Lehendakaritza

Euskal Gizataldeen Batzarraren Lau Urterako Plangintza

SARRERA

Euskal Autonomi Elkarteaz kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeekiko Harremanak arautzen dituen legeak lau urtetako plana egitearen ardura Euskal Gizataldeekiko harremanetarako Aholku-Batzordearen esku uzten du. Euskal etxeen inguruan antolatzen diren ekintzetan laguntzeko eta Legean agertzen diren zerbitzuak eta eskubideak eskeintzeko izango da plan hori, laguntzok bai euskal etxeei bai gizataldeetako kideei zuzentzen zaizkielarik.

Estrainekoz joan zen ekainean osatu zen Aholku-Batzordea, ordutik proposamen honen gainean aritu da lanean. Proposamena azaroaren 6tik 9ra Gasteizen izan zen Euskal Gizataldeen Munduko Batzarrean bilduta izan ziren Euskal etxeetako ordezkariek egindako ekarpenei esker aberastu zen. Azken proposamen honetan bi motatako neurriak agertzen dira, alde batetik, berehala martxan jarri ahal diren neurri konkretuak eta, bestetik, helmen luzekoak, euren garapen eta bideragarritasunerako denbora gehiago behar dutenak. Programa hau ekintza heterogeneoen multzo bat da eta ekintza hauen zehaztasun, jomuga eta erabilera jarraian datozen lau urteetan izango dira, gehienetan ekintza hauek aurrera eramateko Erakunde eta Euskal etxeen arteko bideak erabili beharko direlarik.

Legeak aurrikusita dituen prestazioak eta proposatutako ekintzak zehaztu aurretik, Aholku-Batzordeak Mundu Batzarrari eman dio lau ekitaldietako eztabaiden nondik norakoaren berri.

Lehenengo eta behin, Aholku-Batzordeak uste du Euskadiko Erakunde eta kanpoko Euskal Gizataldeen artean dauden harremanetan aldaketa kualitatiboa egiteko momentua iritsi dela. Euskadiren normalizazio instituzionalak eta autogobernu progresiboak, lehen aipatu dugun Legea tresna juridiko eta politiko modura izanik eta, batez ere, egoera historikoa mende berri baten hasieran izateak momentu egoki baten jartzen gaitu elkar lana bultzatzeko eta bide berriak aztertzeko.

Era berean, ekintza instituzionala nagusitu behar den errealismotik Euskal etxeei zuzendutako ekintza programetan lehentasunen indize bat jartzearen aldekoa da hurrengo urteetan mugituko garen baldintza material eta ekonomikoak kontuan izanik. Zentzu honetan, gure proposamena honako lau ardatz hauen gainean oinarrituko da, laurak izanik garrantzi berekoak:

Euskal etxeen egitura eta azpiegituraren mantenimendua.

Euskal identitatea, kultura eta hizkuntzaren sustapena eta mantenimendua.

Euskadirekin informazio eta komunikazioa trukatzeko bide egokienak finkatzea.

Belaunaldi gazteak Euskal etxeetan egiten den bizitzara eta ekintzetara erakartzea, eta haien bidez Euskadirekin lotuz.

Halaber, Plana modu egoki batean garatzeko helburua bermatuz, plan hau Euskal etxeekin hitzartuko da, ezarritako neurrien erritmoak, epeak eta aplikazio sistemak aurrera eramateko asmoz. Erabaki hauek Euskal etxe bakoitzak dituen behar eta gestio ahalmenaren arabera martxan jartzen joango dira.

 

KANPOKO EUSKALDUNEN ESKUBIDEAK ETA ERAKUNDEEN BETEBEHARRAK, LEGEAN EZARRITAKOAREN ARABERA

Aholku Batzordeak, Plan hau hezurmamitzeko orduan, Euskal Autonomi Elkarteaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanetarako Legean ezarritako xedapenak hartu ditu kontuan, eta batez ere II. eta III. Idazpuruetako 8tik 11ra bitarteko artikuluak.

Hara zer dioen 8. Artikuluak "Euskal etxeen aldeko zerbitzuak" arautzean:

"1.- Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioek, bakoitzak bere aginpideen barruan, lege honetan ezarritakoaren arabera onartutako euskal etxeei eta hauen federazio eta konfederazioei honako aukerak eskainiko dizkiete, arauz ezarritakoaren arabera:

Gizarte, kultura eta ekonomiarekin zerikusia duen informazio publikoa lortzeko aukera, Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioek sortu eta jasotakoa denean. Hala eskatzen duten euskal etxe guztiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria doan jasoko dute.

Euskal gizarte, kultura eta ekonomiaren ihardueretan parte hartzeko aukera, iharduera horiek atzerrian sustatzen lagundu dezaten.

Euskal Autonomi Elkartean kokatuta dauden elkarteek duten tratamendu bera, bertako kultura-ondarea ezagutzeko aukerari dagokionez.

Euskal Autonomi Elkarteari Euskal Herriko kultura sustatzeko euskal etxeek antolatutako ihardueretan parte har dezan eskatzeko eskubidea.

Euskal Herriko erakundeek euskal etxeak dauden herrialdeetan antolatutako programa, misio eta ordezkaritzetan parte hartzea.

Euskal Herriko gizarte, ekonomia eta lan arloari buruzko aholkularitza jasotzeko eskubidea izatea.

Euskal historia, kultura, hizkuntza eta gizarteari buruzko liburu eta ikusentzunezkoak izateko eskubidea, euskal gizataldeekiko kideei erakutsi eta horien artean banatu ahal izateko.

Euskal gizataldeen egoeraren berri emango duten hedapen-programetan laguntzeko aukera izatea, komunikabide horiek Autonomi Elkartearen jabegokoak baldin badira.

Lege honen 12. atalean aipatzen den batzordeak beren iritzia entzuteko eskubidea izate, eta 13. atalean aipatutako Euskal Gizataldeen Biltzarrean parte hartu ahal izatea.

Euskara ikasteko ikastaroak antolatzeko aukera.

2.- Euskal etxeek dirulaguntzak edo beste edozein laguntza jaso ahal izango dute, euskal herri-administrazioek emanda, lege honetan jasotako helburuak bete ahal izateko. Administrazio horiek beren aginpideen barruan ihardun beharko dute.

3.- Euskal Autonomi Elkarteko administrazio orokorrak, aurrekontuan zenbaterainoko diru-kopurua duen ikusita eta lege honen helburuei begira, honako arlooi lagunduko die, bereziki:

Euskal etxeen iharduera-gastuak ordaintzeari.

Euskal etxeen azpiegitura mantendu eta hobetzeari.

Euskal etxeek, etxeon federazioek eta konfederazioek antolatzen dituzten iharduera edo programei, Euskal Herriarekin zerikusia baldin badute.

Elkarte horietako bazkideei, laguntza behar badute, eta batez ere egoera larrian daudenei.

atalean "Euskal gizataldeetako kideen eskubideak" jasotzen dira, eran honetan:

Euskal ondarea erabiltzeko eskubidea, Euskal Autonomi Elkartean bizi diren biztanleak balira bezala. Bereziki liburutegi, agiritegi, museo eta beste kultura-ondasun batzuk eta kulturaren hedapenerako erakundeak sartuko dira hor.

Euskara jakin eta ikasteko eskubidea. Horretarako, euskal etxeei euskara-ikastaroak antolatzeko baliabideak emango zaizkie, beti ere aurrekontuak horretarako aukera ematen badu.

Euskal gizataldeetako kideek euskararen gaitasun-agiriak lortzeko aukera izango dute, Euskal Autonomi Elkarteko administrazioan horretarako aginpidea duen erakundeak emanda. Iharduera hori arautu egingo da.

"Euskal gizataldeetako kideen aldeko zerbitzu"ei dagokienez, 10. Atalean datoz jasota:

"1.- Euskal gizataldeetako kideek euskal errealitatean parte har dezaten, Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioek, bakoitzak bere aginpideen barruan, honakook egingo dituzte:

Hezkuntza, kultura eta ekonomiaren arloko harremanak bultzatuko dituzte euskal gizataldeetako kideei begira.

Euskal gizataldeetako kideek euskal kultura, historia, ekonomia eta gizartea hobeto ezagutzeko, ikaskuntza eta zabalkunderako iharduerak, ikastaroak eta ikusentzunezkoak prestatzea sustatuko dute.

Euskal kultura eta ekonomia sustatzeko laguntzak emateko jendaurreko deialdiak egingo dituzte.

Unibertsitate arteko elkarlanerako hitzarmenen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak beste unibertsitate batzuek emandako tituluak onar ditzala bultzatuko dute. Titulu horiek lege honen helburuekin zerikusia izan eta Euskal Herriko Unibertsitateak duen autonomiaz sortutako tituluen antzekoak izango beharko dute.

f) Euskal Autonomi Elkartetik kanpo dauden euskal gizataldeen egoera ezagutzeko laguntza eskainiko dute. Horretarako, liburu eta ikusentzunezkoak argitaratu eta Autonomi Elkartearen esku dauden komunikabideetan elkarte horien berri emango da.

g) Hala eskatuz gero, Euskal Herrian enpresak sortzeko teknika eta lege arloko aholkularitza emango zaie.

2.- Aurreko azpiatalean aipatutako zerbitzuak euskal etxeen bidez bideratuko dira".

Azkenik, 11. artikuluan arautzen dira "3. ataleko 1 eta 2. azpiataletan aipatzen diren euskal gizataldeetako kideen aldeko zerbitzuak":

"1.- 3. ataleko 1 eta 2. azpiataletan aipatzen diren pertsonek, Autonomi Elkartera itzuli eta kasuan kasuko programetan eskatzen diren gainontzeko baldintzak betetzen badituzte, osasun- eta gizarte-laguntza jaso ahal izango dute, aldez aurretik Autonomi Elkartean bizi izan direla egiaztatu beharrik izan gabe. Baina bi baldintza bete beharko dituzte:

Estatutik kanpo bizi izandakoak izan beharko dute, jarraian eta justu itzuli aurreko denbora tartean, emigratzaile direnei gutxienez eskatzen zaien besteko denbora tartean.

Itzuli eta gero beren bizilekua Euskal Autonomi Elkartean izan beharko dute.

2.- Era berean, gizarte-laguntzako etxebizitzak banatzeko deialdietan, 3. ataleko 1 eta 2. azpiataletan aipatzen diren pertsonei, EAEra itzuli eta deialdiko gainontzeko baldintzak betetzen badituzte, ez zaie aldez aurretik izandako bizilekuari buruzko denborazko betebeharrik eskatuko eskabidea egin ahal izateko.

Benetan babesik gabe dauden pertsonei lagundu behar zaienean, atzerritik itzulitako pertsona izatea merezimendutzat hartu ahal izango da eskabideak neurtzerakoan, edo etxebizitza horietako batzuk egoera horretan dauden pertsonentzat gorde ahal izango dira.

3.- Euskal Autonomi Elkartera itzultzeko bidaiarako laguntzak ematen badira, atal honetan aipatzen diren pertsonek laguntza horiek jaso ahal izango dituzte, gero bertan bizi izatekotan".

 

 

EKINTZAK AURRERA ERAMATEKO PROPOSAMENAK ARLOZ ARLO

EUSKAL ETXEEI LAGUNTZA MATERIALA

Ekintzak antolatzeko laguntzak

Eusko Jaurlaritzak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez, Euskal etxeek antolatzen dituzten ekintza arrunten zati batetarako dirulaguntzak emateko asmoa adierazten du, bai propio ekintza horietarako, eta baita kultura, folklore eta hizkuntzarekin zerikusia dutenak antolatzeko ere. Dirulaguntzak ekitate parametroa erabiliz banatuko dira eta Euskal etxe guztiei berdin emango zaie eta berdin tratatuak izango dira, bai historikoak eta indartsuak direnak, eta baita lehenengo urratsak ematen ari direnak, eta laguntzekotan gehiago behar duenari gehiago lagunduko zaio. Laguntza hauek Dekretuz arautuko dira, urtean behin emango dira eta deialdia behar beste zabalduko da.

Azpiegitura mantendu eta hobetzeko dirulaguntzak

Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontu-sail bat egokituko du Euskal etxeen azpiegiturak mantendu eta hobetzeko, eta baita Euskal etxe berriak eraikitzeko. Bai bazkideekin bai Euskadirekin dituzten harremanak hobetzeko eta arinagotzeko, komunikazio eta informatika tresna egokiz hornituko dira Euskal etxeak, beste ezer baino lehen.

Halaber, Eusko Jaurlaritza harremanetan jarriko da bankuetxeekin eta euskal kreditu etxeekin, Euskal etxeek behar dituzten eraikuntzak erosi edo hauetan egin behar diren konponketak egin ahal izateko dirua baldintzarik onenetan lortzeko.

KULTURA, GAZTERIA ETA KIROLAK

Euskal gainen inguruko liburuak bidaltzea eta Euskal etxeetan sortzen den materiala argitaratzeko laguntzak

Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegi publikoetara liburuak eta argitalpenak zabaltzeaz arduratzen den Kultura Saileko Liburu Zerbitzutik Euskal etxeetako liburutegietara ere bidaliko dira liburuak, dituzten fondoan argitalpen berrienekin eguneratzeko. Horretarako 5.000.000 pezeta erabiliko dira urtean. Era honetan jarri ahal izango da abian Euskal etxeetako liburutegien eguneratze eta berriztatze plana. Bidalketa hauek urtean behin egingo dira, etenik gabe.

Horrez gain, beraien liburu, aldizkari eta ikus-entzunezkoak argitatzeko laguntzak jasoko dituzte Euskal etxeek. Laguntza hori ez da inoiz argitalpen osoaren %50a baino handiagoa izango.

Euskara

Kultura Saila bera arduratuko da euskararen inguruko argitalpenak (liburuak, kasetak), euskara ikasteko metodoak, material didaktikoa, euskara ikasteko eta hobetzeko metodoak bidaltzeaz. Beste alde batetik, kanpoan bizi diren euskaldunek Euskadiko euskaltegi desberdinetan egiten diren ikastaro trinkoetan parte hartzea bideratzeko era aztertuko da, eta baita ere interesa izan dezaten euskal etxeetara monitoreak bidaltzeko aukera. Programa honek bai koordinazio aldetik bai finantziazio aldetik duen zailtasuna ikusirik, gauzak behar bezala planifikatu beharko dira interesaturik dauden euskal etxeen, Kultura Sailaren eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren artean.

Kongresuak aho batez egindako eskaera bat kontuan izanik, Eusko Jaurlaritzak Euskaltzaindiarekin batera "Euskararen Nazioarteko Eguna" ospatzeko modurik egokiena aztertuko du.

Kirolak

Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritza eta Euskadiko Pilota Federazioa arduratuko dira kirol materialaren eskaerez, orain arte egin duten modura, egindako ekarpenak, bai bidalketen maiztasunean bai kalitatean, hobetuz. Hasiera batean laguntza horiek urtean 2.000.000 pezetatara mugatuko dira. Euskarakoen kasuan bezala, eta baldintza berberetan, interesa adierazten duten euskal etxeetara pilotako trebatzaileak bidaltzeko aukera ere aurrikusten da. Beti ere irakasleek trebatzaile berriak prestatuko dituzte, hasitako planak aurrera eramateko asmoz. Herri-kirolak sustatzeko ahaleginak ere egingo dira.

Munduan zehar horrelako ekitaldiak sustatzeko helburuarekin, Kongresuak "Euskal Kirolen Nazioarteko Elkarte" bat eratzeko asmoa adierazi du.

Gazteria

Euskadin Gazteriaren Zuzendaritzak berak antolatzen dituen lan eremuetan kanpoko euskal gazteen parte hartzea ahalbideratuko da Zuzendaritza berorretatik. Euskal etxeetako gazte taldeekin batera beste ekimen batzuk aurrera eramatea ere aztertuko da, eta ahaleginak egingo dira Euskadirekin eta bere erakundeekin harremanak izan ditzaten eta gure Herria benetan ezagutu dezaten.

Kulturako eta gazteriarentzako azpiegituraren erabilera

Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek euskal etxe eta gizataldeetako kideen erabilerarako eskainiko dituzte beren kultur, kirol eta gazteriarentzeko azpiegiturak. Era honetan, aterpeetxeetako egonaldi, kultur kanpaina, arte, artisautza edo beste espezializazio ikastaro guztien inguruko informazioa horiez balia daitezkeen euskal etxeei, eta bereziki horietako gazteei, bidaltzeko erarik onena antolatuko du Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak, Foru Aldundien eta euskal etxeen laguntzaz. Ahal den neurrian gazte hauentzako kuota eta toki batzuk erreserbatuko dira.

Folklorea

Euskal etxeek antolatutako euskal musika eta dantza ekitaldiak mantentzen eta hobetzen ere lagunduko dute euskal erakundeek, Euskarari buruzko atalean adierazitako era berean.

 

KOMUNIKAZIOA ETA INFORMAZIOA

Komunikazio sistema azkar eta egonkorrak

Eusko Jaurlaritzak hitz ematen du nabarmen gehituko duela Euskadiri buruzko eta Euskadiko erakunde, ekonomia, kultura eta gizartearen egoerari buruzko informazio jarioa. Horretarako, sei hilabeteren buruan zehaztuko ditu zeintzuk diren komunikazio gai eta tresna egokienak kanpoko euskal gizataldeek behar besteko informazioa izan dezaten. Idatzizkoa eta informatika bidezkoa dira, a priori, informazio hori eramateko tresnarik egokienak. Horretarako, ahalegin guztiak egingo dira komunikazio eta informatika sare egoki bat sortzeko; eta sare horren bitartez, euskal etxeak elkarren artean nahiz euskal erakundeekin lotzeko.

Euskal Irrati Telebista satelite bitartez emititzea.

Euskal Irrati Telebistak (EITBek) gutxienez urtebeteko epean eta gehienez bi urteko epean ekingo dio telebista kanal bat eta bi irrati kanal emititzeari satelite bitartez. Hasieran, Hegoamerika, Mexiko Ertamerika eta Estatu Batuen hegoalderako emitituko da; eta geroago, Ameriketan gainontzeko aldeetarako eta Europarako. Proiektu zabal horrek aukera emango dio EITBri muga geografikoak gainditu eta euskal gizataldeak dauden tokietara edo euskalduntasunak interesa sortzen duen tokietara iristeko.

EITBek era askotako programazio ugaria eta lehiakorra eskainiko du, egunean hainbat orduz euskaraz eta gaztelaniaz, zerbitzu publikoa eman eta euskara eta euskal kultura sustatzeko, horixe baita EITBren bokazioa. Programazio horretan albiste emankizunak, euskal telesailak, dokumentalak, dibulgazio programak eta kirol emankizunak izango dira. Kanal horrek arreta berezia eskainiko die euskal pelotari eta herri kirolei, eta baita ere euskal taldeen arteko futbol partiduei.

Irrati emankizunak Euskal Autonomia Erkidegorako egun osoan Radio Euskadik gaztelaniaz eta Euskadi Irratiak euskaraz eskaintzen dituen berberak izango dira denboran eta edukietan.

Proiektu hori abian jarri baino lehen, EITBek zerbitzua ezagutarazi nahi du erabiltzaile izan daitezkeenen artean euskal etxeen bitartez. EITBek ekimen hau behar bezala ezagutaraztea nahi du eta kanal hau kable bitartezko telebista zirkuito interesgarrienen artean ezartzea.

Diasporak bizitakoa ezagutarazteko saria

Batzarraren iritziz, diasporako euskaldunen bizipenak eta historia ezagutarazi behar dira. Horretarako, lau urtez behin lehiaketa bat antolatuko da literatura edo ikus-entzunezko lan bat saritzeko bizipen eta historia horiek zabaltzen lagundu dutenen artetik.

HEZKUNTZA

Hezkuntza eta unibertsitate arloetako trukea

Eusko Jaurlaritzak, Euskadin dauden unibertsitate eta bestelako ikastetxeekin batera, neurriak hartuko ditu euskal gizataldeetako unibertsitari, graduatuondoko, doktoregai eta irakasleak Euskadin egon eta presta daitezen. Halaber, euskal gizatalde garrantzitsuak dituzten herrialdeekin irakasle eta ikasle trukeak bultzatuko dira.

Euskal etxeen eta Euskadiko ostalaritza eskolen arteko hitzarmenak ere sustatuko dira euskal sukaldariak trukatzeko, ikastaroak emateko eta kanpoan laguntzeko.

EKONOMIA ETA KANPO MERKATARITZA

Ekonomia eginkizunak

Euskal etxeak kontuan hartuko dira antolatutako euskal gizataldeak dituzten herrialdeetara merkataritza eta ekonomia bidaiak diseinatu eta planifikatzerakoan; eta euskal etxe horien ordezkariak ere sartuko dira euskal ordezkaritza ofizialetan. Halaber, kontuan hartu eta aztertu egingo dira euskal etxeek aurkezten dituzten ekimen ekonomikoak, beti ere ekimen horiek Euskadi eta euskal gizataldeak jaso zituzten herrialdeen arteko harremanak sustatzeko badira.

Euskadin enpresak ezartzea

Kanpoan dauden euskaldunek Euskadin enpresa edo negozioren bat ezarri nahi badute, laguntza tekniko eta juridikoa emango diete erakundeek.

TURISMOA ETA GASTRONOMIA

Euskal asteak antolatzea

Euskal asteak antolatzen lagunduko da euskal etxeetan edo euskal etxeen lankidetzaz gastronomia, arte, kultura, kirol eta zinema aurkezpenak eginez.

Kanpainak turismoari begira

Eusko Jaurlaritzak kontuan hartuko ditu euskal etxeak Euskadi ezagutarazteko kanpainak zein turismo kanpainak diseinatzerakoan. Horretarako, euskal etxeen eskura jarriko du Euskadiri buruz argitaratzen duen turismo eta propaganda material guztia (afitxeak, liburuskak, eta abar).

Eusko Jaurlaritzak laguntza logistikoa emango die euskal etxeei euskal etxeon herrialdeetatik turista taldeak Euskadira ekartzeko.

GIZARTE LAGUNTZA

Egoera larrietan daudenentzako gizarte laguntza

Froga modura, Euskadiren elkartasuna egoera larrietan dauden euskal gizataldeetako kideei helarazteko eta gizarte laguntzaren alorreko premia gorrienei erantzuteko sistema bat zehaztuko da euskal etxeekin batera.

Borondatezko Gizarte Aurrezaintzarako Plana Euskadin

Eusko Jaurlaritzak gestioak egingo ditu euskal gizataldeetako kideentzako borondatezko aurrezaintza plan bat Euskadin bideragarria den azter dezaten euskal aurrezki kutxek.

Euskal gizataldeetako kideen behin betiko itzulera bidaia errazteko dirulaguntza

Euskal erakundeek laguntza bideak ezarriko dituzte Euskadira behin betiko itzultzea erabaki dutenei bidaiaren zati bat ordaintzeko.

Itzuli direnentzako gizarte zerbitzuak

Euskadira behin betiko itzultzen diren euskal gizataldeetako kideek euskal herritarrek dituzten baldintza berberak izango dituzte gizarte zerbitzuak jasotzeko; beti ere, 8/1994 Legeak (3. atala, 1 eta 2 azpiatalak) ezarritakoa betetzen badute eta programa horiek ezartzeko parametroetan sartzen badira kideok. Honako alor hauetan ezarriko dira programa horiek: gizarteratzeko gutxieneko soldata, zergarik gabeko pentsioak, Gizarte Ongizaterako Fondoaren pentsioak, gizarte larrialdietarako laguntzak (etxebizitza eta lehen mailako beharrizanak), oinarrizko gizarte unitateen sarea eta etxez etxeko laguntza. Hirugarren adinekoentzat, beste alor hauetara ere zabalduko dira programa horiek: jubilatu etxe eta klubetara, eguneko laguntza zentroetara, zahar egoitzetara, jangeletara eta diruz lagundutako elkarteetara.

65 urtetik gorako euskal gizataldeetako kideentzako egonaldi programa bat sortzea

Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek euskal gizataldeetako hirugarren adinekoek Euskadin egonaldiak egiteko programa eratzeko modurik onena aztertuko dute; baita horretarako benetako eskaria ere. Edonola ere, erabiltzaileak programa finantzatzen lagundu beharko du; beti ere, bere ekonomia baliabideen arabera.

OSASUNA

Mediku eta ospitale laguntza

Eusko Jaurlaritzak, Osasun Saila eta Osakidetzaren bitartez, mediku eta ospitale laguntza bermatuko die euskal gizataldeetako kideei Euskadira aldi baterako edo behin betiko itzultzen direnean kideok.

Kanpoko mediku euskaldunak Euskadin praktikak egitea

Euskal jatorria duten medikuek eskubidea izango dute Euskadiko ospitaleetan nahiz Osasun Publikoaren Alorreko sailetan lanbide praktikak egiteko. Programa horretan parte hartzeko hauxe baino ez da behar: dagokion espezialitatea izan eta Euskal etxeen Erroldan sartuta egotea euskal etxe bateko kide bezala.

ETXEBIZITZA

Gizarte etxebizitzak

Euskal gizataldeetako kideek, behin betiko itzuli nahi badute Euskadira eta 3. ataleko 1. eta 2. azpiataletakoa eta deialdiko baldintzak betetzen badituzte, aukera izango dute gizarte etxebizitzen esleipenera aurkezteko aldez aurretik bizilekua egiaztatu behar gabe. Halaber, euskal erakundeek bitartekoak ezarriko dituzte Etxebizitza Bideratzeko Planean Euskal Gizatalde eta Etxeekiko Harremanetarako Legearen 11. ataleko 2. azpiatalean jasotakoa oso osorik bete dadin. Honela dio azpiatal horrek: "benetan babesik gabe dauden pertsonei lagundu behar zaienean, atzerritik itzulitako pertsona izatea merezimendutzat hartu ahal izango da eskabideak neurtzerakoan, edo etxebizitza horietako batzuk egoera horretan dauden pertsonentzat gorde ahal izango dira".

Azken eguneratzea: 2016/06/21