Osasun Saila

Zer da gripea?

Gaixotasun infekziosoa da eta, hiru mota hauetako birusen batek sortua: A, B eta C. Hiru mota hauetan ohikoenak lehenengo biak dira.

Gripea

Gaixotasunaren sintomak kutsapena gertatu ondorengo bosgarren egunean edo hasten dira agertzen eta ohikoenak honako hauek dira: sukar altua, buruko eta muskuluetako mina, ahulezia eta ondoez orokorra. Batzuetan sudurreko kongestioa, eztarriko mina eta eztula ere agertzen dira.

Gaixotasun honek edozein pertsonari erasan diezaioke. Halere, badira kolektibo batzuk gripearen ondorioak era larriagoan jasaten dituztenak. Adineko pertsonak dira eta beste osasun arazoren batzuk dauzkatenak (diabetes, BGBK, giltzurrunetako edo gibeleko gaixotasuna, etab.). Kasu hauetan gaixotasuna konplika daiteke eta horregatik, guztiz komenigarria da arriskudun kolektibo honek gripearen aurkako txertoa hartzea.

Gripea oso gaixotasun kutsakorra da eta airearen eta listu tanta txikien bidez zabaltzen da. Gripe kasuak, batez ere, udazkenaren amaieran eta neguaren hasieran agertzen dira.

Gripearen diagnostikoa klinikoa eta epidemiologikoa da, eta ez da gomendatzen antibiotikoak erabiltzea birusari aurre egiteko. Gripea edukiz gero, egokiena hainbat neurri lagungarri hartzea da, adibidez, antitermikoak erabiltzea, ohean egotea eta ongi hidratatzea.

Gripearen prebentzioari dagokionez, egokiena eta eraginkorrena txertatzea da. Esan beharra dago, gripearen aurkako txertoak ez duela kasu guztietan gaixotasuna harrapatzea eragozten, baina harrapatuta ere, arinagoa izaten da eta konplikaziorik gabea. Txertoak ez dauka ia batere kontraindikaziorik, oilo arrautzekiko hipersentikortasuna salbu, eta eman dakieke emakume haurdunei ere. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak urtero egiten du kanpaina bat arrisku taldeei zuzendua, irailean eta urrian.

Azken aldaketako data: