz; eta bestetik, emaitzak komunikatzea, emaitza horien interpretazioa erraztuko duten hedapenproduktuen bidez. Bestalde, euskal kultura-sektorea egituratzeko helburua duten azterlan kualitatiboek hainbat gai landu dituzte, besteak beste, kultura-politikak, nazioarteko agenda eta kultura-arloko ikerketa-joerak, eta horrez gain, sektoreen eskaerak biltzeko leiho bat irekita utzi dute beti. Horixe izan da Behatokiaren ibilbidea, eta etorkizunean ere, informazioa eta ezagutza sortzeko eta baliozkotzeko lanari eutsiko dio, hori baita Behatokiaren izateko arrazoia.
Baina 2020ko martxoan Covid-19a bat-batean agertu izanak eta horrek kulturaren sektorean izan duen eraginak beste erronka handi bat ekarri dio ikerkuntzan diharduen edozein erakunderi. Egoera ezezagun honen aurrean, ezinbestekoa izan da datu eta tresna bizkorrak izatea, benetako eraginaren berri eman ahal izateko. Behatokiaren erreakzioa azkarra izan zen eta krisiaren Behatokia jarri zuen martxan. Horri esker, hainbat errealitate ari dira azaleratzen, zeinak, existitzen zirela jakin arren, ez baitzuten presentziarik izaten estatistiketan. Horrek aukera eman du Behatokiaren ohiko eragiketak egokitzeko, eragiketa horien irismena handituz edo datozen urteetan pandemiaren eraginari eta bilakaerari buruzko datuak biltzeko galdera berriak sartuz. Estatistika-eragiketa horiek pandemiaren aurreko egoerari buruz ematen duten informazioari esker, konparaziozko erreferentzia-puntuak izan daitezke, eta horren bidez, pandemiak sektorean izan duen eragina neurtu. Horrez gain, pandemiak izan duen eraginaren bilakaera islatzen duten adierazle berriak gehitzen badira, estatistikaeragiketa horien balioa indartuko da, Euskadiko errealitate kulturalaren jarraipena egiteko ezinbesteko tresna gisa. Alde horretatik, Arte eta Kulturaindustria, Sormen-industria eta Gastu publikoari buruzko estatistikek, zein luzetarako panelek ere, adierazle berriak sartu ahal izango dituzte —beren funtsa galdu gabe—, espektro zabaleko esparru komun antolatu batean, krisiaren jarraipena egin eta berreskurapena lortze aldera.
Bestalde, 2021ean, azterlan kualitatiboen lerroak tokia egin beharko die, baita ere, beste hainbat ikerketari, sektorearen jarduera suspertzen laguntzeko behar diren politikak bideratuko badituzte. Horrela, sektoreko eskaerak bideratzeko ireki den bidea ezinbesteko informazio-iturria izango da azterlan berriak egiteko. Horrez gain, kontuan izan behar da errealitate berri honen bidez bi kontu bizkortu direla, alegia: eraldaketa digitala eta bere erronkak, eta jasangarritasuna. Gai horiek politika orokorren lehentasunen artean kokatu dira, eta berariazko irakurketa egin behar zaie kulturaren ikuspegitik. Azkenik, generoaren bidezko zeharkako ikuspegia indartu behar da, garrantzitsua baita.
2021 trantsizio- eta itxaropen-urtea da. Urte gogorra izango da, egoera metatu egin baita, eta pandemiaren eraginak luzatu baitira. Hala ere, urte honetan, hobekuntzarako itxaropena hauteman daiteke, pandemia munduan uzten ari den eta datozen urteetan iraungo duen haustura sozial, kultural eta ekonomikoaren ondoren.
2021eko jarduera plana [pdf, 580 kB]
2020ko Jarduera Plana
Kulturaren Euskal Behatokiak urte berezi honetako jarduera plana aurkeztu du.
Hasierako aurrekontuetan oinarrituta, 2020rako aurreikuspen bat egin zen; hala ere, aurreikuspen hori erabat baldintzatuta geratu da COVID-19aren ondoriozko gertaerengatik. EAEko kultura arloaren egoera ezagutzeko eta ulertzeko tresna izaki, Behatokia bat-batean etorritako egoerara egokitu da, ezinbestean. Hortaz, alde batetik, neurketak eta proposamenak egiteko tresna espezifikoak ezarri ditu, eta bestetik, gainerako azterlanak egungo egoeraren arabera aztertuko ditu
Ohiko azterlan bai kuantitatiboez bai kualitatiboez gain, COVID-19a bat-batean iritsi izanaren ondorioz, martxan jarri da Krisialdiaren Behatokia, alegia, pandemiak kultura-sektoreetan izan duen inpaktuaren jarraipena eta azterketa egiteko tresna. Etengabeko aholkularitza emateaz gain, behar diren beste azterlan egingo dira, pandemiaren eta horren inguruabarren eboluzioaren arabera.
Horregatik guztiagatik, aurtengo programa hiru mailatan egituratuko da: azterlan kuantitatiboak, azterlan kualitatiboak eta Krisialdiaren Behatokia.
2020ko jarduera plana [pdf, 671 kB]
2019ko Jarduera Plana
Kulturaren Euskal Behatokiaren zeregina euskal testuinguru kulturala ezagutzea, ulertzea eta azaltzea da. Horrek etengabe lan egin beharra eskatzen du: informazioa sortzea, analisiak egitea, interpretatzea eta hausnartzea, politika kulturaletan eragiten duten gaien inguruan. 2019ko lan-programa aurkezten da. Programa egiteko, Behatokiak berak egindako hasierako proposamena kontrastatu da Jarraipen Batzordean.
Estatistikaren arloan izan diren berritasun nagusiak Euskal Herriko Kultura Ohituren eta Praktiken 2018ko Inkestatik eta Arteei, Kultura Industriei eta Sormen Industriei buruzko 2017ko Estatistikatik datoz. Eragiketa bien emaitzak zabalduko dira.
Azterlan kualitatiboen ikuspegitik, kulturari eragiten dioten eztabaidetan agertzen diren gaiak sartzen dira. Adibidez, EAEko irakaskuntza artistikoen egoeraren eta eskubide kulturalen inguruan ikertuko da. Gainera, programa irekita dago Behatokira iristen diren proposamen sektorialetara.
Urte honetan nabarmentzekoa da, halaber, egindako komunikazio-plana, euskal sektore kulturalean sortzen den ezagutza hobeto transferitzeko.
Nahi genuke aurrerantzean ere ezagutza zabaltzea, ingurune kultural heldu bat sendotzen laguntzeko.
2019ko jarduera plana [pdf, 500 kB]
2018ko Jarduera Plana
Kulturaren Euskal Behatokia euskal kultura-sektoreari buruzko azterketak eta prospekzioak egiteko tresna-hornitzaile nagusia da. Informazioa sortzeko, datuak aztertzeko, interpretatzeko eta kultura-politiketan eragina duten gaien inguruan gogoeta egiteko lan jarraitua eskatzen du horrek.
Urtez urte egiten den ohiko lanari gehitzen zaizkion berri garrantzitsuak dakartza 2018ko programak. Arlo estatistikoan nabarmentzekoak dira Euskal Herriko kultura-ohitura eta -praktikei buruzko inkesta, eta Kultura eta Sorkuntza Industrien sektoretara irekitzeko asmoa. Erronkak dira biak ere, beren handitasun eta konplexutasunagatik zentzu metodologikoan, eta abiarazteko beharrezko diren kontraste- eta adostasun-prozesuengatik.
Azterlan kualitatiboen ikuspegitik begiratuta, kultura eraginpean hartzen duten eztabaidetako gaiak hartzen ditu barnean. Horrela, hiru ikuspegiren inguruan eratzen da programa: kulturan eragina duten joera globalen gaineko begirada bat; sektoreko berezko gaiak; eta kulturaren errealitatea EAEn. Gainera, Behatokira iristen diren proposamen sektorialetara irekita dago programa.
2018ko lan-programa aurkeztuko dugu. Programa lantzeko, 2017ko azaroan egindako Jarraipen Batzordean kontrastatua izan da Behatokiak berak landutako hasierako proposamena.
2018ko jarduera plana [pdf, 1 MB]
2017ko Jarduera Plana
Behatokiak 2017. urtean gauzatuko dituen azterlan kuantitatibo zein kualitatiboak aurkezten ditu Jarduera plan honek. Urtean zehar egingo diren eta herritarrek webgunean eskura izango dituzten ikerketen edukiaren laburpena da.
Estatistikaren ikuspegitik, bi helburu planteatu ditu Behatokiak: ahalik eta kalitate handieneko informazioa eskaintzea eta emaitzak interpretatzen laguntzea. Hasieratik bertatik gardentasuna izan da Behatokiaren lanaren ezaugarri. Denboran zehar osatutako jakintzak aukera ematen du emaitza-txostenez gain, berauek hedatzeko dokumentu sintetikoak sortzeko, adierazleetan oinarrituta. Horrela, azterketari eskainitako barne-lana hainbat modutan iritsarazten zaie herritarrei.
Azterlan kualitatiboek gogoetan jartzen dute arreta. Funtsezko elementua da gogoeta, eta hainbat kontu eskatzen du: burua jasotzea, teorizatzea, orientabideak proposatzea, Ikerketa sakonik ez duten gaiak lantzea… Horren ondorioz, kultura politikarekin, etikarekin, ekonomiarekin, soziologiarekin eta abarrekin hizketan jartzen duten gaiei heltzen zaie. Estatistikak behar duen azterketa xehearen osagarri dira.
Behatokiari planteatzen zaion erronka oreka lortzea da, bai azterlanei dagokienez, bai baliatu behar duen testuinguruari dagokionez, eta irekieraren, distantziaren eta konpromisoaren arteko oreka izan, dela edukien, metodologien, sektoreen nahiz, oro har, kulturaren ekosistema osatzen duten agente guztien ingurukoa.
2017ko jarduera plana [pdf, 130 kB]
2016ko Jarduera Plana
2016rako programa, berrikuntza aipagarriak dakartzana, aurkeztu du Kulturaren Euskal Behatokiak. Serie estatistikoei jarraitutasuna emateko ezinbestean egin behar den lan erregularra egiteaz gain, kanporako irekiera sendotu nahi du Behatokiak, hartara kultura alorreko informazioa eta jakintza sortzen duten erakundeen artean duen aintzatespena finkatzeko. Horixe du datorren urteko jarduera-programak bereizgarri nagusia.
Hiru ikerketa-lerrok elikatzen dute azterlanen eta ikerketen katalogoa: Behatokiaren beraren estatistikek, alde batetik (lan kuantitatibo gehienak baldintzatzen baitituzte eta dagoeneko sendotua den lan erregularrari eusten baitiote), azterlan kualitatiboek, bestetik, eta, azkenik, komunikazio- eta gogoeta-elementuek (proposatzen diren azterlanetatik abiatuta eskain litezkeen produktu berrien ingurukoek zein Behatokiak egiten duen lana alderatzeko eta hari buruzko gogoeta egiteko espazioen ingurukoek).
2016. urterako asmoa erreferentzialtasun handiagoa lortzea da. Horretarako, lankidetza berrietara, gogoeta-esparru berrietara eta aztertzeko gai berrietara ireki beharra dago. Ildo horretan, Behatokiaren eredu eta estatistika-esparruaren inguruan egindako barne-gogoetaren eta hainbat bidetatik jasotako eskarien ondorioz, lan-programa bat landu da, gaiei dagokienez askotarikoa eta sektorearekiko eta beste agente batzuekiko konplizitateen bilaketari dagokionez suspergarria. Ondoren, programa horren eduki nagusiak aurkeztuko ditugu.
2016ko jarduera plana [pdf, 120 kB]
2014 eta 2015eko Jarduera Plana
Behatokiak ibilbide luzeko baliabideak dira, denbora iragan ahala aztertutako errealitateari buruzko jakintza metatzen dutenak. Horrela, Kulturaren Euskal Behatokiaren funtsezko balioetako bat 2006az geroztik egindako lana da, euskal kulturaren errealitateari buruzko hausnarketa eta edukiak bilduz, sistematizatuz eta sortuz. Ibilbide horretan, hasierako urratsak proiektuaren inguruan hausnartzea eta gero proiektua diseinatzea eta aurkeztea izan ziren, eta hortik, bigarren fasera igaro zen, Behatokiaren zutabe estatistikoa finkatzeko fasera, hain zuzen ere; azkenik, izaera estrategikoko azterlanetara dibertsifikatzeko beste fase batera pasa zen. Egindako lanari esker, KEBk eduki ugari eta askotarikoa eskain dezake.
Azken urteotan, informazio-sistema bat finkatu da, eta sistema hori are gehiago haziko da, informazioaren dimentsioari dagokionez nahiz azterketak behatutako errealitateen ñabarduretara eta berezitasunetara hurbiltzeko gaitasunari gagozkiola. Gainera, ikerketa kualitatiboen ildoaren bitartez, kultura-politikei buruzko egungo eztabaidetako gai erabakigarriei heldu zaie. Egia esan, esperientzia bera baliotzat har dezakegu, errealitatea ezagutzeko balio digulako, baina horrez gainera, etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko ere baliagarria delako, lanaren antolamenduari eta helburuei dagokienez.
Gaur egun, KEBk bi norabidetan kokatzen du bere arreta: batetik, estatistika-lan erregularraren eta ikerketa kualitatiboen kudeaketarekin jarraitzea, Behatokiaren informazio- eta jakintza-sistemaren ardatzak baitira; eta bestetik, behatokiak eskariei erantzuteko duen gaitasuna nahiz irekitzeko eta harremanak ezartzeko ahalmena indartzen ari diren lankidetza-tresna eta lankidetza-esparru berriak diseinatzea eta abiaraztea.
Horrela, behatokiak erronka horiek ezartzen dizkio bere buruari, errealitatea aldatzeko lehen urratsa errealitatea sakontasunez ezagutzea dela irizten baitio. Ondoren, 2014-2015eko lanaren alderdirik nabarmengarrienak deskribatuko ditugu.
2014-15eko jarduera plana [pdf, 330 kB]
2013ko Jarduera Plana
Kulturaren Euskal Behatokiak (OVC-KEB) sortu zeneko zazpigarren urteari ekin dio 2013an, eta, tarte horretan, proiektuari buruz hausnartu, hura diseinatu eta aurkezteko hastapeneko urratsetatik bigarren fase batera igaro da, non bere oinarri estatistikoa finkatu duen eta, ondoren, bere jarduna dibertsifikatu duen azterlan estrategikoak landuz. Urte hauetako lanari esker, KEBek eduki ugaria eta askotarikoa du sektoreari eskaintzeko.
Aurten, azterlan kualitatiboen katalogoa zabalduko du, gaurkotasuneko gaiekin batera –kulturari ezarritako BEZa, diseinuaren sektorea EAEn edota nazioartekotzea– sektore indartsu eta trinkoago bati eustea ahalbidetuko duen auzi estrukturalagoak landuz.
Esparru estatistikoan, Arteei eta Kultura Industriei nahiz Finantzaketari eta Gastu Publikoari buruzko urte birik behingo estatistika-eragiketen erritmoarekin jarraitzeaz gain (biek ere hirugarren edizioa dute), helburu gisa ezarri da EAEko kulturaren sektorearen unean uneko egoerari buruzko informazioa eskainiko duten gailuak gehitzea. Horrenbestez, oinarrizko estatistikaren erritmo geldoa eta garai hauetan beharrezkoa den erantzuteko arintasuna eta azkartasuna uztartu nahi dira.
Komunikazio-politikari dagokionez, KEBek ohiko bideak mantentzen ditu: webgunea bere lanaren edukiontzi nagusi gisa, bildumetako argitalpenak eta Kulturkaria hilabetekaria.
2013an, begiraden, ikuspegien, analisirako gaien eta planteamendu metodologikoen uztardurak azterlan berrien saldo bat ekarriko du emaitza gisa, eta KEBek espero du gure herriarentzat –egungo egoera gorabehera– funtsezkoa den sektore batentzat elikagai aberatsa izan daitezen.
2013ko jarduera plana [pdf, 1,7 MB]
2012ko Jarduera Plana
Behatoki baten eginkizuna informazioa eta jakintza sortzean oinarritzen dela kontuan izanik, azpimarratu behar da elementu horiek, definizioz, aldaketako eta garapeneko faktoreak direla. 2012. urtean, Kulturaren Euskal Behatokiak bere informazio-oinarria zabaltzeko asmoa du euskal kulturaren errealitatea ikuspegi desberdinetatik ulertzen laguntzeko: arteak eta kultura-industriek bizi duten ikuspegitik eta gastu publikoak kulturan duen garrantziaren ikuspegitik. Horrela, bizi ditugun fenomenoak sakonean ulertzeko bilakaera-datuak izango ditugu.
2012ko jarduera plana [pdf, 330 kB]
2010eko Jarduera Plana
Behatokiaren eginkizuna ez dago kulturaren hainbat alderdiri buruzko informazioa biltzera mugatuta, horretaz gain, informazio erabilgarria lortzeko eta aztertzeko gaitasuna ere izan behar baitu, kultura-sektoreei eta kulturaren esparruko estrategia politikoak zehazteko ardura dutenei orientabideak emateko.
2010eko jarduera plana [pdf, 70 kB]
2009ko Jarduera Plana
2009an, KEBren ibilbidean etapa berri bat hasi da. KEB proiektua 2006an gauzatu zen kulturaren eta haren sektoreen informazio-sistema erregularra eta egituratua edukitzeko beharrari erantzuteko.Behatokiak diseinatutako eta kultura-eragileekin egiaztatutako estatistika-esparruaren ikuspegi globala eta sistemikoa hartzen du erreferentziatzat etapa horrek.
2009ko jarduera plana [pdf, 85 kB]
2008ko Jarduera Plana
Orain gutxi arte, Kulturaren Euskal Behatokia aipatzean, sortua izateak berak zuen garrantzia azpimarratzen zen; abian jarri izatea bera lorpentzat hartzen zen. Sortu zenetik igaro den urte eta erdi honetan, sortzean eman zitzaizkion funtzioak betetzeko oinarri kontzeptualak eta operatiboak finkatzea izan da Behatokiaren lan nagusia: euskal kulturaren informaziosistema eratzea, harremanetan eta lankidetzan oinarritutako planteamendu batetik abiatuta
2008ko jarduera plana [pdf, 120 kB]
2007ko Jarduera Plana
Kulturaren Euskal Behatokia martxan jartzea asmo handiko proiektua da, eta kultura-errealitatea aztertzeko etapa berriari eman dio bide. Lehen hilabeteetan, haren funtzionamenduaren oinarriak finkatu dira. Orain, berriz, Behatokia sendotu eta etorkizunera bideratu behar da, betiere kontuan izanik zertarako sortu zen.
2007ko jarduera plana [pdf, 3 MB]