Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

42. Ibarrondo irin-fabrika (SANTIKURUTZE KANPEZU, KANPEZU)

5. ETAPA: ALDA • SANTA CRUZ DE CAMPEZO

Ibernaloko Andre Mariaren irin-fabrika

Arabako konfigurazio geografikoaren ondorioz, bertan nekazaritza-jarduera garrantzitsua garatu da historian zehar. Logikoa da, beraz, industriaren hasierarekin batera enpresa-ekimen nagusiak (Gasteizen eta Aiaraldean izan ezik) nekazaritzako elikagaien sektorean oinarritzea, eta horregatik, irin-fabrikak probintziaren industrializazioaren ezaugarri dira. Kanpezuko irin-fabrika gaur egun martxan dago eta Harinas y Derivados Ibarrondo S.A. izena du. 1947an Nuestra Señora de Ibernalo izenez sortu zenean, probintzian eraiki zen azken irin-fabrika izan zen. Berandu sortu bazen ere, Arabako nekazaritza-sektorearen industrializazioaren hasierako garaia gogorarazten du, eraikinaren egituran, ekoizpen-prozesuan eta makinerian ikus daitekeen bezala. Izan ere, Kanpezuko irin-proiektu industrialak XIX. mendean du jatorria, eta Ibarrondo familiari lotuta ageri da. Feliciano Ibarrondok sortu zuen, 1889an alea ehotzeko errota bat eraiki baitzuen. Denborak aurrera egin ahala, errotari elementu berriak gehitu zitzaizkion, modernitateak ekarritako aurrerapen teknologikoak baliatuz; 1920ko hamarkadan, esate baterako, instalazio hidraulikoak elektrifikatu egin ziren turbina bat erantsita. Inguruko irin-fabrikekin lehiatu ahal izateko,1947an instalazioak berritzea erabaki zuten, eta horrela, fabrika modernoa sortu zuten antzinako errotatik gertu. Horretarako, Luis Vila bartzelonarra kontratatu zuten, Thomas Robinson & Son Ltd etxe ingelesaren Espainiako ordezkaria, eta hark egin zuen ekoizpenaren eta makineriaren azterketa.

Irin-fabrikak ogi-irina egiten zuen batez ere, eta Euskal Herriko merkaturako ekoizten zen. Erosten zen gari gehiena probintziatik bertatik eta ondoko Nafarroatik ekartzen zen, baina batzuetan Sevillako gariarekin ere nahasten zen.

Fabrika

Industria-multzoak XIX.mendeko itxura du, zurezko zoru, sabai eta eskailerak baititu, eta solairuak lotzen dituen baranda torneatua. Altuerako ekoizpen-eredua zuen fabrika zen, hau da, hainbat solairutan antolatuta zegoen, eta zereal-alea eraikinean zehar bertikalki kokatutako hodien bidez maila guztietara garraiatzen zen. Hodi horiek lehen irin-fabrika industrialen elementu bereizgarriak dira, eta gaur egunera arte kontserbatu dira (halere ez dira jatorrizkoak, zurezkoak baitziren). Ekoizpena modu bertikalean antolatzearen helburua errendimendu energetiko handiena bilatzea zen, aleak ehotzeko grabitatea baliatzen baitzen. Fabrikan jatorrizko makineriaren zati handi bat kontserbatzen da.

Arkitekturari dagokionez, eraikin nagusia oinplano angeluzuzenekoa da, lau solairu ditu eta bi isurkiko estalkia. Hormigoizko egitura du eta hormak harlangaitzezkoak dira, pintura zuriz estaliak. Fatxadak luzeak dira, non erregularki bao ugari irekitzen diren: 5 bao solairu bakoitzean; arku beheratua dute eta adreiluz inguratuta daude, hormaren zuritasunaren kontraste kromatikoari esker nabarmentzen direla. Fatxada nagusian, gorriz eta letra handiz margotuta, 1947an fabrika sortzeko erabili zen sozietatearen izena eta sortzailearen izena agertzen dira. Beheko solairuan, sarrerako atea ere adreiluz inguratuta dago, eta arku eskartzano batez errematatzen da.

Partekatu

Azken aldaketako data: