PLAN eta PROGRAMEN Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduraren tramitazioa
Ingurumenean efektu esanguratsuak eragin ditzaketen planak eta programak ingurumen-ebaluazio estrategikoaren (arrunta edo sinplifikatua) prozeduraren mende daude, aplikatu beharreko araudian xedatutakoaren arabera. Gainera, horiek administrazio publiko batek bere egin edo onartu beharko ditu, eta bere egin eta onartu beharko dira lege- edo erregelamendu-xedapen batek aginduta, edo Ministroen Kontseiluak edo Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluak hala erabakita.
Ingurumen-ebaluazioaren prozedurak aplikatzeko eremua honako lege hauetan arautzen da:
- 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa. Arau honetan jasotzen den aplikazio-eremuak ingurumena babesteko oinarrizko lege-izaera du.
- 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa. Arau honetan jasotzen den eremua Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko araubide gehigarria da, oinarrizko legeari dagokionez.
Planak eta programak dira gizarte-premiak asetzera bideratutako estrategia, jarraibide eta proposamenen multzoa. Horiek ezin dira zuzenean gauzatu, proiektu baten edo batzuen bidez garatuz baizik.
Plan edo programa bat etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrutzat hartuko da, baldin eta gauzatzeko erabiliko diren proiektu-motari, kokapenari, neurriei edo horien funtzionamenduari buruzko irizpideak edo baldintzak jasotzen badituzte.
Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren eraginetarako, ez dira plantzat edo programatzat hartuko ingurumena babesteko arauak bakarrik proposatzen edo garatzen dituzten izaera orokorreko xedapenak.
Ingurumen-organoa
Administrazio publikoko organo eskuduna, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedurak ezartzen dituzten adierazpen eta txostenak egiteko eskumena duena, ingurumen-ebaluazio estrategikoen irismena zehazteko, eta ingurumen-adierazpen estrategikoaren aldaketak eta ingurumen-adierazpen eta txosten estrategikoen indarraldiaren luzapenak ebazten dituena.
Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoa da aipatutako eskumenetarako organo eskuduna, plana edo programa onartzeko eskumen substantiboa Lurralde Historikoetako foru-organoen edo Estatuko Administrazio Orokorraren esku dagoen kasuetan izan ezik.
Organo substantiboa eta organo sustatzailea
Organo substantiboa: Plan edo programa bat bere egiteko edo behin betiko onartzeko eskumenak dituen administrazio publikoko organoa. Eskumen horiek barne hartzen dute indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera aplikatu beharreko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedurak sustatzea,.
Organo sustatzailea: Dagokion sektoreko legerian ezarritakoaren arabera, plan edo programa bat formulatzeko eta/edo onartzeko prozedura hasteko eskumena duen administrazio publikoko organoa.
Kasu jakin batzuetan, organo substantiboaren eta organo sustatzailearen figurak bat etor daitezke erakunde berean.
Eragindako administrazio publikoak
Honako gai hauetan berariazko eskumenak dituzten administrazio publikoak dira: gizakien osasuna, biodibertsitatea, geodibertsitatea, fauna, flora, lurzorua, ura, airea, zarata, paisaia, kultura-ondarea, eta ingurumen-ebaluaziopean jarritako proiektua gauzatzeak eragin ditzakeen ingurumenaren kalitatearen beste alderdi batzuk.
Pertsona interesdunak
Ingurumen-ebaluazioarenn prozeduran honako hauek jotzen dira interesduntzat:
- Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan aurreikusten diren egoeraren batean dauden guztiak.
- Irabazi-asmorik gabeko edozein pertsona juridiko, baldin eta, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legeak xedatutakoari jarraituz, honako baldintza hauek betetzen baditu:
- Estatutuetan adierazitako helburuen artean jasotzea ingurumena babestea, oro har edo haren elementuren bat bereziki, eta ingurumen-ebaluazioak helburu horiei eragin ahal izatea.
- Gutxienez bi urte legez eratuta egotea eta beren estatutuetan aurreikusitako helburuak lortzeko beharrezko jarduerak aktiboki gauzatzen aritzea.
- Estatutuen arabera, ingurumen-ebaluazioa behar duen planak edo programak eragindako lurralde-eremuan jardutea.Edozein pertsona fisiko edo juridiko, bai eta aplikagarri zaien araudiaren arabera eratutako elkarte, erakunde eta taldeak ere, pertsona interesduntzat jotzeko baldintzak betetzen ez badituzte.
Publikoa
Edozein pertsona fisiko edo juridiko, bai eta aplikagarri zaien araudiaren arabera eratutako elkarte, erakunde eta taldeak ere, pertsona interesduntzat jotzeko baldintzak betetzen ez badituzte.
Ingurumen-ebaluazio estrategikoa planak eta programak onartzeko edo bere egiteko egin beharreko administrazio-prozedura instrumentala da. Horren bidez planek edo programek ingurumenean izan ditzaketen eraginak aztertzen dira.
Ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko bi prozeduramota daude: ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta eta ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua.
Bi prozeduretan ingurumen-organoak erabaki ahal izango du, ingurumen-ebaluazioaren prozeduraren hasierako eskaera ez onartzea. Ingurumen-organoak 20 eguneko epea izango du eskaera jaso eta onartuko ez duela ebazteko, eta ebazpen hori egin aurretik, organo sustatzaileari audientzia emango dio, eskakizuna onartuko ez dela iragartzeko dataren aurreko 10 egun balioduneko epean.
Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren eraginezko ingurumen-erabakiak nahitaezko erabaki lotesle baten izaera juridikoa du, eta zehaztuko du, ingurumen eraginetarako, plana edo programa onartzea edo bere egitea bidezkoa den ala ez, eta, hala badagokio, zer baldintzatan egin daitekeen, baita neurri zuzentzaileak eta konpentsatiboak ere.
Jarduerak
- Organo sustatzaileak organo substantiboari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta hasteko eskaera aurkeztea, plan edo programa zirriborroarekin eta hasierako agiri estrategikoarekin batera, baita sektoreko legeriak ezarritako dokumentazioarekin batera ere.
Organo substantiboak, beharrezko egiaztapenak egin ondoren, ingurumen-organoari bidali beharko dizkio ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-agiria emateko eskaera, bai eta horrekin batera aurkeztu beharreko agiriak ere.
- Ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismena zehaztea, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin ondoren. Planaren edo programaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-agiria egingo du, eta publikoaren eskura jarriko da egoitza elektronikoaren bidez.
- Ingurumen-azterketa estrategikoa egitea eta organo substantiboaren aurrean aurkeztea. Irismen-agiria kontuan hartuta, organo sustatzaileak ingurumen-azterketa estrategikoa egingo du, eta, dagokion planarekin batera, organo sustantiboari bidaliko dio.
- Organo substantiboak informazioa jendaurrean jartzeko eta eragindakoako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea:
- Jendaurreko informazioa izapidetzea. Jendaurrean azalduko da planaren edo programaren hasierako bertsioa, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, 45 egun balioduneko epean gutxienez, aldez aurretik Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean eta, hala badagokio, egoitza elektronikoan iragarrita. Ahalik eta hedapen handiena bermatu beharko da.
- Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea, 45 egun edo gehiagoko epean. Organo substantiboak kontsulta egingo die eraginpean hartutako administrazioei eta pertsona interesatuei, ingurumen-organoak emandako ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-agirian identifikatu badira, edo halakotzat egiaztatu badira. Ingurumen azterketa estrategikoa eta espedientean bildutako informazio garrantzitsu guztia helarazi beharko dira.
- Organo substantiboak jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza organo sustatzaileari bidaltzea.
- Organo sustatzaileak planaren edo programaren behin betiko bertsioa egitea.
Sustatzaileak planaren edo programaren azken proposamena egingo du, jendaurreko informazioaren izapidean aurkeztutako alegazioak eta kontsulten izapidean jasotako txostenak kontuan hartuta, eta, hala badagokio, ingurumen-azterketa estrategikoa aldatu beharko du.
Era berean, sustatzaileak edo organo sustatzaileak laburpen-dokumentu bat egingo du, eta, bertan deskribatuko da planaren edo programaren azken proposamenean nola integratzen diren ingurumen-alderdiak, ingurumen-azterketa estrategikoa eta horren irismen-agiriarekiko egokitzapena, eta jendaurreko informazioaren eta egindako kontsulten izapideen emaitzak, baita horiek nola hartu diren kontuan.
Sustatzaileak planaren edo programaren azken proposamena egingo du, jendaurreko informazioaren izapidean aurkeztutako alegazioak eta kontsulten izapidean jasotako txostenak kontuan hartuta, eta, hala badagokio, ingurumen-azterketa estrategikoa aldatu beharko du.
- Organo substantiboak ingurumen-organoari ingurumen-adierazpen estrategikoa eskatzea.
Planaren edo programaren azken proposamena bidaliko da, ingurumen-azterketa estrategikoarekin, jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitzarekin, eta laburpen-dokumentuarekin batera.
- Ingurumen-organoak espedientearen azterketa teknikoa aztertu eta egindako ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea.
Ingurumen-organoak, judizio-elementu nahikoak baditu, ingurumen-adierazpen estrategikoa egingo du eta publiko egingo du, eta prozedura amaituko du. Hala ere, azterketa teknikoa egin ondoren, ingurumen-organoak irizten badio ez duela ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko nahikoa judizio-elementu, bukatutzat emango du ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta, amaiera-ebazpen batekin.
- Organo substantiboak plana edo programa bere egitearen edo onartzearen berri ematea.
Azkenik, ingurumen-adierazpen estrategikoa egin ondoren, sustatzaileak edo organo sustatzaileak adierazpen horren edukia planean edo programan txertatuko du, eta, sektore legerian aurreikusitakoaren arabera, organo substantiboari aurkeztuko dio, erabaki edo onar dezan, eta organo horrek Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko du.
Epeak
Ingurumen-azterketa estrategikoaren irismena zehaztea: Gehieneko epea 3 hilabetekoa da, ingurumen-organoak eskaera osoa jasotzen duenetik zenbatzen hasita. Epe horren barruan, ingurumen-organoak kontsultak egingo dizkie eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, eta hilabeteko epea izango dute erantzuteko. Ebazteko epea eten egin daiteke, baldin eta ingurumen-organoak ingurumen-azterketa estrategikoaren irismena zehazteko judizio-elementu nahikorik ez badu.
Irismen-dokumentuak indarra galduko du, baldin eta, 4 urte igaro ondoren, ingurumen-azterketa estrategikoan organo substantiboak ez badio hasiera eman informazioa jendaurrean jartzeko izapideari.
Espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen-adierazpen estrategikoa: Epea 3 hilabetekoa izango da, espediente osoa jasotzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori eten egin daiteke, informazio gehigarria behar izanez gero. Gainera, epe hori beste 2 hilabetez luzatu ahal izango da, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla-eta.
A. Jarduketak
- Organo sustatzaileak organo substantiboari sinplifikatutako ingurumen-ebaluazio estrategikoa hasteko eskaera aurkeztea, ingurumen-dokumentu estrategikoarekin, planaren edo programaren zirriborroarekin eta sektoreko legeriak eskatutako dokumentazioarekin batera. Organo substantiboak, aurkeztutako dokumentazioaren egokitasuna egiaztatu eta adostasuna adierazi ondoren, ingurumen-organoari bidaliko dizkio, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren izapidea hasteko.
- Ingurumen-organoak ingurumen-txosten estrategikoa egitea, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin ondoren. Erabakia jendaurrean jarriko da, eta kontsulta horien emaitza kontuan hartuko du.Planak edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duela erabakitzen denean, ingurumen-organoak ingurumen-azterketa estrategikoaren irismena helaraziko dio organo sustatzaileari, egindako kontsultei emandako erantzunekin batera, ingurumen-azterketa estrategikoa egin dezan.
- Organo substantiboak plana edo programa bere egitearen edo onartzearen berri ematea.
Azkenik, ingurumen-adierazpen estrategikoa egin ondoren, sustatzaileak edo organo sustatzaileak adierazpen horren edukia planari edo programanri gehituko dio, eta, sektore legerian aurreikusitakoaren arabera, organo substantiboaren esku utziko du bere egitea edo onartzea. Azken horrek argitaratuko du Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean.
B. Epeak
Gehieneko epea 3 hilabetekoa da, ingurumen-organoak eskaera osoa jasotzen duenetik zenbatzen hasita. Epe horren barruan, ingurumen-organoak kontsultak egingo dizkie eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei.
Organo substantiboak hamar egun izango ditu, onartutako plana edo programa onartzen denetik, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitaratzeko, argitaratutako ingurumen-txosten estrategikoaren erreferentziarekin batera.
Erabat deusezak izango dira plan eta programak bere egiteko edo onartzeko egintzak, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura amaitu gabe onartu badira, prozedura hori galdagarria denean.
Aplikatu beharreko ingurumen-ebaluazio estrategiko motaren arabera (arrunta edo sinplifikatua), ingurumen-ebaluazioaren prozedura amaituko da honako txosten hauetako batekin:
- Ingurumen-adierazpen estrategikoa
Ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren izapidearen ondoren formulatzen da.
Kasu batzuetan, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren izapidearen ondoren, zehazten da planak edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren izapidea bete behar duela, eragin esanguratsuak izan ditzakeelako ingurumenean, eta eragin horiek ezin izan direlako ingurumen-prozedura estrategiko sinplifikatuan behar bezala aztertu.
Ingurumen-adierazpen estrategikoa ingurumen-organoaren ebazpen bidez egingo da, eta eragin lotesleak izango ditu planak edo programak bere egiteko edo onartzeko neurriei eta baldintzei dagokienez, bai eta aurkako adierazpen baten eraginez horiek exekutatzeko ezintasunari dagokionez ere. Ebazpen hau legez ezarritako epeetan ematen ez bada, ez da aldeko ingurumen-ebaluaziotzat joko.
Adierazpenak indarra galduko du, eta dagozkion eraginak izateari utziko dio, baldin eta, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitaratu eta gehienez ere bi urteko epean, ez bada plan edo programa hori bere egin edo onartu. Kasu horietan, organo sustatzaileak berriro ekin beharko dio planaren edo programaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapideari, salbu eta, berak hala eskatuta, indarraldia luzatzea erabakitzen bada.
Era berean, ingurumen adierazpen estrategikoa aldatu ahal izango da, ofizioz edo organo sustatzaileak eskatuta, dagokion legerian ezarritako izapideari jarraituz.
- Ingurumen-txosten estrategikoa.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren izapidearen ondoren formulatzen da.
Ingurumen-txosten estrategikoa, ondorio lotesleak dituena, ingurumen-organoaren ebazpen bidez formulatzen da. Txosten horretan zehaztu ahal izango da planari edo programari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaiola, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzakeelako, edo, bestela, planak edo programak ingurumenean ondorio adierazgarririk ez duela zehaztu ahal izango da. Ebazpen hau legez ezarritako epeetan ematen ez bada, ez da aldeko ingurumen-ebaluaziotzat joko.
Azken kasu horretan, txostenak indarra galduko du, eta dagozkion ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitaratu eta gehienez lau urteko epean, ez bada plan edo programa hori bere egin edo onartu. Kasu horietan, sustatzaileak berriro hasi beharko du planaren edo programaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, salbu eta, berak hala eskatuta, indarraldia luzatzeko eskatzen ez duenean izan ezik.
Ingurumen-ebaluazio estrategikoan erabakiak hartzeko Eusko Jaurlaritzako ingurumen-organoak araututako edozein eskabide INGURUNET bidez egingo da.
Administrazio Publikoko organo bati, organo substantiboari, dagokio atal honetako eskabideak egitea.
Ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan eta programak xede dituen eta indarrean dagoen legedia kontuan hartuta, organo substantiboak zehaztu beharko du plana edo programa ingurumen-ebaluazio estrategikoaren eremuan dagoen, eta honako prozedura hauetako bat aukeratu beharko du:
- Ingurumen Ebaluazio Estrategiko ARRUNTA, nahitaezko izapide hauekin:
- EAED: Ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-agiria emateko eskaera. (Eskatutako dokumentuen xehetasunetarako EAED izapidea kontsultatzea)
- EAEO: Ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskaera. (Eskatutako dokumentuen xehetasunetarako EAEO izapidea kontsultatzea).
- Ingurumen Ebaluazio Estrategiko SINPLIFIKATUA:
- EAES: Ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskaera. (Eskatutako dokumentuen xehetasunetarako EAES izapidea kontsultatzea)
DOKUMENTUAK AURKEZTEKO GIDAK (PDF, 1.103 KB) emandako argibideak bete behar izango dira.
Arreta berezia jarri beharko da honako hauetan:
- Abenduaren 9ko 21/2013 Legediaren 16. Artikuluak ezartzen dituen zehaztapenak bete behar dira. Hau da: Ingurumen-edukia duten dokumentuen egileek behar bezala identifikatuta egon beharko dute (izena, abizena, titulazioa eta Identifikazio-zenbakia) eta dokumentuak datatuta eta sinatuta egon behar dira.
- INGURUNETen bidez aurkezten den dokumentazioan, eskatutako atalak bereizita edo dokumentu bakarrean aukeztu beharko dira.
- Pdf formatuko planoek behar bezala geoerreferentziatuta egon beharko dute. Halaber, planoak shape formatuan aurkeztuko dira.
Azken aldaketako data: