Urdaibain zehar: Hurbildu, eta sentitu ezazu itsasoa
Urdaibain zehar: Hurbildu, eta sentitu ezazu itsasoa
Itzuli | Ibilbidearen fitxa | Ibilbidea: Bakio, Bermeo, Gernika, Lekeitio
Ibilbidearen fitxa
San Pelaio Baselizaren kanpandorreak diosal egingo digu, harro, kostaldeko mendi-hegal batetik.
Lurralde itsastarra eta arrantza-tradiziokoa izanik, Gaztelugatxeko San Joan monasterioa ezagutzea beharrezkoa da. Itsasoz inguratua, eskailera amaigabe eta maldatsua duen lur-beso batez dago lotuta kostaldeari.
Ia konturatu gabe Bakio alde batera utzi eta Bermeorantz egingo dugu, leku ezberdinak biak, baina beti ere Kantauri Itsasoa lagun.
Ikusmena itsasoaren urdintasunean galtzen da eta Lekeitio herriraino eramango gaitu. Barneko alderako atea da, euskal gotiko berantiarraren adierazgarri nagusienetakoa duena: Jasokundeko Andre Mariaren Eliza.
Barruko alderantz eginez urrunean Gernika ikusiko dugu. Gaur egungo hiribilduak ez du Erdi Arokoarekin zerikusirik. Sinboloen eta tradizioen errespetuaren gunea, juntetxe izandako Erdi Aroko Antiguako Andre Mariaren eliza mantendu da.
Ibilbidearen mapa eta argibideak
Bakiora nola heldu
Ikusi mapa
- Gasteiztik:
- 93 Kms
- N-622, E-5/AP-68 eta BI-631
- Bilbotik:
- 29 Kms
- BI-631
- Donostiatik:
- 116 Kms
- E-70/A-8, N-637 eta BI-631
- Iruñatik:
- 185 Kms
- A-15, E-80/N-1, E-70/A-8, N-637 eta BI-631
Bakio
Ibilbide hau Bakion hasten da, XII. mendean Goiz Erdi Aroan eraikitako San Pelaio ermitan. San Pelaio eliza itsasertzeko magal batean kokatuta dago. Bizkaiko ermita erromaniko gutxietakoa da eta horregatik du garrantzia. Barnealdearen antolaketari dagokionez ohikoa da. Gainera Bizkaiko kanpandorre erromaniko bakarra da. Ermita, ondoren egindako obra batzuetan izan ezik, erromanikoa da, nabe bakarrekoa eta abside angeluzuzenekoa, leiho txaranbeldua duena. Abside horrek ganga zorrotzeko estalkia du. Oinean erdiratutako sarbideak lau arkibolta dauzka. Kanpandorrea ere erromanikoa da, karratua eta nahiko baxua.
San Pelaioren sorrerari buruzko dokumenturik ez badago ere, baliteke 1175ean eraiki izatea eliza gisa, Gaztelugatxeko San Joan ermitaren funtzionaltasuna aldatzearen ondorioz, leku-beharragatik eta hara hurbiltzeko zailtasunagatik.
Galeria fotografikoa
Bermeo
Diego Lopez de Haro Bizkaiko jaunak hiribilduaren titulua eman zion Bermeori 1239an.
Gaztelako zenbait erregek hiribilduaren foruak eta pribilegioak baieztatu zituzten Santa Eufemia zin-elizan. Fernando Katolikoak 1476an Bermeori baieztatu egin zion Bizkaiko Buruaren titulazioa eta titulu hori 1602 arte eutsi zion, urte hartan kendu egin baitzioten.
Gaztelugatxeko San Joan ermita itsasertzeko muino baten gainean eraikita dago. Oinplano angeluzuzenekoa da eta abside poligonala du. Hormarriz egina dago eta bi isurialdeko estalkia eta harlanduzko kanpai-horma dauka. Gaztelugatxeko harkaitza Bermeoko udalerriko mendebaldeko muturrean dago kokatuta eta Bakiorekin egiten du muga. Bertan, dokumentatutako zenbait gertakari kontuan izanda, lekua interes arkeologikoduntzat har genezake. Monasterioa 1053. urtean dokumentatu zen lehen aldiz eta berori tenplarioekin lotzen duten elezaharrak badira.
Galeria fotografikoa
Gernika
Gernikako hiribildua Lumoko elizatearen lurren gainean eraiki zen 1366an. Santa Maria eliza hiribildua eraiki aurrekoa da, hiri-gutunean Sarospe monasterio gisa aipatu aurretik, 1051ko San Millan de la Cogollarako emaitza-dokumentu batean agertzen baita. Monasterioa harresi barruan zegoela uste da, hirigunearen izkinetako batean kokatuta dagoelako, ertz gisa, eta haren horrek babesa eman zezakeelako lur lauaren aurrean. Gaur egun, hiriguneko elementu zahar bakarra eliza da, gainerakoa bonbardaketan txikitu baitzen. Suntsitutako herrialdeen organismoak hiria berreraiki ondoren sortutako hiribilduak ia ez du zerikusirik Erdi Arokoarekin. Izan ere, nahiz eta kale-kopuru bera duen, haien zabalera eta lerrokadura aldatu egin zen, lursail-banaketa eta etxebizitzen antolamendua bezalaxe.
Erdi Arotik, XV. mendetik aurrera gutxienez, Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusien bilerak Gernikan egin dira, foru-haritzaren pean. Juntetxea muino baten gainean dago kokatuta eta bertatik Mundakako itsasadarra ikusten da. Bi elementuk osatzen zuten: Gernikako arbola historikoa, harmaila eta zelaia daukana (bertan biltzen ziren batzarkideak), eta Antiguako Andre Mariaren ermita (denborarekin bertara aldatu ziren batzarrak). Hala ere, garai modernoan, XIX. mendeko lehen herenaldean egindako eraikuntza osagarriek foru-etxearen multzoa osatzen dute, funtsean bere horretan gordetakoa: agiritegia, eliza, zin-harmaila, museoa eta arbola zaharrerako tenpletea. Gaur egungo arbola antzinakoen oinordekoa da. 1860an landatu zen eta 1892an lehortutako arbola zaharra ahultzen zen bitartean hazi zen.
Galeria fotografikoa
Lekeitio
Maria Diaz de Haro andreak 1325ean sortutako hiribildu honek bere antzinako antolakeraren ezaugarri batzuk gordetzen ditu. Lekeition, ondo bereizitako hiru eremu daude: iparraldea edo marinel-sektorea, hegoaldea edo landakoa eta bi sektore horien arteko lotunea edo erdiko sektorea.
Erdi Aroko arrastoak daude, hala nola, Villa etxea, tradizioz San Pedro Baitza deitutakoa, eta Torrezar, hiribilduko dorrerik zaharrena zalantzarik gabe. XVI. mendeko eraikinei dagokienez, aipatzekoa da Turpin dorrea, eta, XVII. eta XVIII. mendekoei dagokienez, Domingotarren komentua Dendarikaleko eta Beaskokaleko villa-etxe batzuk nabarmentzen dira. Neoklasizismoa Etxezabal del Campillo izeneko etxean islatzen da batez ere.
Bereizitako bi alde daude, bata Errege kaleari lotutakoa, Bizkaiko jaunen elizak eta jauregiak barne hartzen dituena, eta bestea Erdi Aroko ia hiribildu guztietan ohikoak diren ezaugarriak biltzen dituena: kale paraleloak, muturretako bi bidez (ingurubideko pasealekuak izan zitezkeen) lotutakoak.
Jasokundeko Andre Maria elizaren jatorria 720. urtekoa da. XIII. mendean sagaratu eta XVI. mendean berreraiki egin zen estilo berant gotikoarekin, portikoa eta dorrea salbuetsita. Barruko erretaulak benetako bitxi gotikoak eta flandestarrak dira. Estilo hispano-flandestarreko erretaula nagusia (1507-1513) nabarmentzen da.