Euskadi Literatura Sariak (2003)
Euskarazko literatura
Gaztelaniazko literatura
Haur eta gazte literatura
Euskarazko literatura itzulpena
EUSKARAZKO LITERATURA
Peio Lizarralde
Larrepetit
Erein
12.000 euro eskuz esku eta 3.000 euro saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratu ahal izatea bideratuko duen hitzarmena sinatu ostean.
Epaimahaia:
Maria Jose Olaziregi, epaimahaiburu.
Jon Mikel Arano, epaimahaikide.
Begoña Bilbao, epaimahaikide.
Miguel Angel Elkoroberezibar, epaimahaikide.
Pello Otxoteko, epaimahaikide.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak ahobatez erabaki du Peio LIZARRALDEren Larrepetit izenarekin idatzitako eta Erein argitaletxean argitaratutako liburuari "Euskadi Saria" ematea. Esan daitekeenarekin, isiltasunarekin, jolasten du Lizarralderen prosa minimalistak eta balio ia-epifanikoa duten keinu, usain, kolore eta mugimendu xumeenetan kokatzen da. Baina batez ere, amildegi berde eta ilunak ezkutatzen dituen naturan pausatzen da narratzailearen begirada. Indar liriko handiko deskribapenez baliatuz, kontamolde objektiboak muturretara eramanez, giroak, barne egoerak agintzen du Lizarralderen narratiban.
Peio Lizarralde (Zumárraga, 1956)
Zumarragan jaio zen 1956an. Gaur egun Iruñean bizi da.
1978an argitaratu zuen bere lehendabiziko lana, "Hilargiaren hotzikarak" poesia bilduma, Hordago argitaletxean. Bi eleberri idatzi zituen ondoren: "E pericoloso sporgesi", 1984an eta "Hatza mapa gainean", 1988an. Pamielak argitaratu zituen. Bere hurrengo bi lanak ipuin bildumak izan dira. Biak ere Pamielan argitaratuak eta kritikaren harrera ezin hobea jaso dutenak. Ipuin bilduma bana dira: "Sargori", 1994ekoa eta "Un ange passe"- Isilaldietan-" 1998koa.
Itzulpen lanak ere egin ditu. Berrienen artean aipatzekoak Natalia Ginzburg-en "Hirira doan bidea" (Igela, 2001) eta idazle beraren "Arratseko ahotsak" (Igela, 2003).
Larrepetit
Abel gaztea, izengoitiz Larrepetit, eta Joxe ijitoa bi iheslari dira. Kalabozo ataritik ihes egin berri dute eta bidean doaz, joanean, nora oso ondo jakin gabe. Ez dute elkar ezagutzen eta ez dute elkar ezagutzeko hitz gehiegi egingo. Ez dira hitz askoko gizonak. Ihesaldian zapalduko duten belarrak, gurutzatuko dituzten arbolek, igoko dituzten muinoek eta topatuko dituzten errekek askoz ere gehiago hitz egingo dute beraiek baino. Eta irakurlea ere naturaren soinuei adi jartzea lortzen du Lizarraldek, soinu horiek zerbait gertatzera doala iragarri behar balute bezala.
Iheslariak ihesean doazen bitartean, batetik bestera bidaian dabil Lainez. Biajantea ofizioz ofizialki, hain ageriko ez diren beste zenbait lan egitetik bizi den arren.
Ez dira eleberriko pertsonaia bakarrak. Askok egiten dute sartu-irtena hiru pertsonaien joan-etorrian zehar. Hiru ibiltariak dabiltzan bitartean, gainontzekoak beren herritan, beren etxetan, beren dendetan daude. Pertsonaiak direnik ere jakin gabe.
Irakurleak badaki uneren batean bi iheslariek eta biajanteak topo egingo dutela. Irakurleak badaki hirurek topo egiten duten unean zerbait gerta litekeela.
Eta hirurek topo egiten dute. Eta hasieratik iragarrita dagoen bezala zerbait gertatuko da.
Zatiak
Lehenengo izena, bataio izena, dagoeneko inork ebakitzen ez duena: Abel. Entzunez gero ez daki burua jiratuko lukeen. Ez du uste beste luzeago horretaz libratzerik izanen duenik: Larrepetit. Larpeti eta Peti laburragoak. Izengoitiari kontra egitea pentsatze hutsak irribarrea eragin dio.
-Joxe. Joxe diat nik grazia.
Abelek, hitzik atera gabe, baietz dio buruarekin. Apur bat bereiziak ditu ezpainak. Grazia. Doinu eta guzti iritsi zaio. Aitari entzundako bertsoren baten durundia, agian. Abel bere buruari galdezka nola iritsi ote den hitza Joxe deitzen omen den horren ezpainetara. Igartzen zaila bada ere, Abelek esanen luke ez dituela hogeita hamabost urte.
-Bai, gizona -honek ere apalago-, gaur eguerdi aldera izan omen duk, han, udaletxeko atarian. Nonbait, guardiek autora zeramatzatenean hanka egin zietek.
-Baina nork eta?
Langileak berriro gasolina neurtu eta husteari ekin dio.
-Ijito batek eta mutil gazte batek.
Kaboak burua goratu arren ez du erantzun eta, atzera, irakurtzen jarraitu du beste pixka batean. Numeroak zigarro bat piztu du.
-Biajantea, beraz…- kaboak, oraingoan paperak utzi eta Lainezi begira.
-Bai -eta Lainezek eskuak lotu eta aurreko aldean jarri ditu.
Joxek, ibilera batere moteldu gabe, burua bihurtu du:
-Eta? Nora joan nahi duk, ba?
-Hor beti izanen diagu arrisku handiagoa. Jendea edo autoa, edo.. nik zer dakit ba.
Joxek airean inarrosi du makila:
-Ez didak oraindik esan nora joan nahi duan.
Erreka zulotik aldendu ahala soilduz joan da oihana eta aniztuz soinuak. Haran puska bat ikusten uzten dien lehenengo argiunean gelditu dira. Abelek urrats batzuk egin ditu ikusmira zabaltzearren. Gero begiratu gabe mintzatu zaio bidaideari.
-Hik uste libre garela… goardiek etsi egin dutela?
-Goiti joateko bidean gaudela esan duk…-urratu du isiltasuna Abelen ahots nekatuak.
Joxek eztarria garbitu eta ttu egin du burua jiratu aurretik.
-Goiti bai- jarraitu du zuhur Abelek-, baina nora?
Joxek harritua dirudi.
-Ba, goiti -eta jarrera aldatu gabe burua altxatu du ohianaren gainetiko toki zehaztugabe bat seinalatzeko.
Ezustean harrapatu du ahotsak. Ordea, bere izena Joxek ebakia entzutea izan da Abel asaldatu duena eta burua altxarazi diona. Zer?, galdegin du larritasuna gorde ezinik.
-Zer zela eta hintzen han, kartzelan?
Kirrinkak iritsi dira jesarlekutik.
-Ez zakiat -Abelek segundo batzuen ondotik.
Bai, Joxek zerbait darabil buruan, eta bizkarra haritzean eta begiak lurrera eginak ia ordu erdia eramanen duen arren, Abelek badaki oso adi dagoela. Ttu egiteko mugitu denetik ez da errepidera hurbildu, eta Abel zain eta beha egon den bitartean ohartu da Joxek ez duela jadanik zizturik egiten eta ez duela zumerik eskuan.
Luze gabe, bi argi luze eta paraleloren keinua begiztatu dute errepideaz bestaldeko oihan ertzean.
Hotsetik nabari da ibilgailua oso mantso heldu dela.
Errepide meharraren albo banatatik bi figura atera dira. Errepide erdira jotzean kapoteek atzera egin dute, eta bat-batean, gelditu egin dira. Autoaren fokoek ia osorik argitu dituenean ezkerreko goardiak eskua altxatu du gelditzeko seinalea egiteko.
GAZTELANIAZKO LITERATURA
Antonio Altarriba
La memoria de la nieve
Espasa-Calpe
12.000 euro eskuz esku eta 3.000 euro saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratu ahal izatea bideratuko duen hitzarmena sinatu ostean.
Epaimahaia:
Miguel González San Martín, epaimahaiburu.
Sabina de la Cruz García, epaimahaikide.
Juan Manuel Díaz de Guereñu Ruiz de Azua, epaimahaikide.
Pablo González de Langarika Fernández, epaimahaikide.
Juan José Lanz Rivera, epaimahaikide.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak ahobatez erabaki du Antonio Altarribaren La memoria de la nieve izenarekin idatzitako eta Espasa-Narrativa argitaletxean argitaratutako liburuari "Euskadi Saria" ematea. Idazkera zehatza eta gardena duen La memoria de la nieve liburuak, abezturazko eleberria eta kontakizun politikoaren itxurapean, balizko ziurtasunak hauts bilakatzen direnean sortzen den zalantza eta zurztasun egoeraren inguruko parabola argia dugu. Idazleak literatura lan bikaina sortu du.
Antonio Altarriba (Zaragoza, 1952)
Zaragozan jaioa, 1952an. Frantses-Literatura katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean.
Irudia eta ikusmira gauzatzeko idazlanek eskaintzen duten aukeraz eta irudiak berak narraziorako duen aukeraz eta hauen arteko uztarduraz kezkatua, gai hauen inguruko liburuak idatzi ditu (Sobre literatura potencial Universidad del País Vasco 1987, Comicsarías). Ensayo sobre una década de historieta española PPU 1987, La España del tebeo. La historieta española de 1940 a 2000 Espasa Calpe (2001), eta komikiak, idazkera eta espazioa, literatura aukerei buruz artikulu ugari idatzi ditu munudu osoko aldizkarietan. Gionista gisa bi komiki liburuen egile da (Desfase , Ikusager 1986 y Detective , Ikusager 1991) eta historia labur ugari argitaratu ditu hemengo eta atzerriko aldizkarietan. Pilar Albajar argazkilariarekin elkarlanean aritu izan da, ondoren herri desberdinetan ikusgai eta aldizkarietan eta katalogoetan argitaratu diren argazki multzoetarako gidoiak prestaketan. Lan hauen hautaketa Sueños en el cuarto oscuro (Vitoria-Gasteiz 1993), Sexo, pecados y miedo (Elgoibar 2001) liburuetan eta galeri desberdinetako katalogoetan (Vitoria-Gasteiz 1997, Toulouse 1998, Madril 2000), argitaratu dira. Idazle gisa, hainbat literatur-sari irabazi du eta bere narrazioak literatura aldizkarietan argitaratu ditu. 1994an El filo de la luna eleberria argitaratu zuen Ikusager argitaletxean. 1996an Tusquets editores-en narrazioa erotikoak biltzen dituen Cuerpos entretejidos liburua argitaratu zuen eta urte bereko abenduan Papeles de Zarabanda argitaletxean gai berdinen inguruko beste bilduma kaleratu zuen.
El Mundu egunkariko Euskal Erico edizioan kolaborazioak idatzi ohi ditu kultura eta iritzi sailetan. Bere artikuluen hautaketa landua Contra corriente liburuan (Prames argitaletxea, Zaragoza 2000. urtea) argitaratu du.
Víctor Gorelikov bere memoriak idazten hasi zen Kremlinek Sobiet Batasuna amaitutzat eman zuenean. Eta hori badaki La memoria de la nieve kontatzen digun narratzaileak. Memoria haietako hitz asko erabiliko ditu Gorelikoven bizitza kontatzeko orduan. Baina hitz gehienak narratzailearenak dira eta ez Gorelikovenak.
Eta Gorelikovek badu zer kontatua. Umezurtz etxe batean hazi zen, lagun gutxi eta berotasun gutxiagorekin. Akademia militar batean egin zuen nerabezaroa, lagun gutxi eta berotasun gutxiagorekin. Eta heldutasunean ejertzitora iritsiko da inon diren zerbitzurik berezienak egitera. Bere bizitza bidaia guztian Yuri izango du era batera edo bestera alboan. Ustez bere lagunik onenak, ordea, ez dela bere lagunik onena frogatuko dio behin baino gehiagotan. Nahiz, urteek aurrera egindakoan jabetuko den Víctor, laguna izan bazela Yuri, eta bere heriotza ikertzeagatik sartuko da ikerketa berezi bezain desatsegin batean.
Víctor komentzituta bizi da benetako mundua deitzen dioguna, dena, antzoki bat besterik ez dela, jolas bat. Eta benetan berak ezagutzen duen benetako munduak hala dirudi: antzoki ilun bat, jolas krudel bat.
Finalista
- Los cormoranes", Carlos Aurtenetxe (Bermingham)
- En Bayona, bajo los porches", Miguel Sanchez-ostiz (Seix Barral)
- Materiales para una expedición", Pedro Ugarte (Lengua de trapo)
- Musgo", Agustín Vicente (Bassarai)
- La isla de los antropólogos", Iban Zaldua (Lengua de trapo)
EUSKARAZKO HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Fernando Morillo
Izar-malkoak
Aizkorri
9.000 euro eskuz esku eta 2.100 euro saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratu ahal izatea bideratuko duen hitzarmena sinatu ostean.
Epaimahaia:
Antton Irusta, epaimahaiburu.
Yolanda Arrieta, epaimahaikide.
Arrate Egaña, epaimahaikide.
Julen Gabiria, epaimahaikide.
Jose Maria Urteaga, epaimahaikide.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Euskadi Literatura Sarietako epaimahai honek, finalistatzat jo zituen idazle guztien lanen kalitateaz eta literatura-dimentsioaz luze-zabal hitz egin, eztabaidatu eta iritzi trukaketari ekin ondoren, aho batez honako hau erabaki du:
Euskadi Saria Fernando Morilloren Izar-malkoak lanari ematea. Egileak gazteei zuzendutako eleberri honetan, ohiko gai bati berariazko ekarpenak egin dizkio: gazte hizkera freskoa eta landua, elkarrizketa bizkorrak eta sugerenteak, hitz joko eta esaera bizi eta umoretsuak. Ekarpenoi esker, dotore jakin du giro urbano bat asmatzen eta eraikitzen.
Fernando Morillo (Azkoitia, 1974)
Azpeitian jaio zen 1974an.
Filosofia eta Fisika ikasketak egin ditu UNEDen.
Lehiaketa ugari irabazi ditu bere idazle-ibilbidean. Berak aitortu izan du, lehiaketetako sariak tentatuta hasi zela idazten, eta horretan jarraitzen du gaur egun, literatura bizi-bide bihurtuta.
Lan saritu hau baino lehen idatzi izan du gazteentzat: Gudaoste ametsak (1999), Bila nazatela (1999), Sexu egunsentiak (2000) edo Bihotz nahasiak (2001) dira bere gazteentzako eleberrietako batzuk.
Badu helduentzako eleberri bat ere argitaratua. Ortzadarra sutan, Elkar etxeak 2002an argitaratua, Igartza sariari esker.
Berea da Alberdaniak 2000. Urtean argitaratutako saiakera- liburu bat ere: Erraldoi errena (Zientzia, poesia eta beste hainbat mozkorraldi).
Izar-malkoak
Beñatek hamasei urte ditu eta informatika eta neskak maite ditu beste edozeren gainetik. Infomatikan hacker-a izatea du helburu bere lagun Ibonekin batera. Nesketan hasi berria da. Izan du lehendabiziko harreman txiki bat Jaionerekin, baina Maider ezagutzen duenean konturatuko da, zer den lehendabiziko aldiz maitemintzea.
Diskoteka batean ezagutuko du Maider, katu-begi berdeak dituen neska. Harritu egingo da Beñat hain neska erakargarria berarekin geratzen denean. Berriro ikusteko itxaropena galtzen hasita dagoenean, azaldu egingo zaio etxean ustekabean. Eta horrek ere asko harrituko du Beñat. Maiderren portaerak, Maiderren jarrerak, Maiderren ateraldiek, Maiderren ia denak harritzen du Beñat. Maider zenbat eta gehiago ezagutu, harritzeko arrazoi gehiago izango ditu, ordea.
Eta ez denak oso atseginak.
Zatiak
-Begira, horko horiei Izar-malkoak esaten zaie- esan nizun, esku batez zeruko puntu bat seinalatuz, eta zerbait botatze aldera. Beti gustatu izan zaizkit izarrak, eta banekien zerbait haietako gutxi batzuen izenen eta kontuen inguruan.
-Izar-malkoak- ezagutzen nituen astro bakarrenetakoak ziren eta aprobetxatu egin behar nuen, ño-. Pleiadeak. Orion ehiztariak harrapatu nahi omen zituen, eta jainkoek...
-Harrapatu? Zertarako?- eten zenidan. Ondo baino hobeto imajinatu zenuen zertarako. Zure begiradak majo adierazten zuen.
Nire telefono zenbakia eman nizun -zuk ez zenidan zeurea eman-. Eta kitto. Han ez zen ezer berezirik gertatu. Musu bat eman zenidan -kopetan-, eta ezkaratzeko atea zeharkatu zenuen, niri beste ezer saiazeko astirik eman gabe.
-Hobe hola, hi. Ez nian neska hura ezagutzen, baina buruarin hutsa iruditu zitzaidaan. Eta ez iruditu bakarrik. Ezagun batek bai, ezagutzen zian, eta horrekin argi ibiltzeko ahokatu zidak. Harroegia duk, Beñat. Itxura osoa zaukaan: harroputz madarikatu batena. Orain ahaztu ezak eta bakea.
"Ez inori azaldu zein izan diren zure balentria zibernetikoak, guztiz-guztiz fidagarria ez bada behintzat. Historiako hacker handienak ehizatu dituzte haien neskalagunen aitortzen ondorioz".
Horrela hasi zen guztia. Antzerkia, zinea, pasieraren bat -asko maite zenituen pasierak! Gero jakin nuen zergatia-. Dena oso azkar. Ez nintzen denboraren hegadez jabetu er eegiten, maldan behera eta galgarik gabe bezala nindoan. Horietan, jakina da, ostiakoa hartu eta hortzak galtzeko arriskua ez da baztergarria izaten. Berdin zitzaidan. Ordenagailua zenbait egunetan ahaztu eta guzti egin nuen -pentsa-. Besarkada ugari izan ziren bion artean. Musu gehiago.
Ez nengoen batere seguru zer moduz ari ote nintzen. Suposatzen dut antzemango zeniola. Nire lehendabiziko aldia zela, alegia. Ez zenuen horren inguruan ezer esan, ordea -ez orduan ez gero-, eta niri, izter haien artean korapilaturik, fantasiazko mundu batean eroria nintzela iruditu zitzaidan. Ondo gogoratzen dut zer nolako dardara izan nuen hankatan jardunaldi osoan.
Zalantzatan hasi nintzen. Zure portaera hotz hori ohikoa ote zenuen galdetu nion neure buruari. Zure aingeru itxurak, aingeru pagano eta erakargarrienaren itxuak, ez zidan hori sinesten uzten. Errugabeegia ematen zenuen zure irribarre pikaroaren azpian. Neuri buruari galdetu niola nioen, ea naturaltasun hori ikasitakoa zenuen, berezkoa, edo urduritasunaren ondorioa ere izan al zitekeen.
Zure amaren pausoak entzun genituen pasilloan aurrera. Bai bere gela bai zurea pasilloaren amaieran zeuden. Erdi-erdian, komuna. Alegia, gu. Arnasa eusten eman genituen hainbat segundo.
Nitaz aprobetxatzen zinela, hori oso garbi nuen- tontotuta nenbilen, baina inola ez itsu-. Berdin zidan , ordea. Benetan. Denak berdin zidan. Apetak apeta, nirekin gozatu egiten zenuen, argi zegoen. Eta horrek trankiltasun moduko bat eskaintzen zidan. Neure autoestimurako autojustifikazio merkea zen.
Gero, Maider… Gero badakizu zer etorri zen.
EUSKARAZKO LITERATURA ITZULPENA
Koro Navarro
Zortzi Kontakizun (Isaac Bashevis Singer)
Alberdania eta Elkarlanean
Epaimahaia:
Iñaki Mendiguren Bereziartu, epaimahaiburua.
Jon Alonso Fourcade, epaimahaikide.
Mikel Garmendia Ugarte, epaimahaikide.
Manu Lopez Gaseni, epaimahaikide.
Karlos del Olmo Serna.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiaren iritziz, Isaac Bashevis Singer-en "Zortzi Kontakizun" liburua, Koro Navarro Etxeberriak itzulia, da 2002ko euskarazko literatur itzulpen onena. 1978an Nobel saridun izan zen yiddishezko idazle bikain baina gure artean ezezagun samarra den Singer-en kontakizun ederrak jatorrizkoarekiko leialtasunez, zehatz eta gozo euskaratu ditu Koro Navarrok, urte askotako ofizioak eman dion eskarmentu aberatsaz.
Halaber, epaimahaiak aipamen berezia egin nahi du Bego Montoriok euskaratutako Germano Almeidaren "Napumoceno da Silva Araujo jaunaren testamentua" liburuaz, Cabo Verdeko idazlearen prosa jori eta oparoa, bere zailtasuna gorabehera, trebetasun handiz eman duelako euskarara.
Desagertutako mundu baten berri ematea, horixe izan zen Isaac Bashevis Singer idazle poloniar juduaren eginkizuna. "Zerbaitetan iruditu zait gure herri osoak, biziek bezala baita hilek ere, deitzen didatela justizia egin dezadan, ohiz kanpoko bizitzen eta heriotzen justizia… Baldin garairen batean yiddisha edota yiddish folklorea eta usadioak desagertuko balira, hartara bai, hartara Hitlerrek irabaziko zukeen, ez fisikoki bakarrik, baita espirituz ere. Egia da giza historia ezingo dela inoiz oso-osorik esan, baina historia judua ez da inoiz esango, jende gehiegi baitago konta dezakeena". Horixe ageri da sorta hau osatzen duten ipuin ederretan: yiddishez mintzatzen den (zen) herri bateko istorioak: istorio xelebreak dira batzuk, gogorrak besteak, umoretsuak gehienak. Hementxe daude Singerren kontakizun famatuenetako batzuk, Kafkaren adiskidea eta Yentl, besteak beste. Horiei esker bihurtu da Singer XX. mendeko kontalari hoberenetako bat.
Isaac Bashevis Singer (Literatura Nobel saria, 1978) Polonian jaio zen 1904an. Haren aita eta aitona errabinoak ziren, eta bera ere Varsoviako Errabino Seminarioan ikastera bidali zuten. Bide hori utzi ordea, eta 1935ean Estatu Batuetara emigratu zuen. Han kazetari moduan lan egin zuen; hebreeraz idazten hasi zen arren, yiddisha hautatu zuen laster adierazpidetzat. Singerren obra guztiak ingelesera itzuli dira, eta berak gainbegiratu izan ditu beti itzulpen horiek; izan ere, egileak berak aitortzen duenez, bere literaturaren parte garrantzitsua da itzulpena. Oso obra zabala du, kontakizun nahiz eleberriez osatua. Autobiografia zoragarri bat ere utzi digu: Love and Exile. Estatu Batuetan hil zen, 1991. urtean.
Koro Navarro (Donostia, 1955)
Donostian jaio zen 1955. Urtean.
Hispaniar filologian lizentziatua da Deustuko unibertsitatean eta gaur egun itzulpen, idazketa eta zuzenketak egiten ditu Rosetta testu zerbitzuen bulegoan.
1988. urtean argitaratu zuen bere lehendabiziko itzulpen lana: Patricia Higsmithen Poliki, poliki haizetan, Elkar argitaletxean. Haren ondotik etorri dira Truman Capote, Dashiel Hammet, John Le Carré, Edgar Allan Poe edo Agatha Christieren lanak. Berrienen artean, aipatzekoak dira 2000. urtean Euskadi Sarietan finalista izan zen Dylan Thomasen Artistakume baten erretratua (Alberdania) edo sariketa berean, 2001. urtean, finalista izan zen Poeren Kontakizunak (Ibaizabal).
Itzulpengintzan egin duen lanaz gain, Entziklopedigintzan ere aritua da. 1991 eta 2000. urteetan Donostiako LUR Argitaletxeko idaztaldearen zuzendariordea izan zen.
Zortzi Kontakizun (Isaac Bashevis Singer)
Itzultzaileak argitzen du liburuaren hitzaurrean Singerren ipuinek Poloniako juduen gazi-gezen berri ematen digutela, hasi XVI. Mendean eta Holokaustoaren bezperaraino. Polonia zaharra erakusten digula, mesias faltsuek sorturiko itxaropen eta arazoekin, tartariarrek eta kosakoek eragindako basakeriekin, edota Polonia modernoa, industrializazioaren hastapenetan, aurreramenduak juduei bereziki sortu zizkien kontraesenekin. New Yorken gertatzen diren istoriak berriz, dio itzultzaileak bertan bizi diren judu "asimilatu"en freskoa direla maiz. Bere historiak sufrimendutik sortuak direla dio amaitzeko eta Singerren tragedia dela ezin judu izan, judu ez izan nahi eta ezin judu ez izatea.
Parametro horietan kokatzen dira zortzi kontakizunak: pekaturik handiena egiten ari dela jakin arren ustez gauero deabruarekin oheratzen den bizi-alargunarena, sabeletik zerion suz inguru guztia erre zuen emakumearena, Kafkaren adiskidearena, kafetegian ezagututako emakumearen misteriorena, entziklopedia baterako dirua lortzeagatik iruzur izugarria egingo duen New Yorkeko judu poloniarrarena, bere ahalmenen berri ematera etorriko zaion xelebrearena kontatuko digun idazlearena, daukan guztia utzi eta egiaren bila abiatuko den errabinoarena, edota ezkontzeko gogorik ez zuelako gizonezkoz jantzita ikasten hasten den neskarena.
Zatiak
-Ez diozu ezer antzeman?- xuxurlatu zuen Hofrat Klementik misteriotsuki-. Aztertzen egon naiz denbora guztian. Atera kontuak: umore aldaketa bizkor hori! Hasierako jan beharra, edozein janarirekiko nazka bihurturik bat-batean. Ero-bolada zakar hori, basakeria hori animalia gaixo batengana, lehentxoago maitasunez jaten eman ondoren. Jauna! Ez zara jabetzen?
-Ez duzu esan nahiko…? -galdetu zuen Truxa irakasleak.
-Haxixa! -egin zuen garrasi Hofrat jaunak-. Haxix-erretzailea, zer bestela?
Horrexek nabarmentzen zuen Stanislaus Demba: besteek ez bezala jokatzeak. Muzin egiten zien, emakumeak inpresionatu nahian dozenaka erabilitako metodo zaharkituei. Hark ez zuen galaia eman nahi, higuin zituen gizontasun merkeko keinu hutsalak. Hazi egin zen andereñoaren interesa Dembarengana.
-Nire ondoan eseri zen atzo arratsaldean Café Sistiana-n -esan zuen Neuhäusl jaunak, erlojuaren tapa itxi eta txalekoaren patrikan sartuz.- Egunkaria trankil irakurriko nuelakoan, baina bai zera. Bederatziak arte egon behar izan nuen bere maitasun-penak entzuten, eta bederatzietatik aurrera bere mendeku-planak. Oso interesantea izan zen- bukatu zuen Neuhäusl jaunak ironiaz.
-Gaua iritsi baino lehenago batuko dinat dirua- errepikatu zuen Dembak. Kirik egin zion erlojuari.- Hamar eta erdiak ditun eta! -hots egin zuen- Mila deabru! Denbora asko galdu dinat. Mugitu beharra zeukanat.
Orain joango dun, pentsatu zuen Sonjak. Behingoz alde egingo balu!
-Hitz emadan, bihar nirekin etorriko haizela- hertsatu zuen Dembak.
-Bai -egin zuen Sonjak hasperen-. Baldin eta…
-Zer berri? Ezer ez. Sonjak Veneziara joan nahi du Georg Weinerrekin.
-Georg Weiner? Nor da hori?
-Ergel bat. Tenis xale txatxu bat. Azkena eginarazi duen kapa berriaz besterik hitz egingo ez dizun bat.
-Ez dit dirua eman nahi izan! - egin zuen deiadar-. Sinatuz gero bakarrik! Behartu egin nahi ninduen bere tintazko arkatz krakatsua eskuan hartzera, bere liburu likatsuari heltzera eta nire izena jartzera zoko koipetsu batean. Bestela ezin zidala, noski, dirua eman. Neure dirua, aditzen didazu, Miksch? Neure dirua!
-Eta?
-Xantaiatarako nago ba ni - esan zuen Dembak.- Ez dut sinatu.
-Irudikatzen ari naiz nola sentitu beharko duzun eskuak lotuta.
-Nik zera esan nahi nuen: eskuak lotuta, alegia bankuaren intereserako nik…
-Ixo!- egin zuen Dembak garrasi-. Zergatik aipatzen dituzu gauzak, ez ezagutu, ez pentsatu eta ez sentitzen dituzunak. Esaten dituzun hitzak hilda iristen dira mundura, kiratsa darie, sarraski bat dirudite, zure ahotik irten bezain laister.
Aspaldi desegin nionan bibliotekako zigilua, ez intentzio gaiztoarekin, baizik lehengo jabearen ex librisa kentzen den bezala, gustatzen ez eta. Piltzar-biltzaile zaharrak, ordea, bibliotekako zigiluaren arrastoak ikusi zizkion, nonbait, bere luparekin. Hilabete batzuk lehenago liburua saldu nionean ere sumatu zidanan, agian. Laburbiduz, han jo diten atea, agurea irekitzera joan, eta hor etortzen zaidan bi gizonekin. Jartzen dun eta: "Hauxe duzue", ni seinalatuz, eta haietako batek bere eskua jartzen zidan sorbaldan eta "Legearen izenean…" hasten zaidan.
-Honelakoak izaten dituk esku-burdinak, beraz! -esan zuen Steffi Prokopek, emeki.
-Nolakoak uste huen ba?- galdetu zuen Dembak, berriz eskuak beroki azpian ezkutatuz berehala-. Altzairuzko bi uztai eta kate mehe bat. Esku-burdinak! Entzuten dudanean, beste zerbait imajinatzen dun. Gauza eskasa ditun. Hitza entzun, eta niri beti bururatzen zaidanan neguan leraz ibiltzea, edo bufoi baten arropa. Eta aldiz, eskuetan Abner jeneralaren legenarra edukitzea baino okerragoa dun.
-Gezurra esanda libratu naun. Laurogeita hamaseigarren gezurra, gaur goizaz gero- adierazi zuen Dembak.
Gogora etorri zitzaion gizon bat -edari alkoholdunen saileko agente bat-, behin harro-harro esan zuena: "Gaur bostehun koroa irabazi ditut, eskurik mugitu gabe!". Eskurik mugitu gabe!. Ahobero lotsagabea. Jakina, dirua eskuan hartuko zuen, poltsikotik diru-zorroa atera, billeteak tolestu eta poltsikoan sartu. Gero erreziboa izenpetuko zuen, eta bezeroari bostekoa eman. Eta horri guztiari zer esango eta "eskurik mugitu gabe".
-Ez zegok ezer ulertu beharrik -argitu zion Hübelek, gogotsu- . Domino arrunta. Horretan badakik. Baina lau jokalarien gainean egiten duk apustu, zaldietan bezala. Jokatu beharrik ere ez daukak, nahikoa duk apustu egitea.
Demba erabaki ezinik zegoen.
-Suschitzky-k atzo ehun koroa irabazi zian, hatz bakar bat mugitu gabe- kontatu zion Hübelek.
Hatz bakar bat mugitu gabe! Hori izan zen seinalea.
"Joatea dik", esan zion bere buruari bidean zihoala, eta sorbaldak jaso zituen. "Nik ez diat lotuko. Gaur iluntzeko zortziak arte zeukak niri itxaron beharra. Gehiago ez. Fair play. Egin diat ahal nuena, baina ez diat ezer lortu. Kasualitate maltzurren antolaketa zorrotz bat eduki diat nire kontra, gertaera zitalen sare bat. Sonja libre zegok orain. Hala erabaki diagu, eta nik hitzari eutsiko zioat. Fair play".
-Jatekorik nahi?
-Gero! Gero! -toteldu zuen Dembak erabat nahasita , eta izututa begiratu zion Georg Weinerri-. Zatoz geroago! Ez dut sekula afaltzen bederatziak baino lehen.
Ezerezari begira geratu zen, estu eta larri pentsatuz premiazkoa zela altxagailu elektrikoren bat asmatzea, janaria zuzenean plateretik ahora eramateko, eskuak batere erabili gabe.
Eta orain, bere garaipena biribiltzeko, beregana etorri zen Sonja. Bihotza erdibiturik itzuli zen beragana, bera ez zelako Weiner koldarra bezala ihesi joan bizitza salbatzearren, aitzitik, bera Sonjagatik erotu eta prest jarri zen norbait hiltzeko.
"Arraioa! Malta-usaina! Nondik dator malta-usain izugarri hau? Eliz dorreko erlojua joka ari duk. Bederatziak! Goizekoak? Iluntzekoak? Non nago? Non nengoen? Zenbat denbora daramat hemen, dorreko erlojua aditzen? Hamabi ordu? Hamabi ordu?".
Finalistak
- Napumoceno da Sival Araujo jaunaren testamendua, Begoña Montorio (Txalaparta)
- Azken hitzordua, Xabier Olarra (Igela)
- Mikel Strogoff, Karlos Zabala (Ibaizabal)