Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

24. Igeldoko funikularra eta jolas parkea (Donostia)

2. ETAPA: DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN • ZARAUTZ

XIX. mendearen bigarren erditik aurrera Donostiak eraldaketa handiak bizi izan zituen: hiri merkatari eta batez ere landa girokoa izatetik, burges eta langilea izatera. Eliteetatik hasita behe-klaseetara, hiritarrek aisialdiko instalazio berriak eskatzen zituen. Kafetegiak sortu ziren non-nahi, eta jolas-parkeekiko zaletasuna ere zabaldu zen, izan ere, herritarrek bertan hiriko zalapartatik urruntzeko aukera zuten eta, aldi berean, hiriaren ikuspegiez gozatzeko aukera. Donostiako mota horretako gune nagusiak Igeldo eta Ulia izan ziren.

Gaur egun erabiltzen dugun jolas-parke kontzeptua XX. mendearen hasieran nagusi zenaren oso bestelakoa da. Gaur, garrantzia ematen diegu adrenalina-eztanda eragiten duten instalazio bizkor eta azkarrei. Lehen, elementu mekanikoek eskaintzen zuten dibertsioa osatzeko, mota honetako instalazioak zeuden: ostalaritzako establezimenduak, kasinoak, dantzalekuak, hiriaren eta inguruaren gaineko ikuspegi zabaleko balkoiak, trebetasun-probak zituzten postuak, karruselak eta abar.

Alde horretatik, Igeldoko parkeak jolas-parke modernoaren ideiaren ildoko garapena izan zuen, baina ez hala Uliakoak. Igeldoko aisialdirako gune eta instalazioak 1912an ireki zenetik gaur egun arte gehituz joan dira. Hasieran jarduera nagusia jatetxea eta kasinoa ziren, baina, 1925ean jokoa debekatu ondoren, beste aukera batzuk bilatu behar izan ziren. Hala, 1929an parkea aldatu zen, Sevillako Erakusketa Iberoamerikarretik zetozen zenbait atrakzio jartzeko.

Azpimarratzekoa da, halaber, hoteleko eta parkeko instalazio batzuk Igeldoko gotorleku zaharraren hondarren gainean eraiki zirela. Lehen Karlistaldian (1833-1839 ) eraiki zuten. Gainera, multzoan nabarmentzen den dorre almenaduna, XVIII. mendean Igeldo mendia osatzen duen lurmuturraren gailurrik altuenean eraikitako itsasargiaren dorre zaharrean (Farola izenez ezaguna) egindako erreforma baten emaitza da.

Aisialdiko instalazioak

Zalantzarik gabe, multzoko elementurik garrantzitsuena Ondarretako lorategiak gailurrarekin lotzen dituen funikularra da. Emilio Huitziingeniariak proiektatu zuen. 312,5 m-ko distantzia egiten du, 151 m-ko desnibela gainditu eta %57ko inklinazioa lortzen du. Hala, motor finko batek mugitutako kable baten bidez lotutako bi kotxe ditu. Metalezko xasis baten gainean egurrez eginak dira, eta arrapalan kokatuak. Errail baten gainean mugitzen dira, eta erdigunean, bi kotxeak gurutzatzen diren puntuan, erraila adarkatu egiten da. Euskal Herrian ondoen kontserbatutako funikularra da. Gainera, nabarmentzekoa da beheko geltokiko kalitatea, estilo modernistakoa.

Duten antzinatasunagatik, aipagarriak dira honako elementu hauek: Suitzar Mendia (errusiar mendi bat), Txalupen Urmaela, Ibai Misteriotsua (ibilbide bat txalupan, ubide batean barrena, non ura errota bertikal batek bultzatzen baitu) eta Labirintoa. Guztiak 1929ko Sevillako Erakusketatik datoz.

Partekatu

unesco