Kulturaren eta pobreziaren arteko erlazioaren inguruan
Gizarte-desparekotasuna oso eremu ikertua izan da, eta halakoxea da oraindik ere. Gauza bera gertatzen da gizabanakoen kultura-alorreko parte-hartzearen (hau da, jarduera artistiko edo sorkuntza-jardueren kontsumo edo ekoizpenaren) azterketarekin. Elementu horien guztien (gizarte-desparekotasuna eta kultura-alorreko parte-hartzea) elkargunea, ordea, ez dute hain sarritan ikertu agerian eta enpirikoki. Ez da halaber aztertu kultura-alorreko lanpostuetara berdintasunez sartzen den ala ez.
Asko aztertu da (eta aztertzen ari da) gizabanakoen gizarte-jatorriak kulturaren kontsumoari nola eragiten dion. Noranzko bakarrean ikertu izan da batez ere, kulturaren kontsumoaren faktore argigarritzat gizarte-jatorria hartuz. Kulturaren kontsumoak gizarte-desparekotasuna eragiteko duen ahalmenaren inguruan ez da horrenbeste ikertu.
Eta are gutxiago kultur ekoizpenaren inguruan, ez du-eta apenas agenda politikoaren edo akademiaren arretarik jaso.
Gizartearen esku-hartzeari buruzko zenbait esperientzia jakinetan, kultura-alorreko parte-hartzea gizarte-gaiak jorratzeko tresnatzat jo izan da. Haatik, egindako ikerketa ez da sistematikoa izan. Hala, ebidentzia badagoela dirudien arren, kultura-alorreko parte-hartzearen eta gizarte-desparekotasunaren arteko erlazioari buruzko jakintza ez da batere zehatza edo argigarria oraindik ere.
Horiek horrela, pobreziaren gaiari ez ezik, kultura-alorreko parte-hartzearen gaiari ere helduko diogu (orobat, ekoizpen profesionala ere jorratuko dugu); azkenik, bien arteko erlazioari ere sakon helduko diogu. Elementu guztien arteko erlazioa zein den jakiten lagunduko digu horrek guztiak.
Gaiaz dakiguna kontuan izanik hastapenetan gaudela aintzat hartuta, funtsean, helburua da gizarte-desparekotasunaren eta kultura-alorreko parte-hartzearen arteko lotura kontzeptualki funtsatzea.
- Kulturaren eta pobreziaren arteko erlazioaren inguruan (2016) [pdf, 4 MB]
- Inprimatzeko bertsioa [pdf, 2 MB]