Osasun Saila

i-botika: Medikamentuei buruzko herritarrentzako informazioa


Ongi etorri i-botikara, medikamentuei buruzko informazio argia, independentea eta erabilgarria eskaintzen dizun webgunea, herritar guztioi zuzendua. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak bultzatutako ekimena duzu i-botika, herritarrak terapia farmakologikoen eraginkortasunari, segurtasunari, posologiari eta abarri buruz zuzenean heztea eta informatzea helburu duena.

Eskerrik asko bisitagatik. Eskertuko genizuke, zinez, zure iradokizunak bidaliko bazenizkigu, hobetzen jarraitu ahal izateko. Izan ere, zure laguntzari esker, i-botika tresna bizia bilakatzea dugulako xede.

Argi utzi nahi dugu, hala ere, i-botika ez dela edozer galdetzeko kontsultategi bat. Gure asmoa ez da zure medikuak emandako gomendioen ordez beste batzuk ematea, ez eta zure medikuak agindutako tratamendu farmakologikoari buruzko kontsulta pertsonalei erantzutea edo emandako diagnostikoaren bigarren iritzi bat ematea ere.

Lan-talde bat gara, osasun-arloko langile espezializatu eta kualifikatuek eta paziente batek osatzen duguna. Herritarrei Botiken gaineko Informazioa Emateko Taldea da gure izena, eta webgune honetan aurkituko duzun informazioaren egileak gara: informazioaren zati bat geuk sortua da, eta, horretaz gain, sarean eskuragarri dagoen informazioa hautatzen dugu. Nor garen jakin nahi baduzu, klikatu hemen .

Gurekin harremanetan jarri nahi baduzu, mezu bat idatz dezakezu helbide honetara: cevime.miez@gmail.com

Webgune honetan eskura izango duzu i-botikak lantzen eta biltzen duen informazio guztia:

  • Interneten eskura dagoen informazioa eta medikamentuekin erlazionatutako i-botika loturak; guztiak aztertu ditu aurrez Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Farmazia zuzendaritzak, eta kalitatezkoak direla iritzi dio.
  • i-botika fitxak; guk landutako medikamentuei buruzko informazioa aurkituko duzu: tratamenduak, segurtasuna, kontserbatzea, sinbologia eta abar. 
  • i-botika bideoak; guk egindako bideoak dira; i-botika fitxen edukiak ulertzeko balio dute batzuek, edo fitxetan jaso gabeko informazioa emateko beste batzuek.
  • i-botikaren hiztegia; farmaziaren arloan maiz erabili ohi diren hitzak eta berauen esanahia jasotzen ditu, betiere modu erraz eta aldiberean zehatz batean.

Inprimaki bat ere badago, non hobetzen laguntzeaz gain, guk lantzea nahiko zenukeen gaiei buruzko iritzia eman dezakezun.
i-botika taldeak landutako edukiak ezin dira sustapenetarako erabili.

i-botika taldeak gaiak hautatzeko kontuan hartzen ditu herritarrei zein interesatuko zaizkion. Zenbait bide ditu horretarako:

    • Osasun-aholkua emateko zerbitzuan egin diren informazio-eskaerak.
    • Gure inprimakiaren bidez jasotako herritarren iradokizunak.
    • Osasun-profesionalek zuzenean egindako proposamenak.
    • Sarean medikamentuekin erlazionatutako gai jakin bati buruzko kalitatezko informaziorik ez dagoela atzematea.

 Edukiak bi hilean behin eguneratzen dira, normalean: loturak oraindik erabilgarri dauden ikusten da, landu ditugun fitxa eta bideo berriak gehitzen dira. i-botika taldea arduratzen da webguneko edukiak mantentzeaz eta eguneratzeaz. Web-orriaren azpialdean ageri da azken eguneraketa noiz egin den.

Webgune honetan ez da datu pertsonalik duen fitxategirik erregistratzen eta gordetzen, eta, beraz, ez du bisitarien edo erabiltzaileen posta elektronikorik banatzen eta trukatzen. Hala eta ere, Google Analytics erabiltzen dugu bisita-kopurua aztertzeko.

Webgune hau Osakidetzaren atariaren barruan dago, eta, beraz, erakunde-orrialde bat da; ez du, hortaz, industria farmazeutikoaren publizitate-finantzaketarik jasotzen ez eta bestelakorik ere.

i-botika webgunea garatzeko, www.osakidetza.euskadi.eus atariaren estilo-gidaliburua erabili dugu, eta webgunea kudeatu eta mantentzen dugunak CEVIMEko administrariaren eta teknikarien kidegokoak gara; Osakidetzako eta Osasun Saileko informatika-zerbitzuek laguntzen digute.

Azken aldaketako data: