Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdea

Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdea ondasun eta zerbitzuak erosteko edo kontratatzeko prozesu bat da, administrazio, erakunde eta entitate publikoen aldetik, alderdi ekonomiko eta teknikoez gain ingurumen-alderdiak ere kontuan hartzen dituena bere balorazioan.

Europan, sektore publikoak 2 bilioi euro inguruko gastua sortzen du urtean, hau da, Europar Batasuneko BPGaren % 19, gutxi gorabehera.

Testuinguru horretan, Europako administrazio publiko guztiek erosketa eta kontratazio berde eta berritzaileko irizpideak integratzen badituzte, hori lagungarria izango da ekonomia lehiakorragoa eta ingurumen aldetik arduratsuagoa sendotzeko.

Europako Batzordearen iritziz, erosketa berdea tresna estrategiko bat da bere ingurumen-helburuak lortzeko. 

Aldagai berdea erosketa publikoan integratzea onuragarria da administrazioarentzat berarentzat, sektore pribatuarentzat eta gizarte osoarentzat.

Administrazioak lortzen dituen onurak

  • Baliabide ekonomikoen gardentasuna eta efizientzia handitzen ditu.
  • Lagungarria da proposatutako ingurumen-helburuak lortzeko eta ingurumen-inpaktuak murrizteko.
  • Aurrezpen ekonomikoa sustatzen du, zeren bizi-zikloaren kostuak ere kontsideratzen baititu.
  • Irudi publikoa hobetzen du, eta eredugarria da kontsumitzaile pribatuentzat.

Sektore pribatuak lortzen dituen onurak

  • Berriztatzeko eta lehiakorragoa izateko pizgarriak eskaintzen dizkio industriari.
  • Produktu eta zerbitzuen berrikuntza bultzatzen du.
  • Tokiko ekonomia indartzen du.
  • Lagungarria da ingurumen-estandarrak ezartzeko produktu eta zerbitzuetan.

Gizarteak lortzen dituen onurak

  • Ingurumen-produktu eta –teknologien prezioa murrizten du.
  • Herritarren bizi-kalitatea hobetzen du, ingurumen-inpaktuak murriztearen bidez.
  • Ekintzailetza- eta enplegu-lotura bat ezartzen du.
  • Ingurumen-gaien inguruko kontzientziazioa handitzen du.

Atal honetan erakusten dira Europako Batzordearentzat lehentasuna duten produktu eta zerbitzuen kategoriak; horrekin batera, kategoria bakoitzari aplikatzen zaizkion erosketa publiko berdeko irizpideak ere erakusten dira.

Kategoria bakoitzak hiru betekizun maila ditu, kasu bakoitzaren zirkunstantzia konkretuen arabera aukeratu beharrekoak.

Produktu eta zerbitzuen kategoria bakoitzean definitutako irizpideak aldez aurretik adostu dituzte Ihobe sozietate publikoak, “2020rako Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Programaren”idazkaritza teknikoa den aldetik, eta sektore bakoitzeko enpresa hornitzaileek.

Zerrenda honetako edozein ingurumen-betekizun kontratazio publikoaren pleguetan sartu baino lehen, gomendatzen dizugu jarraibide hauek kontuan hartzea:

  • Erosketa jakin bat erosketa publiko berdetzat hartu dadin, ez da aski legedia zorroztasunez betetzea. 
  • Ingurumen-klausulak kontratuaren helburuarekin lotuta egongo dira beti.
  • Arreta berezia zuzendu behar nahitaez bete behar diren ingurumen-klausuletara.
  • Halaber, beharrezkoa da ingurumen-klausula horiek aldez aurretik baloratzea, erosketari dagokion merkatuan benetan eraginkorrak ote diren egiaztatzeko.
  • Irizpide objektibo eta kuantifikagarriak txertatu behar dira prozesu horretan.

 

Ihobe sozietate publikoak gai honi buruzko aholkularitza-zerbitzu bat eskaintzen die Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoei; zerbitzu horren bidez azaltzen die nola sartu behar diren ingurumen-klausulak lizitazioetan eta nola egiten den, geroago, aurkeztutako eskaintzen balorazioa.

Banaka eta modu pertsonalizatuan egiten da, administrazio eskatzailearen eskari eta exijentziei erantzunez.

Zerbitzu hau eskatzeko, mezu elektroniko bat bidali behar da helbide honetara:compra.verde@ihobe.eus

Aholkularitzak honako hau eskaintzen du:

  • Ingurumen-klausulak pleguetan edo zuzeneko erosketa-prozesuan sartzeko proposamena.
  • Ingurumen-klausulak dituzten pleguen azterketa, ikuspegi tekniko eta legaletik.
  • Balorazio-prozesuan sortzen diren zalantzak argitzea.
  • Lizitazio-prozesuan sortzen diren zalantzak edo galderak argitzea (produktuen etiketatzea, bizi-zikloaren kostuak kontuan hartzea…).

Azken aldaketako data: