Gipuzkoako Goierri: Burdinaren harana
Gipuzkoako Goierri: Burdinaren harana
Itzuli | Ibilbidearen fitxa | Ibilbidea: Ormaiztegi, Zumarraga, Legazpi, Oñati, Arantzazu (Oñati)
Ibilbidearen fitxa
Haizearen indarraz baliatzen ziren haizeoletara lehenengo eta uraren indarraz baliatzen ziren burdinoletara" gero, Bizkaiko burdina-meatzeetako mineral estimatua Gipuzkoako Goierriko artisau adituen eskuetara iritsi zen.
Urola ibaiak irekitako haranean azaltzen zaigu Erdi Aroaren hastapenetan hasi eta gaur egunean bizirik dirauen zikloa.
Mirandaola burdinola, Burdinaren Euskal Museoa eta Zumalakarregi Museoa dira interes handiko giropen historikorako adibide batzuk.
Haranaren historiaren lekuko, baselizen katedrala dugu Zumarragan: Antiguako Andre Mariaren Santutegia; barruko zurezko egitura harrigarria da, hain sendoa, ze eraiki zenetik gaur egunera arte ez baita aldatu.
Eta amaitzeko, haranaren hego aldean arkitektura maite dutenentzat ezinbestean bisitatu beharrekoa: Oñati. Jauregi barrokoak, dorretxeak, komentu eta tenpluak, lehenengo Euskal Unibertsitatea sortu zeneko jauntxoen hiribildua.
Ibilbidearen mapa eta argibideak
Ormaiztegira nola heldu
Ikusi mapa
- Gasteiztik:
- 71 Kms
- N-104, E5/N1, GI-632
- Bilbotik:
- 84 Kms
- E-70/A-8, N-1, GI-632
- Donostiatik:
- 48 Kms
- E-80/N-1, GI-632
- Iruñatik:
- 77 Kms
- A-15, N-240A, E5/N-1, GI-632
Ormaiztegi
Ormaiztegin Iriarte-Erdikoa izeneko etxea dago, Tomas Zumalakarregi jeneral karlista bizi izan zena. XVIII. mendeko baserria da, birmoldatu ondoren museo bihurtu dena. Jeneral karlistaren eta hura bizi zen garaiaren omenezkoa da. Museoak, gauza pertsonalez, dekorazioaz, gai militarrez eta gutunez gain, XVIII. eta XIX. mendeen arteko euskal historiari buruzko oso dokumentazio adierazgarria gordetzen du.
Galeria fotografikoa
Zumarraga
Antiguako Andre Maria santutegia, Zumarragan, XVI. mendeko eraikin errenazentista da eta bitxi artistiko eta monumentaltzat hartzen da. Izan ere, zenbait adituk "ermiten katedrala" deitzen diote. Zumarragatik gertu dagoen mendi baten hegalean kokatuta dago eta bertatik herria ikusten da. Absidea eta hiru nabeko oinplano laukizuzena dauka. Oso eraikin sendoa da baina zurezko egitura du elementurik ikusgarriena. Eraikuntzaren itxitasuna ere nabarmentzen da. Izan ere, landa-elizen tipologian bete-betean barne hartuta egon arren, nahiko nabaria da haren babes- eta militar-kutsua. Ermitak, gainera, interes bereziko bi obra ditu: Andre Mariaren taila gotikoa eta Pietateari buruzko Gipuzkoako multzorik zaharrenetakoa.
Galeria fotografikoa
Legazpi
Legazpiko Mirandaola burdinolaren historiak lau mende baino gehiago ditu, 1400. urtetik aurrera azaltzen baita dokumentatuta. Joan den mendearen hasiera arte egon da funtzionamenduan. Izan ere, itxi ziren azken burdinoletakoa da eta XVI eta XVII. mendeetan izandako burdinolen krisia gainditu zuen bakarrenetakoa. Mirandaola parkearen erdian dago eta gaur egun leheneratuta dago eta aldizka abiarazten da, burdinaren transformazioa olagizonek XIV. mendean egiten zuten bezalaxe erakusteko, artisau-moduan. Mirandaolako gaikako parkeak Legazpik bizi izandako bilakaera siderurgikoa ematen du ezagutzera, arrasto arkeologikoetatik hasita industria modernora iritsi arte.
Galeria fotografikoa
Oñati
Oñatiri buruzko lehen berri dokumentatua 1149. urtekoa da. Garai hartan bai Oñati bai Gipuzkoa Nafarroako erresumaren barruan zeuden. Herri honek XVIII. mendean lortu zuen nabaritasuna. XIX. mendean dekretu bidez jaurerriak ezabatzearen ondorioz Gipuzkoan barne hartu zen, 1845. urtean.
Oñatiren aberastasun artistikoa esparru ugaritan da nabarmena, besteak beste, eskulturan. Unibertsitateak, parrokia-elizak eta Bidaurreta komentuak erretaulagintza errenazentista eta barrokoaren adibide bikainak biltzen dituzte.
Arkitekturari dagokionez, unibertsitatea da eraikin berezi eta adierazgarrienetakoa. 1584an ireki zuen Rodrigo Mercado de Zuazola Avilako apezpiku, Nafarroako erregeorde eta Granadako presidenteak. Estilo errenazentista-platereskoa du eta, zalantzarik gabe, garaiko arkitektura zibilaren erakusgarri hoberenetakoa da.
Garaiko gainerako unibertsitateek bezalaxe, barne-patioa, galeriak, kapera eta areto handiak ditu. Fatxada nagusiak hiru gorputz ditu, erdikoa eta kubo bana bi muturretan, dorre gisa. Patioak estilo klasiko miresgarria du, medailoi eta kasetoi mudejarrekin apainduta. Kaperan erretaula eder bat dago, Euskal Herriko Lehen Errenazimentuko interesgarrienetakoa, San Migelen eta eraikinaren titularra den Izpiritu Santuaren omenezkoa.
Erretaularen ezaugarri nagusiak dekorazioa eta polikromia aberats eta originala dira, ustez Pierres Picart-ena (Euskal Herriko garaiko eskultorerik hoberenetakoa) eta haren eskolarena den eskulturaren kalitateaz gain.
San Migel eliza euskal estilo gotikoko benetako museoa da, harlanduz eta hormarriz egina. XV. mendearen erdialdean eraikia da, lau nabe zabal ditu, zutabe sendoekin, eta gurutze-ganga sinpleekin estalita dago. Erretaula nagusia churriguereskoa da, XVIII. mendekoa, eta diseinu arkitektonikoagatik, osaeragatik eta tamainagatik nabarmentzen da. Altzariaren jatorrizko traza gordetzen duten gutxienetakoa da.
Eliza honetan, pietatearen kaperako erretaula platereskoa gailentzen da, bai tamainagatik, bai eta duen kalitate artistiko bikainagatik ere. Errenazimentuaren garaiko euskal erretaulagintzaren adibide bikaina da. Erretaula narratiboa da, fatxada-motako egitura arkitektonikoa duena, eta kutxategiak bankua, hiru gorputz eta atikoa ditu. Bost kalez osatzen da eta multzoa frontoi triangeluar handiarekin dago errematatuta. Erretaularen tailak aparteko adierazpen-bizitasuna du, eragin berruguetiarrarekin. Polikromia garai berekoa da, Erromatar deitutakoaren motakoa, irudien errakitismo erregosia nabarmentzen dela. Ikonografiak Andre Mariaren zikloaren, Pasioaren eta San Roke eta San Sebastianen (Oñatiko antzinako zaindariak) irudiak barne hartzen ditu. Fintasunagatik erdiko kaleko Pietatearen eszena nabarmentzen da.
Galeria fotografikoa
Arantzazu (Oñati)
Arantzazuko santutegia modernoa eta interes arkitektoniko handikoa da. Inguruko natura malkartsura egokitzeko saioan, Francisco Saiz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek eraiki zuten 1950 eta 1955 bitartean. Erretaularen dekoraziorako, Lucio Muñoz pintore eta eskultore madrildarra aukeratu zuten eta Eduardo Chillidari basilikan sartzeko obrak zuzendu zizkioten. Santutegiak gurutze latindarreko oinplanoa du, antzinako elizaren gainean eraikia. Aipatutako eliza, maila baxuagoan, kripta gisa dago. Absidea erdizirkularra da eta portikoaren gauzarik adierazgarriena frontisaren dekorazioa da, Jorge Oteiza eskultoreak kare-harrizko bloke handiekin egindako irudi antropomorfoen frisoarekin. Kripta osoa banakatutako horma-irudi handiz estalita dago eta oinak Nestor Basterretxearen lana dira. Tenpluaren irudi titularra, Arantzazuko Andre Mariarena, erretaulako nitxoan dago. Irudi gotikoa da eta XIII. eta XIV. mendeen artean egina da.