Lehendakaritza

Brexitaren jarraipen batzordea

Eusko Jaurlaritza jakitun da Brexit-ak eremu instituzional, ekonomiko eta sozialean izan ditzakeen eragin garrantzitsuez. 

Egoera berriari aurre egiteko eta berari egokitzeko, Eusko Jaurlaritzak erabaki du Euskadiko eragile nagusiak kontuan hartzea.  

Horregatik, Brexit-aren Jarraipen Batzorde bat sortu da, euskal gizartearen parte-hartzearekin. Batzordeak osaketa mistoa du, hau da, izaera publiko eta pribatua du; bertan, Euskadiko administrazio guztiek parte hartzen dute, eta baita afektatutako interes ekonomiko eta sozial nagusiak ordezkatzen dituzten erakundeek ere (merkataritza-ganberak, portu-agintaritzak eta unibertsitateak).  

Batzordearen helburu orokorra da Erresuma Batua EBtik ateratzeak zer ondorio dituen aztertzea, horrek euskal interesetan duen inpaktuarekin batera.  

Hau da, ahalik eta modu zehatzenean ezagutu nahi da zer ondorio dituzten negoziazioek Erresuma Batuan bizi diren euskal pertsonengan eta bertan finkatuta dauden edo hango errealitatearekin lotura estuak dituzten euskal eragile eta enpresetan. 

Halaber, arretaz begiratzen zaie ere Euskadin finkatutako britainiar pertsona, enpresa eta eragileei.  

Batzordearen lanaren bitartez, Euskadik Brexit-ari buruz duen ikuspegi orokorra eskuratu nahi da. Horrekin batera, Herrialde-estrategia bat adostu nahi da, Erresuma Baturik gabeko EBri, 2019ko martxotik aurrera planteatuko zaizkion erronkei aurre egiteko.  

Prozesu osoan zehar, Batzordeak, iritziak partekatzeko foro gisa funtzionatuko du, eta irekita egongo da bere kideen iritzi, kezka eta iradokizunak jasotzeko. 

Orobat, Eusko Jaurlaritzak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez, Jarraipen Batzordea eguneratuko du Erresuma Batuaren eta EBren arteko negoziazio-prozesuan gertatzen diren berriekin.

Orain arte, Batzorde honek 10 bilera izan ditu. Lehenengoa 2017.04.25ean izan zen, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izanik.

Jarraipen Batzordeari buruzko informazioa

Azken aldaketako data: