MIGUEL FLORES IKERLARIAK MINTEGIA LANDU ZUEN SALTOKIEN ORDUTEGIAK EZ ARAUTZEAK EKARRIKO LITUZKEEN ONDORIOAK AZTERTZEKO

 

Miguel Flores

Miguel Flores Txileko jatorriko ikerlaria da; gaur egun, ospe handia dauka nazioartean.  Lehiaren alorrean oinarritu ditu Floresek bere karrera eta lana.  Saltokietako ordutegiak ez arautzeak ekarriko lituzkeen ondorioei buruzko ikerlan teorikoak dira bere espezialitatea.  Txileko Lehiaren Agentzian lan egindakoa da, tesia ere lehiari buruz landu zuen, eta, gaur egun, Ingalaterrako Lehiaren Ikerketarako Zentro Aurreratuan dabil, lan akademikoetan.

Flores Lehiaren Euskal Agintaritzaren lokaletan izan genuen, bertako teknikariei nahiz zuzendaritzako kideei prestakuntza ematen.  Lehiaren alorrean, saltokietako ordutegiak ez arautzeak ekarriko lituzkeen ondorioak aztertzen zentratu duenez lan-ibilbidea, bere ikerlanak erreferentziakoak dira alor horretako kontuak arautu behar dituzten administrazio askorentzat.

Hala bada, Lehiaren Euskal Agintaritzak, prestakuntza eta hobekuntza etengabe landu nahi dituenez, Floresengana jo zuen mintegi bat landu zezan kontu horren inguruan; bere esperientziaren berri izateko abagune ederra eman zigun, eta alor horretan zer jokaera proposatzen dituen jakin genuen.  Kontu honek itzelezko eragina dauka lehia komertzialaren esparruan, eta gauzak ondo egin nahian, aurrerantzean, Floresen mintegiko ikasbideetan oinarrituko gara, gure fundamentu teorikoa izango dira, esparru honetako txostenak prestatzeko eta jorratu beharreko ildoak erabakitzeko. 

Mintegian Floresek esan zuenez, bere ibilbide profesionalean ikasitakoaren arabera, saltokietako ordutegiak ez arautzearen inguruko eztabaida, lantzekotan, eragiten dituen ondorioen gainean landu behar litzateke.  Premisa horixe proposatzen du berak abiapuntua kokatzeko.  Hainbat ikuspegi izan baititzake kontu horrek.  Ikerlari txiletarraren iduriz, litekeena da, krisi garaietan behinik behin, saltokien ordutegiak zabaldu nahi izatea.  Baina nagusiek ere izan dezakete tentazioa langileei lan-ordu luzeagoak betearazteko; halere, kontu hori gehiago dagokio lan-arloko zuzenbideari, lehiaren esparruari baino. 


Mintegian, ordutegiak ez arautzeak industriaren egituran zertan eragingo lukeen aztertu zuen, eta kontsumitzaileengan zer ondorio izango lukeen. Finean, horixe da lehiaren edozein agintaritzari dagokion eginbeharra, bi kontu horietan erabakiak hartzea.  Egia da, aitortu zuen Floresek, kontsumitzaile batzuek ez dutela aukerarik denbora beraiek nahi bezala erabiltzeko, eta horiei kalte egiten dietela ordutegi zurrun eta zorrotz arautuek.   Baina litekeena da saltokien ordutegiak zabaltzearen ondorioz, enpresa batzuek prezioak igotzeko erabakia hartzea, eta horrek ere ez die onik egiten kontsumitzaileei.  Bi efektu kontrajarriak dira: batetik txarra, prezioak igotzen direlako, eta bestetik ona, ordutegi malguagoen mesedea izango luketelako kontsumitzaileek.   Bi alde horiek ponderatzen jardun zen Flores, bestelako azalpen teorikoak ere eman zituen, eta hark irakatsitakoa ondo gogoan hartuta, aurrerantzean gure mesedetan erabiliko dugu bere ikasbidea, Lehiaren Euskal Agintaritzaren lana hobetzeko.

Azken aldaketako data:  2014/04/02