Hezkidetza euskal hezkuntza-sisteman. Hezkidetza
Hezkidetzaren definizioa
Oinarrizko Hezkuntzak hezkuntza-eskubidea bermatu behar die pertsona guztiei; beraz, zuzentasun eta justizia sozialaren planteamendu etiko batetik, hezkuntzak aukera-berdintasuna eskaini behar du, inolako bazterketarik gabe, eta konpentsatu egin behar ditu desberdintasun ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta pertsonalak. Oinarri horren arabera, bai Administrazioak eta hezkuntza-arduradunek bai hezkuntza-komunitateko profesionalek eta partaide guztiek bultzatuko dute inklusioa, hau da, hezkuntza barneratzailea eta pertsonalizatua, oinarrizko eta derrigorrezko hezkuntza amaitu arte.
Esparru arauemailean ezarritakoa bermatzeko ekimen integrala behar da oinarrizko hezkuntzan, ulertuta hezkidetza zeharkako elementu positiboa dela mutilentzat zein neskentzat, berdintasuneko hezkuntzaren garapena eta, aldi berean, genero-indarkeriaren prebentzioa bermatzen baititu.
Hezkidetza defini dezakegu, gaingiroki, neska eta mutilen arteko berdintasuna modu espezifikoan eta aldi berean zeharkako ardatz gisa txertatzea bereizgarri duen hezkuntza gisa.
Bete definizio batzuk:
- «Neska-mutilak genero femeninoa edo maskulinoa alde batera utzita hezten dituena, hots,sexudesberdintasunetik abiatuta hezten dituena, beren banakotasunaren garapena bultzatuta, baina gizarte sexista batetik sexu batekoa edo bestekoa izateagatik betetzeko eskatzen zaizkien rolak kontuan izan gabe»» (M.ª José Urruzola, 1995).
- «Emakumeen eta gizonen arteko eskubideen, aukeren, betebeharren, lanaren… berdintasuna helburu duen hezkuntza-eredua da hezkidetza» (Luixa Reizabal, 2016).
- «Desberdintasunetatik abiatuta berdintasunean heztea da, oso xede garbiarekin: etiketarik gabeko mundua eraikitzea, non emakumeak eta gizonak maila berean egongo baitira, beren eskubide eta askatasunekin» (Amelia Barquín, 2016).
Hezkidetzaren helburuak
Otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren ildotik, hauek izango lirateke hezkidetza-eskolak planteatzen dituen helburu nagusiak:
- Hezkuntzaren arloan lantzen den araudiak berdintasuneko eta hezkidetzako mandatuak beteko dituela bermatzen jarraitzea.
- Emakumeen jakituria eta ekarpen sozial eta historikoa diziplina guztietan txertatzea. Emakume asko dira eta izan dira historia aldatzen lagundu dutenak eta beren diziplinen barruan erreferente handiak izan direnak. Haiek berreskuratzeak, ikusgai egiteak eta gure ikasleei ezagutzera emateak ezabatu egiten du errealitatearen parte hori ezkutatzean sortzen zen genero-joera, baina gainera, erreferente femeninoak sortzen ditu neskentzat, baita mutilentzat ere.
- Irudien eta hizkuntzaren erabilera inklusiboa egitea, bi sexuen irudi plurala bermatuko duena, genero-rolak eta - estereotipoak alde batera utzita. Generoan ez ezik kultura edo sexu-aukera bezalako alderdietan diskriminaziorik sortzen ez duten hizkuntza eta irudia erabiltzea hezkidetza-eskola sortzeko funtsezko urratsa da.
- Orientazio akademiko-profesional ez-sexista bermatzea: sozializazio-prozesuan zehar kanpo-eraginak izaten dira gazteengan, erabakiak hartzen dituztenean eragin nahian. Eragin horiek familia-ingurunetik bertatik, adiskideengandik, gazteak xede duen ingurunetik eta lan-merkatutik bertatik etor daitezke. Horiek horrela, irakasleak, ikasleak eta familiak irauten duten genero-estereotipoen jakinaren gainean jarri behar dira eta orientazioan eragina izan dezaketen uste eta aurreiritzi sexistak indargabetzeko bideratu.
- Berdintasuna sartzea ezkutuko curriculumean eta ageriko curriculumean. Ageriko curriculumetik kontua izango litzateke, besteak beste, hezkuntza-sisteman ezartzen diren edukien berrikusketa egitea, tradizioz femeninoak izan diren eta ikusezin bihurtu diren esferak sartzeko, adibidez zainketaren etika, ikuspegi feministatik begiratuta. Ildo horretan, behar-beharrezkoa da testuliburuek hizkuntza eta irudi inklusiboak txertatzea eta jakintza-arlo guztietan erreferente diren emakumeak barnean hartzea. Ezkutuko curriculumetik, bestalde, irakasleek, familiak eta ikasleek besteekiko interakzioan gauzatzen dituzten arauak, balioak, jarrerak eta portaera berrikusi behar dira. Genero-sozializazio desorekatua eta horrek ikastetxeetan ezartzen diren harremanetan duen eragina aztertu behar dira.
- Aniztasunaren molde guztiak txertatzea. Ikastetxeetan aurkitzen ditugun desberdintasunak soilik sexuari eta generoari ez dagozkiola kontuan hartuta, hor baitaude, halaber, klase soziala, kultura, jatorriko herrialdea, erlijioa, sexu-aukera eta abar. Hezkuntza-jardunbideari hezkidetzatik ekinez gero, desberdintasun horietako bakoitza aintzat hartzea eta desparekotasunak saihestea bermatuko dugu.
- Baliabideen eta espazioen erabilera bidezkoa sustatzea. Espazioen banaketak eta erabilerak eta hezkuntzaingurunearen antolakuntzak ere garrantzizko eginkizuna betetzen dute balio eta arau sozialen transmisioan. Horregatik, espazio eta baliabide horiek modu orekatuan erabiliko direla bermatu behar da.
- Emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea eta tratu ona sustatzea. Indarkeria gure gizarte desorekatuen osagai estrukturala da. Hori dela eta, kritikoak izan behar dugu nagusitasun eta mendetasuneko eskema patriarkaletan oinarritutako harremanekin, eta tratu onetan hezi, justiziaren etikatik eta zainketaren etikatik.
Hezkidetzako eskolaren bidean aurrera egiteko oinarrizko elementuak
Hezkidetzako eskolaren bidean aurrera egiteko oinarrizko elementua hezkuntza-sistema bera ahalduntzea da, berau aldaketarako motor gisa hartu ahal izateko. Sistema horrek gizarte-arazoei irtenbideak eskaintzeko gaitasuna behar du izan, ikasleak alor akademikoan ez ezik beste alorretan ere prestatu behar ditu, maila pertsonal eta herritarrean esaterako, eta hala izango da hezkuntza-sistema gizarte-eraldaketarako sistema ahaldundua, gaitua. Hezkuntza ez da gizartearen isla soil gisa ulertu behar; hezkuntza-sistema urratsak eman eta gizartearen beharrezko eraldaketetan bere alea ematen saiatu behar da. Behar dugun eskolak ezin du sexista, klasista, arrazista, ezta homofoboa izan, ezin ditu maiz gizartean bizi ditugun egoerak errepikatu; aldiz, gizartean ditugun desparekotasunen inguruko ikuspegi kritikoa sortzen lagundu behar du, horiek desagertzen aurrera egiteko.
Hezkuntza-plangintza gizartearen gehiengo zabal batek partekatzen duenean eta, zehazki, hezkuntzakomunitateak (irakasle, ikasle eta familiek) partekatzen dutenean, hezkidetzako eskolarantz egitea ematea errazagoa da. Gainera, hezkuntza-sisteman bertan gertatzen denaren gaineko ardura beste pertsona edo erakundeei leporatzea ekiditen du. Ildo horretatik, ahaldundutako eskolak ez dio beste inori erantzukizunik eskatuko, bere erantzukizuna gain hartuko du, autokritika egin eta gatazka horretan eskolak zein funtzio duen aztertuko du, gai horri ekiteko.
Ahalduntzeaz eta autokritikaz gain, hezkidetzako eskola ezartzeko, beharrezkoa da, aldi berean, norabide honetan urratsak ematea:
- Emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta hezkidetza sustatu, koordinatu eta jarraipena egiteko egitura egonkorrak sortzea: beharrezkoa da hezkuntza-administrazioak eta hezkuntza-sistemak egitura egonkorrak edukitzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eta hezkidetzarako politikak sustatu, koordinatu eta horien jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Hala, plan honetan jasotako neurriak ezartzen direla bermatuko da.
- Hezkidetzan prestatutako irakasleak. Honako hau funtsezko elementuetako bat da hezkidetzako eskola abian jartzeko. Beharrezkoa da irakasleek prestakuntza jasotzea; prestakuntza etengabea ez ezik, hasierako prestakuntza ere bai, berdintasunean eta berdintasuneranzko hezkuntza zeharka txertatu duena. Irakasleek desparekotasunekiko sentiberatasuna izan behar dute, horiek nola sortu eta errepikatzen diren kontzientzia hartu behar dute. Halako irakasleek abian jartzeko tresna gehiago izango dituzte, halako prestakuntza jaso ez duten irakasleek baino.
- Familiek eskolan esku hartzea. Hezkidetzako eskola familiei irekia izan behar da, baita eskola kokatzen den ingurunera kokatuta egon ere. Garrantzitsua da familiek hezkidetza beren seme-alaben prestakuntzarako alderdi garrantzitsutzat hartzea, eta hori beren etxeetan praktikan jartzen saiatzea.
- Ikastetxeetara egokitutako Hezkidetza-plana. Dokumentu horrek, egoeraren behar bezalako diagnostikoa abiapuntu hartuta, ikastetxe bakoitzak berdintasunaren alorrean lortu nahi dituen helburu nagusiak bilduko lituzke, horiek lortzeko ekintza zehatzak egikaritu eta, ondoren, ebaluatu ahal izateko. Ez da, inondik inora, hezkidetza jarduera jakin batzuetara eta efemerideak ospatzera mugatzea; berdintasuna ikastetxe osoan hedatzea da helburua.
- Ikasgelan hezkidetza-materialak txertatzea. Testuliburuak, baliabide didaktikoak, ikus-entzunezko materialak, irakurgaiak, ipuinak edota jostailuak ezin dira sexistak, arrazistak, homofoboak edota klasistak izan; materialek berdintasunean eta berdintasunerako hezi behar dute.
Hezkidetzaren zutabeak
Hezkidetza da emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzeko oinarria, eta hezkidetzak ikastetxe baten ekintza guztiak —ikasgelaren mailan, irakasleen prestakuntzaren mailan eta antolamenduaren mailan— eusten eta zeharkatzen dituzten zenbait gai nagusi edo zutabe jorratzen ditu. Era berean, zutabe horiek hezkuntzaren estamentu guztietan agertu beharko dute, Hezkuntza Sailetik hasi eta ikastetxeetara bitarte...
- Pentsamendu kritikoa sexismoaren aurrean. Honako hau litzateke hezkidetzaren lehenengo zutabea, erabat zeharkatzen baititu gainerakoak. Ikasgelan berdintasuna lantzeko oinarria da. Generoikuspegia modu kritikoan landuta baino ezingo dugu onartu genero-arrazoigatiko desparekotasunak daudela. Horretarako, genero-ikuspegitik egindako analisia funtsezko estrategia da, sexismoa hezkuntza-sisteman eta, beraz, gizarte osoan errotik kentzeko. Estereotipoz beteriko hezkuntzan pentsamendu kritikoa duten irakasleak behar ditugu; hezkuntza hori gure historia pertsonaletan jaso eta gure ikasleei helarazten jarraitzen dugu. Ildo horretatik, irakasleen prestakuntza berebizikoa da genero-ikuspegitik aztertu ahal izateko.
- Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista. Hizkuntzaren erabilera ez da neutrala, hizkuntza komunikatzeko, mundua ulertzeko erabiltzen dugu, baita berau aldatzeko ere; gure pentsamendu osoa hizkuntzatik pasatzen da. Georges Steinerren “izenik ez duena ez da existitzen” aipua indarindarrean dago egun dugun hizkuntzaren erabileran. Berdintasunaren alde lan egiten dutenek badakite hizkuntza errealitate bizia dela, bere bilakaera duela eta garai bakoitzeko erabilerara egokitzen dela; hartara, emakumeak (feminismoari esker) mundu publikoan sartzean, berau bistaratu egin behar da hizkuntzaren erabilera ez-sexistaren bitartez. Hizkuntzaren erabilera ezsexista ez da, soil-soilik, genero maskulinoa eta femeninoa erabiltzea, are zabalagoa da kontua; generoarengatik bereizketa egiten ez duten hizkuntzei ere eragiten die. Ildo horretatik, irudiek komunikatzeko indar handia dute eta, hori dela eta, imajinario kolektiboa eraikitzen laguntzen dute. Hala, beharrezkoa da horiek genero-ikuspegitik aztertzea.
- Emakumeen jakituriaren integrazioa eta haien ekarpen soziala eta historikoa. Historian zehar, baita gaur egun ere, gure kulturaren gabezia handienetako bat, orokorrean, eta gure ikasgeletako material eta testuliburuena zehazki, emakumeek gizakiaren historian zehar alor guztietan egindako ekarpenen ikusezintasuna da. Androzentrismoak gure kultura menperatu du eta hutsune handi bat eragin emakumeen jardunaren ezaguerari eta aintzatespenari dagokienez.
- Gatazken eraldaketa baketsua, hezkidetzako elkarbizitzarako proiektuen bidez. Elkarbizitzan generoikuspegia aplikatzea oinarrizkoa da indarkeria sexistari aurre hartzeko, indarkeria hori edozein delarik ere. Elkarbizitza positiboaren oinarria hezkidetza-plangintza behar du izan, hau da, errespetuan eta berdintasunezko harremanetan oinarritutako elkarbizitza behar du izan. Hezkidetzak harremanetan indarkeria prebenitzeko baliabideak, estrategiak eta ezaguera eskaintzen ditu. Harremanak aztertzean, estereotipo maskulino eta femeninoekin lotutako nortasun-eraikuntzekin zuzenean lotutako jarrerak, rolak, pentsamenduak, emozioak edota balioak daudela ikus daiteke. Maiz, estereotipo horiei erantzuten ez dieten pertsonak zigortu egiten dira, eta eskola-jazarpena ere paira dezakete. Elkarbizitza positiboaren oinarria pertsonen arteko zaintza da, genero-estereotiporik gabekoa, tratu txarrak prebenitzeko tratu ona, bazterketaren aurrean talde-kohesioa, berdintasunezko lidergoak indartsuenaren tiranien aurrean… Berdintasuna eta hezkidetza oinarri hartuta eraikiko ditugu elkarbizitza baketsua, berdintasunezkoa eta enpatikoa lortzeko ikastetxeak.
- Autonomia pertsonala eta independentzia ekonomikoa. Hezkidetzak etxeko espazioan ere jartzen du arreta, eta hori hiru norabidetan egiten du: lehendabizi, pertsona guztiek behar dute autonomia izan beren egunerokotasunean; bigarrenez, pertsona guztiei aitortu behar zaie (gehienak emakumeak) beste pertsonen zaintzetan ardatz izan direla, eta egun direla; eta hirugarrenez, etxeko eremuaren errealitatea aztertzea, etxeko lanen eta gizon eta emakumeen zaintzaren banaketa desorekatuan historikoki eta gaur egun ematen diren desparekotasunak aztertzea. Horren ondorioa da lanaren banaketa sexuala eta, hortaz, desparekotasuna eta diskriminazioa azaleratzea. Era berean, eta aurrekoarekin oso lotuta, independentzia ekonomikoa landu behar da, independentzia pertsonala eskuratzeko oinarri gisa. Jakina da independentzia ekonomikoa funtsezkoa dela tratu txarreko harremanetatik ihes egin eta bizitza genero-indarkeriatik urrun berregiteko. Gainera, lan ordainduaren gaiari dagokionez, azpimarratzekoa da oraindik ere emakumeak gehiengoa direla okerren ordaindutako lanpostuetan, baita menpeko pertsonak zaintzeko kontziliazio-neurriak eskatzen dituztenak ere. Kristalezko sabaia ere errealitate dugu gaur egun, soldata-arrakala, hainbat lanposturen eta ibilbide akademikoen feminizazioa, beste hainbaten maskulinizazioa, etab. Hori dela eta, hezkidetzak oreka lortu nahi du, etxeko eremuan eta eremu publiko eta okupazionalean; etxean gizonen eta emakumeen arteko benetako erantzunkidetasunik gabe, desoreka handia egongo da eremu publiko edo profesionalean gizonen eta emakumeen arteko desparekotasuna alderantzikatzeko.
- Espazioak ikastetxean, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak. Ikastetxeetako espazioak, jolas-orduetakoak bereziki, mutilek hartu ohi izan dituzte lehiaketa-jolasetan aritzeko. Gainera, espazio hori bera asko bereizten da mutil eta neska taldeetan, eta bi talde horiek ez diote elkarri asko eragiten. Ikastetxeak ari dira eremu hori lantzen, eta badaude ikastetxeetako jolastokietan arrakasta izan duten proiektuak: bertako jarduerak eta espazioaren banaketa harreman berdinzaleagoak eta erabilera bidezkoagoa bultzatzeko diseinatu dira. Hala ere, beharrezkoa da hezkidetzako espazioak errazteko estrategiak ezartzen jarraitzea. Era berean, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak mutil eta neskek modu berdinzalean partekatzeko proposatu behar dira. Horrek guztiak ikastetxeko jaialdiak edota inauterietako mozorroak, besteak beste, birpentsatzera garamatza; horietan guztietan, berdintasunerako eta estereotipoen aurkako ekintzak landu behar dira.
- Berdintasunezko hezkuntza afektiboa eta sexuala. Hezkuntza sexualak, osasun eta garapen pertsonal gisa, helburu du pertsonalki haztea eta sexuarekiko jarrera baikor eta arduratsua izatea; hartara, arduraz jokatzen laguntzen du, ez norberarekin soilik, inguruan duen testuinguru sozialeko beste pertsonekin ere. Hezkuntza horren oinarriak nazioarteko hainbat erakunderen arau eta aholkuetan oinarritzen dira, hala nola, erakunde hauetan: MOE-Munduko Osasun Erakundea, UNESCO Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea eta UNICEF Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa. Zehazki, kontuan hartu behar dira dokumentu honek barne hartzen dituen orientabideak: “Sexualitatearen alorreko hezkuntzari buruzko nazioarteko orientabide teknikoak. Ebidentzian oinarritutako ikuspegia 2018”, MOE-Munduko Osasun Erakundeak, UNESCO Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak eta UNICEF Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak osatua. Dokumentu horretan hezkuntza sexuala txikitatik eskaintzea beharrezkoa dela proposatzen da, eta eskolatzearen etapa guztietan zehar lantzeko gaitzat hartu. Hori ondorioztatzeko arrazoia da hezkuntza sexualak ondorio positiboak dituela, pertsonok sexualitatearen inguruan dugun ezagutza hobetzen duelako eta, beraz, jokabide sexualari eta osasun sexualari dagokienez jarrera ere hobetzen delako; sexu-transmisioko gaixotasunak eta GIB izateko arriskua murrizten da, eta ez du pertsonaren jarduera sexuala areagotzen; gainera, hezkuntza sexuala are eraginkorragoa da genero-ikuspegitik jorratuta, ikuspegi hori txertatu gabe jorratuta baino. Hezkuntza sexuala eraginkorragoa da familiekin koordinatuta jorratzen denean, hau da, etxean eta ikastetxean ahaleginak batu eta berdintasunean, osasunean, gozamenean eta pertsona guztiekiko eta gizatasunak berezkoa duen aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako hezkuntza sexuala eskaintzen denean.
- Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta indarkeria kasuetan esku hartzea. Hiru jarduera motari buruz ari gara: ikasleak sentsibilizatzeko helburu dutenak, ikastetxeak espazioetan errepikatzen ari diren matxismo eta indarkeria egoerak hautematea helburu dutenak eta, azkenik, ikastetxean indarkeria kasuak hauteman ondoren zuzeneko esku-hartzea burutzea helburu dutenak.