Euskadi Literatura Sariak (2007)
Euskarazko literatura
Gaztelaniazko literatura
Haur eta gazte literatura
Euskarazko literatura itzulpena
EUSKARAZKO LITERATURA
Xabier Montoia
Euskal Hiria sutan
Elkar
18.000 euro eskuz esku eta 3.535 euro saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratu ahal izatea bideratuko duen hitzarmena sinatu ostean.
Epaimahaia:
Karlos Otegi Lakuntza, epaimahaiburu.
Jon Kortazar Uriarte, epaimahaikide.
Arantxa Urretabizkaia Bejarano, epaimahaikide.
Karlos Santisteban Zimarro, epaimahaikide.
Pello Otxoteko Vaquero, epaimahaikide.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak erabaki du 2007. urteko Euskadi literatura saria, euskarazko literatura modalitateari dagokiona, Xabier Montoiaren Euskal Hiria sutan lanari ematea.
Besteren artean, epaimahaiak honako arrazoi hauek ikusi ditu liburu hau saritzeko:
- "Gure inguru hurbilean gerta litezkeen istorioak, unibertso hurbil baten erakusleiho bizi-bizia, giza sentimendu eta jokaeren mosaiko zabala. Eta horien bidez mundu ikuskera pertsonal baten zirriborroa."
- "Giro, erritmo, tonu desberdinen bariazio lortua, idazkera zuzena, sarkorra, ausarta."
Xabier Montoia (Vitoria-Gasteiz, 1955)
Musikari eta idazle da. 80ko hamardakaren hasieran Hertzainak taldea sortu zuen. Ondoren, 1991 arte, M-ak taldean aritu zen. Harrezkero, bakarka jardun du lanean.
Literatura arloan ere musikan hasi zen garai bertsuan hasi zen: 1983koa du lehenengo lana Anfetamiña poema liburua. Haren ondotik etorri ziren poemariook. Likantropo (1985), Narraztien mintzoa (1988) eta Bingo (2005).
Era berean, hainbat narrazio lan argitaratu ditu: Non dago Stalin (1991), Emakume biboteduna (1992), Gasteizko hondartzak (1997), Plastikozko loreak erregearentzat (1998), Hezur gabeko hilak (1999), Baina bihotzak dio (2002), Denboraren izerdia (2003), Blackout (2004), Elektrika (2004), eta aurtengo Euskadi sario jaso duen Euskal Hiria sutan (2006).
Euskal Hiria sutan
"Orain. Hemen. Gure inguruan gertaturiko istorioak, gertatzen ari direnak apika. Droga-salerosketa zein bikote arazoak, politikoen ustelkeriak nahiz guraso eta seme-alaben konpondu-ezinak. Gai guztiak dira posible, giro guztiek dute tokia, jende-mota orok du bere txokoa euskal hiri honetan.
Ipuingintzarako bere maisutasuna behin baino gehiagotan frogatu ondoren, anbiziorik handieneko proiektuari ekin dio Xabier Montoiak bilduma berri honetan: idazkera doi eta estilo zehatzez, gizarte baten luze-zabala erakutsi, bere xehetasun txikienetan ez bada, bai bere ezaugarri eta zertzelada nagusietan.
Asmamen izugarria, girotze bikaina, erritmo lortua, teknikaren menperatzea aipa litezke lanaren dohainen artean. Horien gainetik edo azpitik, baina, pertsonaien eraikuntza biribila eta haien gorabeheren sinesgarritasun osoa nabarmentzen dira; euskal hiri honetan ere sutan baitira gizakien bihotz beti zaurituak."
Zatia
Igandea da, uda bukaerako igandea, eta norabait joan daitezela eskatu dio Susanak senarrari, bazkaldu ondoren. Nekez onartu dio eskaera. Igandeak etxetik irten gabe nahiago senarrak, batez ere futbola atzera hasi denetik. Telebistako partida hasi aurretik itzuliko direla agindu dio Susanak, ordu bateko osteratxoa besterik ez dela izango, kafea nonbaiten eta ibilaldi osasuntsu bat ondoren. Altxatu da senarra azkenean, Susanak agindutakoak beste irtenbiderik uzten ez diola iritzita, albo banatan dituen semeak begira dituela. (…)
Ozta hitz egin dute pasealekura iritsi arte. Hanka luzeak ditu senarrak, eta nahikoa lan du Susanak harekin batera ibiltzen. Alferrik erregutu dio urtetan, pitin bat motelago joan dadila.
Serio hitz egin behar dugu.
Itsasoari begira dago senarra, ezer entzun izan ez balu bezala.
Gutaz hitz egin behar dugu, gaineratu du Susanak, badaezpada ere.
Senarrak berdin jarraitu du.
Utzi egin behar zaitut, Andres. Horrela esan dio, zuzen eta artez, azken egunetan pentsatutako hitz egokiez bat-batean ahaztuta. Senarraren ahotik irten diren hitzak ere ez dira izan Susanak espero zituenak. Oihuen eta orroen ordez, ahots apalez egindako galdera soil bat ahoratu zaio, desenkusan bezala: Noiz?
Ez dakit seguru. Lehenbailehen. (…)
Seguru zaude?
Bai.
Ondorengo isilunea astuna izan da, gogorra, harkaitzen kontra talka egiten duten uhin amorratuek ere pitzatu ez dutena. Harik eta, hura areago eraman ezinik, Susana berriz mintzatu den arte: Maitemindu egin naiz.
Finalistak
- "Ezkatak". Leire Bilbao (Susa)
- "Ero hiria". Javi Cillero (Alberdania)
- "Negutegia". Ixiar Rozas (Pamiela)
- "ETAren hautsa". Joseba Zulaika (Alberdania)
GAZTELANIAZKO LITERATURA
Juan Bas
Voracidad
Ediciones B
18.000 euro eskuz esku eta 3.535 euro saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratu ahal izatea bideratuko duen hitzarmena sinatu ostean.
Epaimahaia:
Javier de Dios López epaimahaiburu.
Miguel González San Martín, epaimahaikide.
Luisa Etxenike Urbistondo, epaimahaikide.
Teresa Calo Fontan, epaimahaikide.
Antonio Altarriba Ordóñez, epaimahaikide.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak erabaki du 2007. urteko Euskadi literatura saria, gaztelerazko literatura modalitateari dagokiona, JUAN BASen Voracidad lanari ematea.
Idazlanen literatura-kalitateari eta dimentsioari buruzko eztabaida zabala izan ondoren, epaimahaiak honako arrazoi hauek ikusi ditu lan hau saritzeko:
- "Voracidad oso titulu esanguratsua da, sekula asetzen ez den gizarte irentsizale baten irrika bulimikoa, azkenean bere burua ere suntsitzeraino iristen dena; gaur egungo gizartearen eta hedabideen irakurketa satirikoa.")
- "Erritmo biziko eleberria da, idazkera arinekoa, eta ahots bereziaz eta gogoeta zorrotzez hornitua. Gaurko bizimoduaren irudi grotesko, barregarri eta, aldi berean, zuhurra ematen du."
Juan Bas (Bilbao, 1959)
Gidoigilea izan da, komikiena, irratian, eta Farmacia de guardia eta Turno de oficio bezalako telesailetan. Ediciones Destinon argitaratu ditu narrazio laburretako liburu batzuk: Fernando Maríasekin idatzitako Páginas ocultas de la historia (1999), La taberna de los 3 monos (eta pokerrari buruzko beste ipuin batzuk) (2000), eta eleberriak ere bai: Alacranes en su tinta (2002) eta La cuenta atrás (2004). Anaya argitaletxean gazteentzako eleberri historikoak argitaratu ditu: El oro de los carlistas (2001) (Alianza berrargitaratua 2004an) eta Glabro, legionario de Roma (2002). Tratado sobre la resaca sasi-saiakera ere idatzi du (Temas de Hoy, 2003). 2006an Voracidad argitaratu zuen (Ediciones B). Eta atera berri du El número de tontos (El Correo, 2007), prentsan agertutako artikuluen bilduma. Bere lanak frantsesa, alemana, italiera, errusiera eta norvegierara itzuli dira. El Correon eta Vocentoren beste egunkari batzuetan zutabegilea da.
Voracidad
Voracidad umore beltz garratzez zipriztinduriko eleberri probokatzailea da. Juan Bas idazleak eskuinak gobernatutako Espainiaren erretrato satirikoa egin du, sexuaz, telebistaz, saltsa-miatzaileen bizimoduaz, mendekuaz eta, are, Internet bidezko maitasunaz. Pacho Murga delako bilbotar aberaskume gainbehera egindako batek kontatzen du, lehenengo pertsonan, nolako ibilerak bizi dituen gaur egungo mirarien gorte batean.
Behin ekinez gero, ustegabeko amaierara iritsi arte irakurleak utzi ezinezko eleberri bitxia.
Zatia
Presidía el gobierno un hombre antipático, Luis Fernando Alabarda, uno de esos tipos que se consideran a sí mismos muy serios, muy españoles y blasonados de nobleza y rancia hidalguía; exhibidor de una sonrisa breve y más falsa que los gemidos de una puta; con delirios de grandeza y complejo de inferioridad encubierto por un orgullo exacerbado y ausente de autocrítica; muy frío, lacónico y autoritario, recordaba en el carácter a Franco. Y aunque intentaba ir de currutaco, su bigotito y peinado producían el efecto condicionado de querer pedirle un cortado, pues eran más propios de uno de esos camareros con chaquetilla blanca que justo tapa el culo, que sirve en una cafetería vetusta con veladores de mármol.
Con semejante tropa en el poder, de hipócrita afección al meapilismo, el olor a cirio eclesiástico se intensificó hasta el mareo. Ante el empacho de pan de hostia no fueron pocos los que añoraron la época en que se consideraba que cuando mejor ilumina la iglesia al pueblo es al arder.
El mafioso Opus Dei resurgió de sus cenizas, nunca lo suficientemente apagadas, y se enquistó, como durante la fase final del franquismo, en altos cargos de los tres poderes del Estado. Junto al Opus, consiguió también pujanza otra secta religiosa tanto o más siniestra, Los Legionarios de Cristo, protegidos por Ana Yelmo, la esposa de Alabarda y aún más antipática que él, que a su vez hacía pinitos políticos y había conseguido la concejalía de Bienestar Social del Ayuntamiento de Madrid, cuyo programa de actuaciones presentó en el hotel Ritz.
Finalistak
- La respuesta. Garcia Ronda, Angel (Taller de Mario Muchnick)
- Cantos del dios oscuro. Murua, Kepa (El Gaviero Ediciones)
- Un extraño envío. Otxoa, Julia (Menos Cuarto)
- Nanga. Uribe, Willy (Leqtor)
EUSKARAZKO HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Miren Agur Meabe
Urtebete itsasargian
Elkar
14.500 euro eskuz esku eta 2.475 euro saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratu ahal izatea bideratuko duen hitzarmena sinatu ostean.
Epaimahaia:
Mikel Ayerbe Sudupe, epaimahaiburu.
Patxi Zubizarreta Dorronsoro, epaimahaikide.
Itziar Zubizarreta Ayerbe, epaimahaikide.
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria, epaimahaikide.
Susana Larre Muñoz, epaimahaikide.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak erabaki du 2007. urteko Euskadi literatura saria, haur eta gazteentzako euskarazko literatura modalitateari dagokiona, MIREN AGUR MEABEren Urtebete itsasargian lanari ematea.
Idazlanen literatura-kalitateari eta dimentsioari buruzko eztabaida zabala izan ondoren, epaimahaiak honako arrazoi hauek ikusi ditu lan hau saritzeko:
- "Euskal Herriko kostaldeko herri txiki batean, 36ko gerra garaian girotutako gazte baten istorioa kontatzen zaigu. Gerra etorri, pasa eta ihesbidea markatzen den bitartean, mutilaren bilakaera eta lekukotasuna erakusten dira."
- "Istorioa oso ongi egituratutako hari narratibo batean emana dago. Bai pertsonaiak, bai une historikoko gainontzeko elementuak, irudi bisual eta zentzuen araberako hizkuntza sarritan poetikoan uztartzen dira."
- "Egoera bortitz batean, protagonista gai da bizitzari aurre egiteko eta etorkizunerako zubi bat eraikitzeko."
Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962)
Lehen Hezkuntzako irakaslea eta euskal filologoa, Giltza argitaletxeko zuzendaria da eta euskarazko ikasliburuak egitea du lanbide. Helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du.
1986an argitaratu zuen bere lehen liburua, Uneka… gaba , ipuin-bilduma.
Bere bigarren poema-liburuak, Azalaren kodea , 2001eko Kritikaren Saria jaso zuen.
Haur eta gazte literaturan, honako lan hauek ditu aipagarrienak: Itsaslabarreko etxea (Euskadi Gazte Literatura Saria 2002an), Nola zuzendu andereño gaizto bat (2003), Etxe bitan bizi naiz (2003) edo Urtebete itsasargian (2006). Azken hori IBBYren 2008ko ohorezko zerrendarako hautatua izan da.
Han-hemengo jardunaldietan hartu du parte, hala nola Dublin Festival Writers 2003, Emakume Poeten xxx Nazioarteko Kongresua (Gasteiz, 2005), XXI. Vjlenica Jaialdia (Eslovenia, 2006) edo Edinburg Eisteddfod delakoan (2007).
Beste egile batzuekin batera agertzen da hainbat lan eta antologiatan, eta bere testuetako batzuk beste hizkuntza batzuetara eta brailerra itzuli dituzte.
2006an euskaltzain urgazle izendatu zuten.
Urtebete itsasargian
1936ko uda. Gerra hasi berri da, eta Jon Garraitzetara iritsi da, osabarengana. Urtebete pasatuko du itsasargian. Urte horretan, aldatzen ikusiko ditu bere burua, bere bizitza eta bere ingurua: maitasuna eta gorrotoa ezagutuko ditu, gizakiak duen onena eta txarrena, baita herri baten sufrimendua eta itxaropena ere.
Zatia
Bizikleta hartuta, herrira joan nintzen.Autobusen garajearen aurrean, jendea zegoen arduradunari galdezka, atea giltzatzen ari baitzen:
–Ez da Bilboko autobusa etorri?
Garajeko gizonak ilun erantzun zien:
–Etorri ere ez da egingo. Ezin da Gernikatik pasatu. Gernika kiskalita dago.
Gero neuri esan zidan, ezagutu egin ninduelako:
–Zu Alejandroren iloba zara, ezta? Matiasenean daukazu.
Arnasa etenda heldu nintzen Matiasen tailerrera. Osaba buruarekin belaunak jo beharrean zegoen, aulki baten jarrita, bere kautan berbetan.
–Osaba –esan nion–. Zer, osaba?
Aurpegia goratu zuenean, orban beltz bat ikusi nuen haren begiradan, ez beste ezer.
–Katalin Gernikara joan da goizean, haziak erostearren. Astelehena azoka-eguna denez… Txabola ondoan ortua ipini nahi zuen… Hementxe itxarongo diot, itzuli arte.
Arantza bat igarri nuen eztarrian.
Oinak arrastaka, Mirraren etxeraino inguratu nintzen. Aldaba jo nuen, baina erantzunik ez. Atzera ere jo nuenean, kisketaren kirrinkarekin batera, auzoko bat atera zen leihora:
–Behekoak ez daude. Presaka alde egin dute, ez dute esan nora. Nor zara, itsasargiko mutila? Mirarik enkargu hau utzi dit zuretzat –eta zerbait bota zidan balkoitik, papertxo batean batuta.
Makurtu egin nintzen hartzeko, Txipriztinek aurpegia miazkatzen zidan bitartean. Paperean Mirraren belarritakoetako bat zegoen. Berriz nire eskura, noiz edo noiz biok berriro elkartzeko imanarena edo kutunarena egin zezan? Espaloian eseri nintzen indargetuta eta lehentxeago osabari entzundako hitz berberak errepikatu nituen:
–Hementxe itxarongo diot.
Finalistak
- Kea airean bezala. Azkue, Imanol (Elkar)
- Lesterren logika. Cano, Harkaitz (Elkar)
- Borobiltxo, ilargiaren bila. Gaztelumendi, Dei (Aizkorri)
EUSKARAZKO LITERATURA ITZULPENA
Fernando Rey
Pereirak dioenez (Antonio Tabucchi)
Igela
14.500 euro. Eskuz esku.
Epaimahaia:
M. Bakartxo Arrizabalaga Labrousse, epaimahaiburu.
Karlos del Olmo Serna, epaimahaikide.
Irene Arrarats Lizeaga, epaimahaikide.
Mikel Hoyos Sein, epaimahaikide.
Josu Barambones Zubiria, epaimahaikide.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Lan finalisten kalitateaz luze-zabal hitz egin ondoren epaimahaiak honako erabaki hau hartu du: aurtengo itzulpenaren Euskadi sariaren irabazle Fernando Rey jauna izendatzea, Antonio Tabucchiren Pereirak dioenez lana euskaraz emateagatik.
Besteren artean, epaimahaiak honako arrazoi hauek ikusi ditu liburu hau saritzeko:
- "Liburu honen bidez, euskal irakurleak badu Tabucchiren estiloa jasotzeko aukera, jatorrizkoaren usaina nabaritzen baita."
- "Naturaltasuna eta fideltasunaren arteko oreka modu errazean lortzen du, estilo itxuraz arina eta behartu gabea erabiliz."
- "Euskara betean, italierazko liburu bat oparitu digu."
Fernando Rey (Iruñea, 1961)
Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean. Zenbait urtez euskara irakasle ibili ondoren, 1988az geroztik itzultzaile lanetan ari da Nafarroako Gobernuan. Igela argitaletxeak aukera emanda, literatura itzulpenera salto egin, eta ofizio eta afizio bihurtu zaizkio itzulpengintza eta testuen zuzenketa.
Itzulitako idazleak: Conan Doyle (Sherlock Holmesen abenturak), Jan Neruda (Mala Stranako ipuinak), Horace McCoy (Hobe nuen etxean gelditu), Bohumil Hrabal (Zorrotz begiratutako trenak), Yasar Kemal (Ararat mendiaren sumina). Azken urteetako itzulpenak: Gure etxeko kontuak (Natalia Ginzburg), Paradisuko almanaka eta Guizzardiren abenturak (Gianni Celati), Oker ttiki garrantzigabeak, Porto Pimeko dama eta Pereirak dioenez (Antonio Tabucchi), eta, Monika Etxebarriarekin batera, Elurra (Orhan Pamuk).
Pereirak dioenez (Antonio Tabucchi)
Pereira kazetari zahar bat da, Portugalen, Salazarren diktaduraren une gogorrenetan, egunkari kaxkar bateko orrialde kulturalaz arduratzen dena. Pereira iraganean iltzatua dago, bere emaztea izan zenaren oroitzapenetan, baina kolaboratzaile bat behar du orrialde kulturalerako. Bizitzaren aldeko apustua egiten duen bikote gazte batek –Monteiro Rossi eta Marta bere emaztegaia- eta haiekiko harremanak kontzientzia azterketa sakona eginaraziko diote eta, ondorioz, aldaketa sakona gertatuko da bere barrenean.
Nobela honetan, epailearen aurreko testigantza edo deklarazioa balitz bezala, bere barreneko aldaketa horren berri emanen digu, zintzotasunaren eta askatasunaren aldeko hautuaren fruitu.
Antonio Tabucchi Italian jaio zen, Pisan, 1943an. Europako literaturaren ahots adierazgarrienetako bat da. Nobelak idatzi ditu, baita kontakizun laburrak, saiakerak eta antzerki-lanak ere. Tabucchiren nobeletako batzuk zinemarako egokitu dira, eta baita antzerkirako ere.
Ospe handieneko sariak jaso ditu Italian, Frantzian, Grezian, Austrian eta Espainian. Irakasle aritu da Sienako Unibertsitatean –orain erretiroa hartuta dago- eta irakurle ibili da atzerriko izen handiko zenbait unibertsitatetan.
Italiako eta Italiatik kanpoko egunkari askotan idatzi du, eta gaur egun idazten segitzen du, baita zenbait aldizkari kulturaletan ere. "International Parliamente of Writers" erakundeko kidea da, eta haren sortzaileetako bat. 2000. urteaz geroztik Pen Club-ek literaturaren Nobel Sarirako proposatu dio Suediako Akademiari.
Zatia
Pereirak dioenez, asalduan atera zen solasaldi ttiki horregatik eta agurtu zuen moduagatik. Galdetu zion bere buruari: non bizi naiz? Eta ideia xelebre bat piztu zitzaion: bera, beharbada, ez zela bizi, hila balitz bezala bizi zela. Bere emaztea zendu zenetik, bera ere hila balitz bezala bizi zela. Edo hobeki esanda: ez zuela deus egiten heriotzan pentsatu besterik, heriotzan eta haragiaren piztueran, hartan ez sinetsi arren, eta halako txorakerietan, bere bizitza bizirik iraute hutsa zela, bizi-itxura. Eta Pereira, dioenez, akiturik sentitu zen. Eta arrastaka joan zen tranbiaren geltoki hurbileneraino eta Terreiro do Paçoraino eraman zuen tranbia bat hartu zuen. (…)
Pereirak dioenez, bazen denbora puska bat emaztea zenaren erretratuari hitz egiteko ohitura zeukala. Egunean zehar egindakoa kontatzen zion, bere sentimenduak azaltzen, aholkuak eskatzen. Ez dakit non bizi naizen, esan zion Pereirak erretratuari, aita Antoniok ere esan dit, problema zera da, heriotza beste konturik ez dudala buruan, iruditzen zait jende guztia hila dela edo hiltzeko puntuan dagoela. Eta gero Pereirari izan ez zuten umea etorri zitzaion burura. Berak bai, gustuz izanen zuen ume bat, baina ezin zion halakorik eskatu gauak lo hartu ezinik eta bolada luzeak erietxean ematen zituen andre argal eta sufritu hari. Eta nahigabeak hartu zuen. Zeren seme edo alaba bat izan balu, seme edo alaba heldu bat mahaian harekin eseri eta hitz egiteko, orain ez zuen premiarik izanen ia-ia ahaztua zuen bidaia urrun hura oroitarazten zion erretratu horrekin hitz egiteko. Eta esan zuen: tira, zer eginen diogu, hori baitzen bere emaztea zenaren erretratuari agur esateko modua. Gero sukaldera joan, eseri, eta txuleta frijitua zuen paderaren gaineko estalkia kendu zuen. Txuleta hotza zegoen, baina ez zuen berotzeko gogorik. Beti horrela jaten zuen, atezainak utzi bezalaxe: hotza. Laster jan, komunera joan, besapeak garbitu, atorra aldatu, gorbata beltz bat jantzi, eta mila bederatziehun eta hogeita zazpian Madrilen erosi zuen flaskoan gelditzen zen urrin espainiarretik pixka bat jarri zuen. Gero jaka arrea jantzi eta Praça da Alegriara joateko atera zen, ordurako, Pereirak dioenez, arratseko bederatziak baitziren.
Finalistak
- Peaceful soldadua (Michael Morpurgo) - Mirentxu Larrañaga (Alberdania)
- Zenbakirik gabe bizi: matematika-ezjakintasuna eta haren ondorioak (John Allen Paulos) - Josu Zabaleta (EHU)
- Mirarien kalezuloa (Nagib Mahfuz) - Patxi Zubizarreta (Elkar & Alberdania)