Lehendakaritza

Imanol Pradales Gil

Iñigo Urkulluren erretratua

Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaria

— Santurtzi, 1975.

"Guztion artean ongizatearen Euskadi berria eraiki nahi dugu, fidagarria, segurua eta globala dena"

Biografia

Imanol Pradales Gil Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria da XIII. legegintzaldi honetan. 2024ko ekainaren 22an Gernikako arbolapean kargua hartu zuen.

Zientzia Politiko eta Soziologian doktore Deustuko Unibertsitatean.

Bere prestakuntza harago doa: IE Business School-en Kudeaketa Aurreraturako masterra, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan Ezagutzaren Kudeaketarako masterra, Lehiakortasunerako MOC aditu ikastaroa eta Lan Merkatuaren gaineko Masterclass-a London School of Economics-en.

Eszedentzian dagoen Deustuko Unibertsitateko ikertzaile-irakaslea da, eta hainbat ikasgaitan eskaini zituen eskolak Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean (1999-2007). Deustuko Unibertsitateko ‘DeustuLan’ Enplegu Zentroaren sortzailea da (2004-2006), eta hainbat graduondotan eskaini ditu eskolak.
2007an, ‘Bizkaia Talent’ programa abiarazi zuen, gaur egungo erronka handienetako bati heldu zion ekimena: talentua erakartzea eta bertokoa errotzea.

Lan horrekin batera, EAJ-k azken 15 urteetan egin dituen bi prozesu estrategiko handienetan lagundu zuen: ‘Think Gaur eta ‘Entzunez Eraiki’.

2011n Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatu izendatu zuen Jose Luis Bilbaok. Garapen Ekonomikoko (2015-2019) eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko (2019-2023) diputatu gisa jarraitu zuen Unai Rementeriarekin batera, eta, Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusi izendatu zutenean, azken kargu horretan jarraitu zuen Pradalesek 2024ra arte.

Hizkuntzei dagokienez euskara, ingelesa eta gaztelania menderatzen ditu.

Imanol Pradales Gil Mamarigan (Santurtzi) jaio zen 1975eko apirilaren 21ean eta 4 anaien artean nagusiena da. Ezkonduta dago eta alaba bat du.