Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

3. Hondarribiko hirigune zaharra (Hondarribia)

1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN

Mugako herri boteretsua

Hondarribia izan zen errege forua hartu zuen lehen hiribilduetako bat (1203), eta horrek erakusten digu kokalekuak oso goiz zer nolako dinamismoa izan zuen. Dirudienez, Bizkaiko Golkoko merkataritzak eta balearen ehizak (Erdi Aroko zigiluan irudikatua) asentamenduaren hazkundea eragin zuten, eta horrek bizilagunen jarduerak arautzeko beharra agerian utzi zuen.

Erdi Aroko hiribilduetan ohikoa zen bezala, Hondarribiko hirigunea hesi batez inguratu zen. Erdi Aroan ia gerrarik izan ez zuen arren, Errenazimentuaren hastapenek egoera berri bat ekarri zuten Bidasoaren mugara. Gaztelak, lehenik, eta Espainiak, ondoren, 1475etik aurrera Frantziarekin izandako liskarren ondorioz, hiriaren babesa indartu eta defentsa horiek gerraren forma berrietara egokitu zituzten. 1476an Frantziak ez zuen Hondarribia inbaditzea lortu, baina 1521ean frantziar eta nafar tropek bai lortu zuten. XVI. mendean defentsa horien erreformarekin jarraitu zuten, eta hiribildua gai izan zen 1638an Frantziako Luis XIII.aren tropak geldiarazteko. 1794an Frantziako Konbentzio iraultzaileak hiribildua hartu ondoren, hiribilduko gotorlekuak apurka-apurka eraitsi ziren, baina ez ziren erabat suntsitu. Edonola ere, etapa horretan guztian zehar, Hondarribia herri garrantzitsua izan zen, nazioarteko merkataritza-trafikoan murgildua, eta aberastasun horrek arrastoa utzi zuen arkitekturan.

Herri monumentala

Hondarribiko defentsa-azpiegiturak ikertu, zaharberritu eta balioztatzeko egin berri diren lanei esker, gaur egun ondare hori ezagutu ahal da. Herriko hegoaldeko erpinean Santa Maria atea dago. Mendebalderantz, Erdi Aroko harresiari jarraituz, Erreginaren bastioia dugu, XVI. mendean eraikitako erronboide-oinplanoko eraikin handia. Herriaren ipar-mendebaldean San Nikolas atea dago, Leyvako bastioiaren babespean. Ekialdeko zatian, Bidasoako estuarioari aurre egiten dion zatian, sakan edo troka garrantzitsu batek babesten du berez, baina gotortu egin zen hala ere.

Zati honetan, zalantzarik gabe, Hondarribiko alde zaharrean dauden arkitektura-bitxietako bi nabarmenduko ditugu. Lehenik eta behin, Sagarrondoko Andre Mariaren eliza, herriko parrokia, gaur egun ezagutzen dugun eraikina XV. mendearen amaieran hasi ziren eraikitzen. Estilo gotiko berantiarrekoa da, eta hiru nabeko oinplanoa du, abside poligonaletan errematatuta. Nabarmentzekoak dira hainbat motatako gurutze-gangak, iparraldeko ate gotiko berantiarra eta, monumentalena, mendebaldean, estilo errenazentistakoa. Abside hirukoitza zeharkatzen duen ingurabideak ematen dio babes izaera.

Bestalde, elizarekin ia muga egiten duen plaza handi bat aurkitzen dugu, garai modernoko etxe bitxiz eta, batez ere, jauregi/gotorleku ikaragarri batez mugatuta, Karlos V.aren gaztelua izenaz ezaguna. 1200. urtean zegoen gotorleku baten oinordekoa da, espazio bat zuen soldaduentzat eta beste bat noblea, kapitain jeneralarentzat eta haren gonbidatuentzat. Sarreran, armarri inperiala nabarmentzen da; haren xehetasunek eraikuntzaren unea erakusten digute, XVI. mendearen erdialdea.

Aro Modernoko ondare arkitektonikoaren adibide ugari ditu. Monumentaltasunagatik, Udaletxea, Casadevante etxea eta Kale Nagusiko Zuloaga jauregia nabarmentzen ditugu, baina arkitekturaren beste bitxi batzuk ere aurki daitezke, harrizkoak eta zurezkoak: 1638. urtearen ondorengo une historikoan kokatzen gaituzte, setioak suntsitutako eraikin asko berreraiki ziren garaia.

Partekatu

unesco