2017-2020rako Osakidetzako Pazientearen Segurtasun Estrategiak sei ekintza ildo berri jaso ditu
Ezarritako ekintza-ildoek eta proiektuek aurrera jarraitzen dutela bermatzea eta, horretarako, azken urteotan lortu den ikaskuntza txertatzea eta erronka berriak hartzea da 2017-2020rako Pazientearen Segurtasun Estrategia berriak lortu nahi duen helburua. Estrategia gaur aurkeztu du Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Andoni Arcelai Osakidetzako Osasun Asistentziako zuzendariarekin eta Enrique Peiró Osakidetzako Osasun Publikoko eta Segurtasuneko Programen koordinatzailearekin batera.
Osasun sailburuak berak azaldu duen bezala, honako hauek dira jaso diren berrikuntza nagusiak:
Segurtasuneko gorabeheren kudeaketa
Pazientearen Segurtasuneko jakinarazpen- eta ikaskuntza-sistemaren garapen kuantitatibo eta kualitatiboan, erabat helduko zaio Segurtasuneko gorabeherak kudeatzeari, bermatzeko, batetik, ahalik eta ehuneko gehiena aztertzen dela eta, bestetik, ikaskuntza, pazientearentzako minik gabeko Segurtasuneko sorabeheren jakinarazpenetik ez ezik, mina eragiten dutenen (gertaera kaltegarriak) jakinarazpenetik ere abiatuta.
Bigarren eta hirugarren biktimei arreta
Segurtasuneko gorabeheren eremu berean, funtsezkoa da arretara bideratutako gomendio zorrotzei jarraitzea, ez bakarrik eraginpean dauden pazienteei -horiek, hala eta guztiz ere, lehentasunezkoak dira-, baita tartean diren profesionalei (bigarren biktimak) eta gorabehera horien lekuko izan diren erakundeei (hirugarren biktimak) ere.
Pazientearen segurtasuna Larrialdietako Zerbitzuetan
Larrialdi-zerbitzuak eremu berezia da eta, bertan, segurtasun-gorabeherak izateko aukera handiagoa da. Hori dela eta, problematika horri ikuspegi korporatiboarekin helduko zaio, betiere xedea unitate horietan arreta jasotzen duten pertsonen segurtasun-maila sendotzea izanik.
Jardunbide egokiak desnutriziorako arriskuan ospitaleratzen diren pazienteetan.
Jakingo duzuenez, paziente talde batzuk, hainbat faktorerengatik -besteak beste adina, elkartutako patologia jakinak-, bereziki ahulak dira desnutriziorako egon daitekeen arriskuaren aurrean. Osakidetzan, esperientzia aitzindariak daude arrisku hori prebenitzeko. Gure asmoa, orain, proiektu horiek orokortzea da eta, horretarako, Euskadin ospitaleratutako pertsonetara iristea.
Jardunbide egokiak gernu-ihesaren prebentziorako
Ildo honen helburua da pazienteen egoera funtzionalaren balorazio egokia egiteko bide ematea, bai eta ospitaleratzean pixa egiteko behar dituzten laguntzen balorazio egokia egiteko bide ematea ere. Abiapuntu hori kontuan izanik, asmoa izango litzateke ospitaleratzean xurgatzaileak desegoki erabiltzearen ondoriozko ihesa saihestea.
Ekintza-plana antibiotikoekiko erresistentzietan
Etapa berri honetarako, antibiotikoak preskribatzeko optimizazio-programak (PROA) orokortzea planteatzen da, beharrezkoak diren antibiotikoak preskribatzera bideratuak, eta, horrela, funtsezkoak ez diren tratamenduak saihestea eta kasu bakoitzean egokiena dena hautatzea.
Proiektu horiek, Osasun sailburuak esan bezala, "prestakuntzako ekimenen bidez segurtasunaren kultura sustatzen eta zabaltzen jarraitzeko dugun gaitasunaren" arabera gauzatuko dira. Horrela, Osakidetzako plantilla erdi inguruk dagoeneko egin duen onlineko oinarrizko ikastaroa profesional-kopuru gehiagori zabaltzeko ahalegina bikoiztuko dela jakinarazi du eta, gainera, proiektu bakoitzari buruzko ikastaro bereziak sustatuko dira. Sailburuak esan duenez, asmo handiko estrategia hori zabaltzeko, gure profesionalen lankidetza eta inplikazio aktiboa behar da; "horiek bilakatu dute aurreko estrategia arrakastatsu eta eraginkor, eta orain, beren ahaleginarekin, etengabeko hobekuntzan eta gorabeheren arriskuaren murrizketan aurrera jarraitzea lortuko dute".
Informazio gehiago: deskargatu prentsa oharra
Deskargatu: 2017-2020rako Pazientearen Segurtasun Estrategia
Azken aldaketako data: