Gazteen kultura kontsumoa (2012)
Kulturaren Euskal Behatokiak eginiko 2007-2008ko Kultura Ohiturei eta Kontsumoari buruzko Estatistikak egiaztatu zuenez, biztanleriaren kultura-kontsumoko eta -praktikako mailaren azalpen-faktore gisa ageri zen adin-taldea.
Zehazki, gazteen eta kultura-kontsumoaren arteko harremanari buruzko datu behar beste adierazgarriak lortzea ahalbidetu zuen, eta datu horiek zehatzago aztertuko ditu orain azterlan honek.. Hain zuzen ere, estatistika horretan oinarrituta egin zuen Kulturaren Euskal Behatokiak beste hurbilketa bat gazteen kulturakontsumora Gazteak, Kultura eta Teknologia Berriak azterlanarekin, Kultura Behatokien sarearen baterako lanaren esparruan, Kultura Behatokien arteko Nazioarteko IV. Jardunaldietan aurkezturikoan (2010). Azterlan horrek erabilitako metodologia kualitatiboak azterketa estatistikoaren emaitzak zehaztea eta osatzea ahalbidetu zuen.
Gazteen kultura-kontsumoa aztertzeko erabilgarri dagoen informazio estatistikorako beste hurbilketa bat egin nahi du txosten honek. Hurbilketa berri hori nazioarteko gazteen kulturakontsumoa sustatzeko politiken azterketarekin eta modelizazioarekin osatzen da, eta EAEn egindako berariazko batekin, horri buruzko zenbait gomendio eginez bukatzeko.
Erabilgarri dauden estatistikei dagokionez, zehaztu behar da informazio-oinarria (2007- 2008ko Kultura Ohiturei eta Kontsumoari buruzko Estatistika) biztanleria osoaren kulturakontsumoa aztertzeko diseinatu zela eta ez zehazki biztanleria gaztearena, Gazteak, Kultura eta Teknologia Berriak azterlan horretan ondorioztatzen denez, berezko ezaugarriak baititu, baita funtsezko eginkizuna eduki ere teknologia berrietan. Ildo horretan, informazio-oinarri horren muga bat bere antzinatasuna da, hain zuzen ere, ez soilik inkesta duela zenbat urte egin zela kontuan hartuta, baizik eta, batez ere, aldaketa teknologikoak bizkortu egin direlako: 2007an oraindik ez zen gertatu gaur egun ezaugarri diren belaunaldi berriko telefonia mugikorreko hedapena edo Interneteko gizarte-sareen leherketa, batez ere biztanleria gaztearen artean eragina dutenak.
Muga horiek eta guzti, 2007-2008ko Kultura Ohiturei eta Kontsumoari buruzko Estatistikaren inguruan egindako esplotazio berriak biztanleria gaztearen artean adin-talde desberdinak kontuan hartuta, gazteen kultura-kontsumoan dauden aldeak atzematea ahalbidetzen du, batez besteko orokorrean nahiz kolektiboaren barrukoan. Era berean, kultura-kontsumoko modu desberdinak ikusten dira gizon eta emakume gazteen artean.
Gazteen kultura-kontsumoa sustatzeko politika publikoei dagokionez, hurbilketa bikoitza egiten da azterlanean. Lehenik, modelizazio bat ezartzen da, nazioartean erreferentziazkoak diren esperientzien azterketatik abiatuz, eta bigarrenik, EAEn esparru horretan bultzaturiko ekimenak aztertzen dira.
Azken batean, errealitatearen argazkiak nahiz kasuen azterketak gomendio jakin batzuk funtsatzen dituzte, EAEn kultura- eta gazte-politikak garatzeko ardura dutenen interesekoak izan daitezkeen gomendioak, hain zuzen ere. Horregatik, III. Gazte Planaren (2020) elaborazioan burutzen ari diren gogoeta- eta partaidetza-prozesuaren emaitzak kontuan izan dira txostenaren elaborazioan.
Gazteen kultura kontsumoa (2012) [pdf, 2,3 MB]