Berotegi-efektuko gas gutxiago isurtzeko aholkuak
Geure esku dago guztiz geure etxeak energia eta ura modu jasangarrian erabiltzeko guneak izatea. Etxeko bizimoduak ingurunea errespetatzeko ohitura berriak hartzeko erantzukizuna daukagu. Hartara, halaber, klima-aldaketaren aurka borrokatzen egongo gara.
Lau atal badaude geure etxea gune jasangarria izan dadin laguntzen ahal dutenak: etxetresna elektrikoen erosketa eta erabilpen arduratsua, zaborraren kudeaketa, klimatizazio arduratsua eta ura aurreztea. Lau atal horietarako aholku praktikoenak proposatzen dizkizugu.
Etxetresnen erosketa era erabilera arduratsua
- Etxetresna bat erosterakoan, garrantzitsua da haren energia-eraginkortasun maila jakitea, antzeko prestazioetarako desberdintasun handiak egon baitaitezke. Galdetu etxetresnaren kategoria energetikoari buruz: hoberena A da; okerrena, G.
- EZ utzi "stand by" botoia piztuta denbora askoan; izan ere, itzalita egon arren, etxetresnak energia kontsumitzen jarraitzen du.
- Ontzi-garbigailua edo ikuzkailua erabat beteta erabili beti, edo programa motzak edo merkeak erabili.
- Arropa-lehorgailua noizean behin bakarrik erabili, energia asko kontsumitzen baitu. Askotan erabili beharra izanez gero, aurrez arropa zentrifugatu, lehorgailuaren energia-kontsumoa murrizteko.
- Komenigarria da hozkailuaren termostatoa doitzea, 6 ºC-tan hozte-zonan eta -18 ºC-tan izozte-zonan. Jaisten dugun gradu bakoitzeko % 5 igotzen da energia-kontsumoa.
- Ohiko labearen ordez mikrouhinak erabiltzen baditugu, % 60 inguru aurreztuko dugu energia.
- Elikagaiak egosi bitartean kazolei tapa jartzen badiegu, energia aurrezten da, bero gutxiago galtzen baita.
Zaborren kudeaketa
- Hondakinak bereizi (organikoak, plastikoak eta ontziak, beira, papera eta kartoia), eta gure eskura ditugun edukiontzietara behar bezala bota.
- Ahalik eta plastiko gutxien bota zaborretara, denbora asko behar baitu degradatzeko.
- Saiatu aluminio-paper gutxiago erabiltzen elikagaiak biltzeko. Aluminioaren fabrikazioa da energia gehien kontsumitzen duen industria-prozesuetako bat.
- Aukeratu beti beirazko ontzia, plastikozkoaren ordez.
- Eskatu informazioa udaletxean pilak, erabilitako olioa edo botikak jasotzeko zerbitzuei buruz. Material toxikoak dira, eta ez dira zaborretara bota behar.
Klimatizazio arduratsua
- Neguan, pertsona askorentzat, nahikoa da 19ºC eta 21ºC arteko tenperatura izatea, eta energia asko aurrezteko aukera ematen digu, zeren eta tenperatura gradu bat igotzeko % 7 inguru energia gehiago kontsumitu behar baitugu.
- Galdarak eta berogailuak egoki mantentzeak aukera emango du energi asko aurrezteko (% 15 inguru, banakako galdaren kasuan).
Ura aurreztu
- Bainatzeko behar den uraren eta energiaren laurden bat besterik ez da kontsumitzen dutxatzean.
- Murriztu uraren kontsumoa: itxi iturria beharrezkoa ez denean, iturri eta zisternetako ur-ihesak konpondu, eta erabili kontsumo txikia duten dutxako buruak edo emari-mugatzaileak.
- Bainatu ur epelarekin (29ºC-tik 37ºC-ra): atsegina da, eta azalari kalterik ez egiteaz gain, energia aurreztea ahalbidetzen du.
- Ur asko aurreztu daiteke komunean, zisternan sakagailu bikoitzeko edo partzialki husteko sistemak erabiliz gero.
- Ur-berogailu elektrikoentzako erloju programatzaileak daude; horien bidez, ur-berogailu horiek ur beroa behar denean funtzionatzen dute soilik, eta behar ez denean funtzionatzeko energiarik ez da gastatuko.
Modua duzun bakoitzean, ibili oinez edo bizikletaz zeure bizitokian. Osasuna hobetzen egongo zara eta nabarmen lagunduko duzu berotegi-efektuko gasak gutxitzen. Gainera, toki askotan ez duzu bizikleta eduki beharrik izango, zeren eta bizikletak alokatzeko edo maileguan emateko udal zerbitzuak bai baitaude.
Distantziak oso luzeak ez badira edo bizikletaz edo oinez joateko modurik ez baduzu, erabili garraio publikoa, joan-etorri luzeetarako modurik jasangarriena baita. Eta zeure ordutegi edo berariazko beharrizanak direla-eta ibilgailu pribatua erabili behar baduzu, aztertu autoa partekatzeko aukera. Dirua aurreztuko duzu eta laguntza emango duzu gure bizitokiak automobilez bete ez daitezen, eta klima-aldaketaren aurka duzun konpromisoa erakutsiko duzu.
Gida ezazu modu efizientean
Azkenik, ibilgailu pribatua erabili beste erremediorik ez baduzu, modu efizientean gidatu. Hona horretarako gako batzuk:
- Gasolinazko ibilgailuen kasuan, motorra martxan jarri eta berehala abiatu. Dieselezkoen kasuan, berriz, hobe da abiatu baino lehen hiru segundo inguru itxarotea.
- Gogoratu lehenengo martxa autoa martxan jartzeko bakarrik erabiltzen dela, eta bigarren martxara aldatu behar dugula biren bat segundo igaro ondoren edo seiren bat metro egin ondoren.
- Gidatzeko modurik eraginkorrena martxa handietan eta biraketa gutxitan gidatzea da. Hirian ere bai, baina abiadura-mugak errespetatuz beti ere.
- Gasolinazko motorretan, 2.000 - 2.500 b/min-ra iristean egin behar da bizkortzea eta martxa-aldaketa. Dieselezko motorretan, berriz, 1.500 - 2.000 b/min-ra iristean.
- Zirkulazio-abiadura ahalik eta berdinen mantendu behar da eta saihestu egin behar dira balaztadak, azeleratzeak eta beharrezkoak ez diren martxa-aldaketak, energia aurrezteko.
- Abiadurak eta tokiak aukera ematen badute, hobe da aurrez martxa jaitsi gabe geratzea kotxea.
- Denbora luzerako geratu behar izanez gero (60 segundo baino gehiago) motorra itzaltzea komeni da.
- Komenigarria da segurtasun-tarte egokiarekin eta ikusmen-eremu handiarekin (aurreko 2 edo 3 kotxe ikusteko moduan) gidatzea; horri esker, bide-segurtasuna izateaz gainera, balaztadei aurre hartu ahal izango diezu, eta horiek txikiagoak izango dira.
- Martxa bat sartuta duzula 20 km/h baino abiadura handiagoan ibiliz, azeleragailua zapaldu gabe, erregairik ez da kontsumitzen. Aldiz, ralentian, kotxeak 0,4 - 0,9 litro/km kontsumitzen du.
- Moteldu zure abiadura: errepideetako segurtasuna hobetzeko funtsezkoa izateaz gain, 100 km/h baino abiadura handiagoan gidatzean erregaiaren kontsumoa biderkatu egiten da.
?
Bulegoan sartzeak ez du esan nahi ingurumenarekin konprometitutako pertsona izateari uztea. Eguneroko lanean ohitura berriak har ditzakegu, sortzen ditugun hondakinen kopurua gutxitzen, energia aurrezten eta erabili ohi ditugun material askoren birziklatzea lagunduko dutenak.
Gomendio batzuk proposatzen dizkizugu, ordenagailu, inprimagailu zein faxekin eta paperarekin lan egitean kontuan har ditzazun.
Ordenagailua
- Itzali ordenagailua ordubete baino gehiagoan erabili gabe egon behar bada; adibidez, bazkaltzeko atsedenaldietan, bilera luzeetan eta lanaldia amaitzean.
- "Energy Star" logotipoa duten ordenagailuak edo pantailak erosi; hori duten ordenagailuek, behar bezala konfiguratuta, kontsumo txikiagoa dute erabiltzen ari ez garen uneetan.
- Komenigarria da "bookmark" itzaltze-sistema edo laster-marka duten ekipoak edukitzea; izan ere, sistema horren bidez, teklen sekuentzia egoki batekin, ekipoa deskonekta daiteke, eta itzali zen uneko azken posizioa grabatzen da. Horri esker, itzaltzean genuen laneko posizioa berreskuratzen da ekipoa berriro pizten dugunean.
- Energia aurrezten duen pantaila-babesle bakarra pantaila beltzean uzten duena da; beraz, pantaila "Black Screen" moduan konfiguratzea gomendatzen da.
- Pantaila lauko monitoreek energia gutxiago kontsumitzen dute eta erradiazio gutxiago igortzen dute.
- Ordenagailu eramangarriak mahai gainekoak baino eraginkorragoak dira energiari dagokionez.
- Ekipoek energia minimo bat kontsumitzen dute itzalita ere; horregatik, korronte-elikagailua deskonektatzea ere komeni da egunaren amaieran.
Inprimagailuak eta faxak
- "Tonerra aurreztu" modua aktibatu inprimatzean edo fotokopiak egitean, aukera hori balego.
- Ahal den guztietan, zuri-beltzean inprimatu.
- "Energia aurreztu" modua duten ekipoak (Energy Star, Powersave); horren bidez, erabiltzen ari ez garen uneetan edo itxaronaldietan, kontsumoa minimoa izango da.
- Astindu toner-kartutxoa amaitzen ari dela adierazten duenean: oraindik ere fotokopia asko egin daitezke.
- Erabili tinta- edo toner-kartutxo birziklatuak.
- Erabilitako kartutxoak edukiontzi batean utzi, bilketa errazteko.
- Erakunde kudeatzaile baimendu batengana jo erabilitako kartutxoak jasotzeko.
Papera
- Bi aldeetatik fotokopiatu eta inprimatu, paperaren erabilera erdira jaisteko.
- "2 orrialde orriko" aukera erabiliz inprimatu.
- Informatika-euskarrian lan egin: langileen artean posta elektronikoa erabiltzea sustatu, barneko eta kanpoko komunikazioetarako. Barne-komunikazioko informatika-sareen (intraneta) eta posta elektronikoaren bidez, paperik erabili beharrik gabe bidali eta jaso daiteke informazioa.
- Testuak PCan berrikusi inprimatzeko agindua eman baino lehen, aurrebistaren edo ortografia-zuzentzailearen bidez; horrela, akatsak dituzten dokumentuak inprimatzea saihestuko da.
- Paper birziklatua erabili (zuritua, klorodun konposaturik gabea eta % 50ean zuntz birziklatuz osatua), bai barne-erabilerako, bai publizitate- edo informazio-liburuxkak egiteko. Inprimagailuaren paper-erretilu bat erabil daiteke horretarako.
- Bereizi papera gainerako zaborretatik, inprimagailuaren ondoan egongo diren paper erabilientzako paperontzi berezietara botaz. Gero, ohiko bilketa-bideak erabili birziklatzeko.
- Ez erabili faxen azal-orririk; papera eta bidaltzeko denbora aurreztuko da.
- Jada inprimaturiko orrien alde zuriak erabil daitezke faxak bidaltzeko, zirriborroak inprimatzeko etab.
Erosketak egitea eguneroko jardueretako bat da non klima-aldaketaren aurkako borrokan daukagun inplikazioa nabarmentzeko aukera daukagun. Kontsumitzaile arduratsuen bereizgarria da honakoen modukoak kontuan hartzen dituztela: produktuaren ontziratzea, hurbilekoa ala urrunekoa den, elikagaien edo erosten dugunaren prestaketan erabiltzen diren materialen trazabilitatea.
Zeuk ere kontsumitzaile arduratsua izan nahi baduzu, ez ahaztu aholku hauek:
- Hobe da material iraunkorrak aukeratzea, eta ez objektu hauskorrak.
- Bertako eta urte-sasoiko produktuak erosten badituzu, haiek ekoizteko eta garraiatzeko behar den energia-kontsumoa murriztuko duzu.
- Gertuko saltegietan erosten baduzu, ez duzu saltegi horretara joateko garraiorik erabili behar (isurpenik ez). - Erosketak egiteko garraioaren beharra baduzu, hobe garraio publikoa edo bizikleta aukeratzea, bidaiari bakoitzeko isurpen-ratioa txikiagoa baita.
- Ahal den guztietan, hobe da aldagarriak dituzten produktuak aukeratzea: agendak, boligrafoak edo bizarra kentzeko makinak.
- Hobe da produktu batzuk ontziratu gabe erostea: frutak, barazkiak, hestebeteak, olibak, lekaleak, fruitu lehorrak, gailetak, etab; produktu ontziratuak erostean, hobe da ahalik eta ontzirik handienak aukeratzea, etxeko zaborretan ontzi gutxiago pilatzeko.
- Erabil itzazu zeure poltsak edo erosketa-gurdia erosketak egiteko.
- Ez erosi hainbat substantzia (adibidez, CFCak eta paradiklorobentzenoa) dituzten aire-freskagarriak.
Azken aldaketako data: