Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kirol autoktonoak

Pelota

PelotariPilota aspalditik praktikatu dute euskal lurraldean. Mendeetan zehar arau eta modalitateek eboluzioa izan dute, jakina, normalean ikusgarritasunaren mesedetan. Saski aproposagoak egokitu zituzten jendeak eskatzen zuen erritmo biziagorako, kantxak aldatu zituzten, frontoiak estali. Landa-izaerako jatorrizko jokoa ikuskizun bilakatzen hasi zen, non hirietako jendea bertaratzen baitzen apustu bat arriskatzeko. Eta normala zen hala izatea, izan ere enpresariek frontoi industrialak jendetza handiko hiri-guneetan eraikitzen baitzituzten negozioa mantentzea ahalbidetuko zuen bezeria ziurtatzeko. Eraldaketa hau joan den mendeko azken herenean gertatu zen.

Aldi berean, pilotaren unibertsalizazioa gertatzen da. Ameriketarako emigrazioak euskal gune garrantzitsuak sortzen ditu kontinente berrian. Tradizioaren jarraitzaile sutsu bizitzaren ordena guztietan, ohituretan eta sinismenetan, euskaldunak bere jatorrizko herrialdean bezala dibertitu nahi du. Eta frontoiak eraikitzen ditu, non antzinako joko zaharra praktikatzen duen.

Geroago, XX. mendean zehar, euskal pilotak beste hainbat modalitate hartu zituen. Berezko zenbait nolakotasun galdu zituen horietan -batez ere gure jokoetan ezaugarri den indarra-, nahiz eta horrek pertsona gehiagorentzat praktikagarri egiten duen.

Pilota-jokoak, bere eboluzioan, espezialitate-kopuru ugari izan du praktika-mailan. Ondoko sailkapena egin dezakegu sintetikoki.

  • Zuzeneko jokoak: Bi bandoak aurrez aurre jartzen dira, pilotak gainditu beharreko sare edo arrasto batek bananduta. Gaur egun modalitate bakarrak irauten du, oso gutxi praktikatutakoa, errebotea, hain zuzen ere.
  • Zeharkako jokoak: Pilotak pareta batean errebotatzen du. Praktikatzen deneko frontoi-motaren edo erabilitako erremintaren arabera banatu daitezke:
    • Frontisa soilik duten kantxak. Plaza librea o plaza agirikoa izena ematen zaiona da. Antzinako frontoiak dira, gutxi gorabehera 1875 arte iraun zutenak eta oraindik ere Iparraldean aurki daitezkeenak.
    • Alboko pareta duen frontoia, beti ezkerrean, eta zenbaitetan errebote-pareta duena. Neurriengatik bereizten dira beraien artean, trinketea izan ezik, non eskuineko pareta ere erabiltzen den. Ondokoak aipatuko ditugu hemen:
      • Frontoi motza, 30 edo 35 m-ko luzera artekoa. Eskua, sarea, paleta eta horrelako beste zenbait espezialitateetarako erabiltzen da, zeinetan erremintak pisu gutxikoak diren eta piloten bizitasuna txikiagoa den.
      • Frontoi ertaina, 45 m arte. Larruzko pilotaz aritzeko paletetarako edo bizitasun ertaineko pilotekin aritzeko erreminta indartsuagoetarako pentsatua.
      • Frontoi luzea, 60 m arte. Zesta-puntarako, erremonterako eta ukitu handiko pilotaz aritzeko palarako frontoi tipikoa dugu.

Erreminta kontuan hartuta, banaketa ondokoa litzateke:

  • Eskua: Plaza librean edo ezker pareta duen frontoian praktika daiteke.
  • Pala: Palak zenbait aldaera ditu: pala luzea eta motza, batez ere frontoi ertain eta motzetan erabiltzen direnak larruzko pilotekin eta pala zabala eta "paleta argentinarra", frontoi motzean eta trinketean erabiltzen direnak gomazko pilotarekin.
  • Larruzko eskularrua: Edozein kantxatan erabili daiteke, eskularru luzea zein motza izan. Gaur egun gutxi erabiltzen da, errebotea bezalako zuzeneko jokoetan soilik.
  • Xistera: Garai batean joko-garbiko zesta ezker partea zuten frontoi handiagoetan erabiltzen zen. Gaur egun plaza libreetan erabiltzen da. Zesta-punta eta erremontea dira ezker pareta duten frontoietan jokatzen diren beste modalitateak.
  • Sarea: Dagokion tokia trinketea da, nahiz eta frontoi motzean ere joka daitekeen.

Igo

ESKUZKO PILOTA


Euskaldunen artean irrikarik handiena sortzen duen modalitatea dugu eskuzko pilota.

"Eskua" kirol bereziki gogorra dugu. Pilota batekin jokatzen da, 100 gramotik gorako pisua duena, zeinari eskua zabalik jotzen zaion. Modalitate berria dugu. Arauak joan den mendeko azken herenean finkatu ziren. Baina denbora-tarte honetan espezialitate "erregina" bilakatu da. Lehen etapa batekoak (1910-1920) Urzelai, Azkoitiko Txikito, Errezabal eta Garate genituen.

Txapeldunen ordena kronologikoan ondokoak aipatuko ditugu; Mondragones, Atano III.a, Miguel Gallastegi, Barberito, Soroa, Arriaran anaiak, Ogeta, Atano X.a, Azkarate eta Retegitarrak.

Gaur egun, pilota hazkunde handia bizitzen ari da. Frontoi berriak zabaltzen dituzte, kalitate handiko pilotariak sortzen dira eta zenbait enpresa elkarren arteko lehian aritzen dira, ikusle ugari biltzen dituzten ikuskizunak antolatzen dituzte. Modalitate honetako gaur egungo izenik aipagarrienak ondokoak dira; Eugi, Unanue, Zezeaga, Titín III.a, Elkoro, Capellán, Goñitarrak, Galarzatarrak, Alustiza, Nagore, Lasa, eta abar.

Igo

ERREBOTEA


Pilota-jokoen artean erregetzat ere hartu dute.

Errebotea pilota ez da frontis baten aurka jaurtitzen, alde batetik bestera doa. Errebotea kantxa laukizuzenean jokatzen da, laua eta 70 eta 100 m bitarteko luzerakoa. Kantxa bi eremutan banatzen da, jokoan paper desberdina duten mugatutako areak dituztenak.

Bando bakoitzak bost jokalari ditu, tamaina desberdineko zumezko eskularruz hornituta. Tanteoa tenisean erabilitakoaren antzekoa da, 40 tantoko mugarekin eta hamabosteko partzialekin.

Errebotea, zoritxarrez, geroz eta gutxiago praktikatzen den jokoa dugu, talde gutxi batzuk baino ez daude Gipuzkoako eta Iparraldeko herriak ordezkatuz.

Igo

PALA


Palaren garai modernoaren hasiera bezala mende hasieran Eraso anaien eta Goikoetxea eta "Abandoko Txikitoren" artean izandako desafioak hartzen dira. Bilboko Euskaldunako lehengo palistak izan ziren.

Donostian modalitate hau 1922ko uda-partean sartu zuten, Urumea frontoian.

Pala pago-zurez egiten da, eta ondoko neurriak ditu; 52 cm luze, 10,5 cm-ko buruko zirkunferentzia eta 5,5 cm-ko gehienezko lodiera.

Pala erabiltzeko zaila da. Kantxa handiak eskaintzen ditu, ukitu handiko pilotak eta indar eta trebetasun handia. Hori dela-eta, modalitate errazagoak bilatu dituzte, jende arruntak praktikatzen dituenak: pala motza eta paleta.

Igo

ZESTA


Eskuz eta palaz pilota bortizki jotzen dute sakatzeko. Saski-jokoetan, ordea, pilota bildu egiten da, mugitu gabe dagoen denbora-tartea handituz ibilbidez aldatu aurretik.

Saskiaren aurrekaria larruzko eskularrua da, hasiera batean eskua babesteko pentsatutakoa. Hasieran motza eta zabala zen. Esperientziak erakutsi zuenez, saskia zenbat eta luzeagoa izan, indar handiagoz jaurtitzen zen pilota. Saskia luzatu eta estutu egin zuten. Eta bi modalitate klasiko sortu zituen: erremontea eta zesta-punta.

Erremonteak, dotorezia handiko jokoak, bere urrezko garaia hasiera batean Irigoienekin izan zuen eta ondoren Jesus Abregorekin, debuta 1924an egin zuena. Bi frontoi industrialetan praktikatzen da: Iruñeko Euskal Jaien eta Hernaniko Galarretan.

Zesta punta, ikusgarriagoa, nazioarteko mailara iritsi da, hainbat herrialdeetan frontoiak dituela. Euskal Herriari dagokionez, Bizkaian eta Iparraldeko udako torneoetan praktikatzen da gehienbat.

Igo

Traineru-estropadak

Arraunari buruzko Plan Estrategikoa (pdf, 2MB)

TraineraItsas bazterreko gizonak bere besoen indarra behar izan zuen historian guztian zehar, haizearenaren osagarri gisa, kaletara hurbiltzeko. Eta hortik dator arrantza-txalupen arteko lehia, emozioz beteriko kirol honen jatorria, traineru-estropadak, alegia. Traineru bateko tripulazioa hamahiru arraunlarik eta norabidea ezartzen duen patroi batek osatzen dute.

TRAINERUETAKO ARRANTZA-USADIOA


Patroia izaten zen, normalean, ontziaren jabea, bai eta arraunena, sareena eta arrantzarako beharrezkoa zen edozein tresnarena ere. Ahozko kontratu bidez erreklutatzen zuen tripulazioa, alderen baten borondatez amaitzen zena. Arraun-ontzietako ordainsaria arrantza-produktuaren banaketa proportzionala izaten zen, eta ez soldata finkoa. Arrainaren salmentatik lortutako guztirakotik garnata, jakiak eta edozein motatako hornigaiak erosteagatik sortutako gastuak likidatzen ziren. Ondoren, %25a sare eta trainerurako gordetzen zen, eta gainerakoa tripulatzaileak beste zati egiten zen.

LEHIAKETAKO TRAINERUAK. ARRAUNKETA-ESTILOA


Arrantza-traineruak 1916 arte estropadetan erabilitakoak izaten jarraitu zuten. Baina urte hartan Vicente Olazabalek traineru estilizatu bat egin zuen Mutrikun Getariko tripulazioarentzat, 400 kiloko pisukoa, "Golondrina" izenez bataiatu zutena.

Garai berean, arrantzarako bapore-ontziek behin betirako zokoratu zituzten arraun indarrez mugitutako itsas zabaleko ontziak. Lehiaketarako baino ez ziren traineruak egiten hasi ziren. Arrantza garraiatzea beharrezkoa ez zenez, traineruen diseinua aldatu egin zen. Erruna eta pisua gutxitu ziren, nahiz eta arrantza-traineruaren 12 metroko luzera "klasikoari" eutsi zitzaion. Gaur egun Arraun Federazioak estropada ofizialetan erabilitako ontzien ezaugarriak ezartzen ditu, eta ondokoak dira, hain zuzen:

  1. Elkarzuten arteko gehienezko luzera.................................12 m.
  2. Zuaker nagusiaren beheko gutxienezko erruna................... 1,72 m.
  3. Arraunik eta osagarririk gabeko ontzien gutxieneko pisua........200 Kg.

Ontzien eta arraunen eboluzioak arraunketa erabat aldatu du. Joan den mendeko kalera astun baten arraunketak ez du inolako antzik gaur egungo traineru estilizatu batenarekin. Lehen arrauna luzea eta ontzia astuna zen, eta horrenbestez arraunketa gerri-jokoa zen, mantsoa, sakona eta jarraitua. Pisua gaur egungo ontziek dutenera gutxitzearekin batera, besaurre-jokoak gerri-jokoa ordezkatu zuen. Erritmoa azkartu egin zen eta palada laburtu.

Arraunketa-erritmoa itsasoaren egoeraren arabera aldatzen da. Ur harroetan palada motzak arraunkada asko galtzea eragingo luke. Arraunketa ur bareetan baino sakonagoa izaten da orduan.

Igo

TRIPULAZIOAK ETA PATROIA


Joan den mendeko estropadetan traineruaren oinarrizko tripulazioa arrantzera irteten zen bera izaten zen normalean, nahiz eta lagun zaharrenak ordezkatu egiten zituzten, lehian parte hartzen ez zuten beste koadriletako arraunlariak jarriz. Garrantzi handiko lehiaketetan benetako selekzioa egiten zen, errefortzu gisa herriko trebeenak aukeratuz. Honela, Ondarroa eta Donostiaren arteko estropadan, 1890eko abenduaren 2an, Carrilek bere arrantza-ontziko edo "konpainiako" sei arraunlari ordezkatu zituen, Donostiako beste hainbat patroiek utzitako onenak jarriz. 1910 eta 1920 artean baporeak arrauna arrantza-ontzietako trakzio-indar gisa behin betirako zokoratu zuenean, traineruko tripulazioa estropada ofizialetarako prestatzeko entrenatzen hasi zen. Arrantza-sardetara arrauna egitea ez zen jada eguneroko lana, eta horrek etengabe sasoi-puntu onean egotea ahalbidetzen zuen.

Lan-orduetatik kanpoko entrenamenduak lan-ordutegia zuten lur lehorreko enplegatu gazteen mesederako ziren. Arrantzaleak, baxurakoa izanda ere, bizimodu alderraia zeraman, portutik egunsentia baino lehen irtenda ordurik eta egunik gabeko jardunaldi nekagarrirako, betiere itsasoaren, mareen eta arrain-sarden menpe. Arraunketa-jardunean hasi ondoren, "lehorrekoa" arraunlari ona izan zitekeen, eta pixkanaka-pixkanaka arrantzaleen proportzioa gutxitu egin zen traineruetan.

Igo

ESTROPADA-EREMUAK. TRAINERUETAKO ARRANTZA-USADIOA


Traineru-estropada ospetsuenak Donostiako Kontxakoak dira, iraileko lehenengo bi igandetan antolatzen direnak. 1879 egin ziren lehen aldiz eta jarraitasuna izan dute ordutik hona. Bilbon, tarteka antolatu dira, eta eszenatoki ohizkoenak Nerbioiko itsasadarra izan da. Tripulaziorik ezagunenak ondokoak dira: Orio, Hondarribia, Pasai Donibane, Zumaia, Pasai San Pedro eta Donostia, Gipuzkoan. Eta Bizkaian, Santurtzi, Kaiku, Zierbena, Ondarroa, Urdaibai...

Igo

Aizkolariak

AizkolariaEnbor-ebakitzaileen lehiaketak: hona euskal herri-kirolen artean ezagunena. Izango dira beste zenbait modalitate praktikatuagoak, atleta gehiago dituztenak, baina zalantzarik gabe euskal kirol-bizitzako heroi handiak aizkolariak izan dira eta dira oraindik, esaterako "Santa Ageda", "Keixeta", "Arria" edo "Luxia". Ez zen izan herri-kiroletako probarik hainbeste ikusle bildu zituenik "Keixeta" eta "Igartzaren" arteko, "Korta" eta "Arria" eta Astibiaren arteko edo "Arria" eta Mindegiaren arteko borroka epiko haiek bezala.

Enbor-ebaketa errege-kirola da Herrialdeko bertako kirolen artean, traineru-estropadekin batera itsas bazterrean.

BASOAK


Euskal herriak beste garaietan izandako basoen ugaritasuna eta bertan aritzen zirenen -ikazkinak eta egurketariak- lan gogorra izan dira enborrak mozteko kirol honen oinarria.

IKAZKINAK ETA EGURKETARIAK. JATORRIA.


Basoak zura lortzeko ustiatzen ziren, eraikuntzarako oinarrizko lehengaia, eta zura landare-ikatzean eraldatzeko, burdinoletan erregai gisa erabiltzen baitzen.

Zuhaitzak koadrilako elementu gazte edo indartsuenak eraisten zituzten. Zaharrenak erauzketan, adarrak mozten eta landare-ikatza fabrikatzeko "txondorra" prestatzen aritzen ziren.

Ikatza Euskal Herriko ekonomiaren eta bizimoduaren oinarri izan zen mendeetan zehar. Milaka gizonek hilabeteak egiten zituzten mendietan bizitzen, pago-ikatza fabrikatuz, ondoren burdinoletan minerala urtuko zuena, burdina bilakatuz.

Egurketari-lanak koadriletan egiten ziren eta egiten dira oraindik ere gaur egun, multzoan kontratatutakoak basoaren alde jakin bat eraitsi eta prestatzeko. Koadrila nomada zen, behar zituzten lekuetara joaten ziren, eta segalarien edo mahastizainen antzeko kanpainetan lan egiten zuten.

Aizkora-apustuen, aizkolari-proben, jatorria ikazkinek eta egurketariek basoan eginiko eguneroko lanean dago. Gazteen energia fisikoa edo beteranoen trebetasunak eta ofizioak lan berean lehian aritzera bultzatzen zituen, zuhaitz jakin bat lehengo nork eraitsi apustu txikiak eginez.

Igo

ENBORRAK PLAZAN. EGURRA.


Probetan erabilitako egurra pago berdea izaten da tradizioari jarraituz, ageriko adabegirik gabe. Horrela egin izan da beti. Esperientzia luzeak beste edozein egur-mota baztertu du, pagoa euskal mendietako espezie arruntena izateaz gain. Pago-egurrak nolakotasun egokiak ditu aizkoraz ebakitzeko.

Egurraren gogortasuna egurraren beraren aukeraketari dagokionez apustua hitzartu deneko baldintzen menpe egongo da. Parte-hartzaile bakoitzak bere baldintzetarako hobeto doakion edo aurkaria gehien kaltetu dezakeen materiala aukeratuko du.

Lehiaketetan eta txapelketetan bihurriegia ez den egurra aukeratzen da. Oro har, kalitateak gora egin du, izan ere gaur egun probak jendeak diru-kopuru bat ordaindu ondoren bertaratzen deneko ikuskizunak baitira. Antolatzaileek diru-sarrerak dituzte eta material egokia eskura dezakete. Lehen, ordea, plazako apustuak sarrera librekoak ziren, eta normalean lehiaketarako erroen edo adarren hurbileneko zatiak bilatzen zituzten, zur-erosleak baztertzen zituenak, hain zuzen ere.

Apustu, lehiaketa eta txapelketetan enbor-kopuru jakin bat ebaki behar da, eta garailea horretarako denbora gutxien beharko duena izango da. Arau orokor honetan oinarrituta, aldaera ugari daude, betiere parte-hartzaileen arteko borroka parekatzeko asmotan, lehia estuagoa izan dadin. Australia eta Kanadako lehiaketetan ez bezala, euskal aizkora-probak gehiago dira iraupeneko lehiaketak abiadurakoak baino. Oso gutxitan izaten dira ordu erdikoak baino laburragoak eta askotan izaten dira 60 minututik gorakoak.

Tradizioari jarraituz, erabilitako enborren lodiera zirkunferentzia-ontzatan neurtzen da. Neurrien gorabeherak 36 ontzako (oinbetekoak) gutxienezkoa eta 72 ontzako (oinbikoak) gehienezkoa barne hartzen ditu, 45 ontzako eta 54 ontzako tarteko neurriekin. Azken neurri hau da ohizkoena, eta horrelako enborrekin jokatzen dira apustu gehienak.

Euskal Herriko aizkora-probak normalean enborrak posizio horizontalean ipinita jokatzen dira.

Igo

PROBA


Arestian esan bezala, Euskal Herriko aizkora-probak gehiago dira iraupeneko proba abiadurako baino. Herriko jaietako erakustaldietan izan ezik, iraupena beti izaten da ordu erditik gorakoa, eta gehienetan 60 minututik gorakoa izaten da.

Inoiz egin den probarik luze eta gogorrenak 1983ko urtarrilaren 23an Tolosako zezen-plazan Mikel Mindegia eta Jose Mari Mendizabal jarri zituen aurrez aurre. Mendizabalek irabazi zuen bi milioi pezetako apustua, eta 4 ordu eta 12 minutuko denbora behar izan zuen, bere aurkariak baino hamazazpi minutu gutxiago. Proben modalitateak eta baldintzak era askotakoak izan daitezke. Ebaki beharreko enbor-kopuruaz gain, apustuak laguntzailearekin edo gabe izan daitezke, aizkolari bat bikote baten aurka, bikote bat bestearen aurka, txanda librean zein txanda-aldaketaz enbor bakoitza amaitzean. Berezitasun hauen guztien helburua lehiakideak parekatzea da, probaren ikusgarritasunaren mesedetan.

Igo

AIZKOLARIAK


XIX. mende guztian zehar aizkolariek ez zuten izen berezirik. "Beizamako bat", "Gorrizu etxeko semeetako bat", "Nuarbeko koadrilako bat", "Beunza baserriko bat" eta abar izaten ziren. Eta gainera probek ez zuten inolako oihartzunik izaten garaiko egunkarietan.

Mende honen hasieran eraldaketa gertatzen hasten da Euskal Herrian. Industrializazioa bizkortu egiten da eta landa-inguruetako biztanleen industria-gunetarako exodo mantsoa gertatzen da. Beren ohitura eta zaletasunekin datoz, beren idoloez mintzatzen dira, eta jaietan enborren gainean lehian edo harri astunak jasotzen ikusi nahi dituzte.

Tolosa, Azpeitia, Donostia eta Eibarko zezen-plazak 1903. urtean inauguratu zituzten guztiak ere. Plaza hauetan idi-proba, ahari-proba, aizkora-proba eta abar ugari egiten ziren.

Orduan sortzen dira idoloak gure herri-kiroletan. Guztien artean handienak "Santa Ageda" zuen izena. "Santa Ageda" garai modernoetako lehenengo aizkolari-proba handiaren protagonista izan zen, 1903ko abenduaren 27an Azpeitiko zezen-plazan izandakoa.

XX. mendeko lehen hereneko beste zenbait aizkolari ospetsu ondokoak izan ziren; Jose Martin Goenaga "Atxunberria", Jose Soraluze "Korta", Jose Aranburu "Keixeta", "Kotaberri" eta "Arria" I.a.

Gerra zibilaren ondoren hainbat eta hainbat proba eta erakustaldi egin ziren berriz ere. Historiako apusturik jendetsuenak berrogeita hamarreko hamarkadan izan ziren; 1950eko urriaren 29an Garziarena eta "Luxiaren" artean, honen garaipenarekin; 1952ko abenduaren 7an, errebantxa eta "Luxiaren" garaipen berria; eta 1959ko apirilaren 26an Latasak "Luxia" garaitu zuen. Donostiako zezen-plazan izandako lehiaketa hauetako bakoitzean 15.000 ikusle inguru bildu ziren. Azken berrogei urteotan eta ordena kronologikoari jarraituz, ondokoak izan dira aizkoraren figura handiak: Berakoetxea, Astibia, Polipaso, Arria II.a, Mendizabal, Arrospide, Larretxea, Olasagasti eta, batez ere, Mikel Mindegia nafarra.

Igo

Harrijasoketa

Arrijasotzaile Perunena

Ibaiko uharriak edo mendiko harkaitzak aspaldi-aspaldiko garaietatik eskainiko zioten euskaldunari bere indarrak neurtzeko aukera erraza.

Gainerako herri-kiroletan bezala dokumentu idatzi bakar bat ere ez zaigu iritsi harri-jasoketari buruz.

Ziur aski, hau dugu kirolik zaharrena, baina historia motzena duena. Ezer gutxi geratzen zaigu idatzita Arteondoren aurreko garaiei buruz. Harri-jasotzaile honek eraman zituen harriak plaza publikora erakustaldietarako, harriaren pisu eta neurri "klasikoak" ezarriz. Bera iritsi arte, desafioak ez ziren ikuskizun programatua eta arautua izan.

Herriko patroiaren erromerietan, sagardoaren lurrinek odola eta burua berotuta, gazteek objektu bat bilatzen zuten beren indarrak neurtzeko. Eskuerago zegoena harkaitz sinple bat zen, eta apustuak egiten zituzten sorbaldan nork berdinduko.

HARRIAK


Behin XX. mendean sartuta apustua plaza publikora eraman zenean, publikoak erregelamendu bat eskatu zuen atletek erabilitako harrien pisuetan eta forman, hauen ezaugarriak finkatu eta proba-mota hauetarako erreferentzia izateko moduan. Ordura arte erabilitako harkaitz-puska irregularra harginek arbastatu egin zuten, lau forma geometriko klasiko emanez: zilindroa, kuboa, esfera eta laukizuzena.

Forma zilindrikoa pisu txikienetarako erabili zen: 8 ,9 eta 10 arroba, 100, 112,5 eta 125 kiloren baliokide; harri kubikoa eta laukizuzena 10 eta 17 arroba artekoa da, 125 kilo eta 212,5 kiloren baliokide hurrenez hurren, tarteko pisu ohizkoenak 137,5, 150, 163,5, 175, 187,5 eta 200 kilo direla. Harri esferikoa, modu arruntean bola izena duena, 9 eta 10 arrobakoa izaten da normalean.

Igo

PROBA


Harri-jasoketako probak bi atleten arteko apustuak izan dira ia beti, eta batek bestearen ondoren jarduten du, inoiz ere ez aldi berean. Lehiaketetan ere jarduna ez da aldi berean izaten, bata bestearen ondoren baizik.

Lurrean harea-zakuzko edo automobil-estalkizko laukia ipintzen dute, eta horren gainean botatzen da harria behin sorbaldan berdindu ondoren. Laguntzaile batek harria dagokion posizioan jartzen du hurrengo jasoaldirako.

Harri-jasoketa baserriko edo harrobiko familia-esparrura mugatutako kirola izan zen "Arteondo" iritsi arte. Publikoarentzat interesgarriagoak ziren bestelako indar-ariketak, pisuak erabiliz, estilo olinpikoan, edo berun-puskak, bulkada indartsu batez jaso beharrekoak. Baina "Arteondok" harri irregularrak zokoratu zituen, harri-jasoketari dimentsio berri bat emanez, eta forma eta pisu klasikoak finkatuz.

Victor Zabala "Arteondok" oso kirol-bizitza luzea izan zuen -1910 eta 1945 bitartean- eta bere aurkari nagusia Pedro Maria Txurruka "Aritza" izan zen. Atzetik etorri zitzaizkion beste zenbait harri-jasotzaile ondokoak izan ziren: "Ziaran Zar", "Ondartza", "Errekartetxo", "Usategieta", "Soarte", "Agerre" anaiak, "Endañeta" eta "Urtain".

Berriagoak ditugu "Goenatxo" eta Mikel Saralegi izenak. Baina kirol hau goitik behera aldatu duen atleta dimentsio berri bat emanez Iñaki Perurena izan da, dudarik gabe azken garaietako bertako euskal kiroleko puntakoena.

Beste modalitateetan bezala, apustu edo desafioko lehiaketak lekua utzi die ofizialki antolatutako txapelketei eta jaietako erakustaldiei harri-jasoketan ere.

Igo

Segalariak

SegalariaHerrialdeko larre aldapatsuetan belarra moztea lan nekeza da baserritarrarentzat, ukuiluan dagoen azienda eguneroko pentsu-errazioaren zain baitago. Mozketa azkar egin behar da, bai eta bilketa ere, bat-bateko euriak hondatzea saihesteko. Lan honetatik sortu zen euskal kirol ezaugarrienetako bat: "sega-apustua".

Euskal Herriko belardi gehienak daudeneko aldapa handiek ez dizkiete gauzak erraztu segamakina mekanikoei. Hori dela-eta, eskuzko sega (sega) da gure lurrean oraindik ere normalean erabiltzen dena.

Ahoak 0,90 metro eta 0,95 metro bitarteko luzera du sega normaletan eta 1,18 metro eta 1,24 metro bitartekoa lehiaketakoetan.

Baserrietako belar-mozketak gure baserritarren lanaldi luze-luzearen zati handi bat hartzen du, izan ere abelburuak baitira baserriko benetako aberastasuna. Behiak esnea eta kumeak ematen ditu, idia trakzio-indarra da lurrak lantzeko luberriketa-lanetan; txahalak berehalako diru-sarrerak ematen ditu, haragitarako tratulariari edo hurbileko merkatua salduta.

Gure herrialdeko segalari on batek 50 lan-areatik gora egin ditzake egun batean.

LEHIAKETA-ZELAIA


Lehiaketa izango deneko zelaia edo larrea arreta bereziz aukeratzen dute, hainbat zirkunstantzia kontuan hartuta. Lehenik zaletasuna dagoen inguruan egon behar du eta, ahal bada, segalariak datozen herrietatik hurbil. Hau oso kontuan hartu da azken urteotan, gaur egun normala baita esparrura sartzeko ordaindu beharreko sarrera bat jartzea, eta horrenbestez, ikusle-kopuru handiagoa izatea. Eta horren arabera sarbide erraz eta erosoko zelaiak bilatzen dituzte, ibilgailuentzat aparkalekuak dituztenak. Eta esparruaren barruan ikusleek ongi ikusteko aukera izan dezatela eta akotatzeko erraza izan dadila.

Elurrari dagokionez, ez du inolako harririk izan behar, aldapa gehiegirik gabe, eta belar ugari eta hazitakoa duena.

Igo

PROBA


Belarra mozteko proba oso gogorra da parte-hartzaileentzat. Atletaren gorputza, proba osoan zehar, gerritik doblatuta dago. Arnasa soina makurtuta eta birikak konprimatuta hartzen dute.

Betidanik, segalari-probak udazkenaren hasieran izaten dira, belarra gehienezko hazkunde-puntura iritsi den garaian eta, gainera, gazteek baserrian lan handiena izan eta horrenbestez ezin hobeto entrenatuta daudenean.

Duela urte gutxi arte, lehiaketa-modu bakarra apustua zen, herri-kirolaren gainerako modalitateetan gertatu den bezala. Lehenengo lehiaketa, gurutzatutako diru-kopuruekin izan beharrean diru-sariekin eta hainbat parte-hartzailerekin, Gipuzkoan izan zen 1954ko ekainaren 11n.

Probarako ematen den denbora ordu betekoa izaten da gaur egun. Mende hasieran normalak izaten ziren bi orduko iraupeneko apustuak. Muga-denbora edozein izanda ere, behin amaitu ondoren gizon-talde zabal batek -arrastelatzaileak, pisatzaileak, lotzaileak eta laguntzaileak- ekiten dio lanari, eta epaileetako baten begirada zelatariaren pean, aurkari bakoitzak moztutako belarraren pisua emango dute. Tradizioari jarraituz pisu erromatarra erabiltzen da.

Proba edonola antolatzen dela ere, oso zaila da errekorretaz hitz egitea. Hainbat faktoreren menpe dago; moztutako belarraren pisua eta azalera, lurraren kalitatea, belarraren hezetasun-maila, hazkuntza eta abar, eta faktore hauek guztiek ez daude lotuta berezko esfortzu fisikoarekin.

Igo

SEGALARAK. ZENBAIT IZEN


Bertsolaritzak ekarri zizkigun segalariei buruzko lehenengo berriak. Pello Errotak apustu bat kantatu zuen 1880an, Iturriotzen, Izuela izeneko batek irabazitakoa.

Pedro María Otaño Ezeiza, "Santa Ageda" handia, Beizamakoa, aizkolari mitikoa, segalari txapeldun handia ere izan zen, bere garaian parekorik izan ez zuena. Bere ahalmen fisiko izugarriek nabarmendu egin zuten belar-mozketan, eta sarritan aritu zen modalitate horretan 1905 eta 1915 artean.

Garai guztietako segalari-lehiaketetako proba gorena Iturriozko zelaian 1925eko irailaren 28an astelehenean egindakoa izan zen. Sei mila pertsona bertaratu ziren ikustera eta, esaten dutenez, apustuek garai hartako 150.000 pezetatik gorakoak izan ziren. Protagonistak Pedro Mendizabal, "Lokate", Aiakoa, eta Jose Arrieta "Pantxesa", Urnietakoa, izan ziren. Mendizabalek irabazi zuen, zeinak bi orduko lehiaketan 4.294 belar kilo moztu baitzituen, bere arerioak 3.957 moztu zituela.

Gerra zibilaren aurreko beste zenbait segalari ospetsu "Amexketa", Florentino Mayoz, "Ondartza", Olazabal eta abar izan ziren. Gerraren ondoren "Aikao txikito", Egiguren, "Lizume", "Ibiya", "Izurzu", "Polipaso", Eleuterio Tapia, "Paskualsoro", Otegi eta Bernardo Irastorza aipa ditzakegu.

Gaur egun desafioak ia desagertu egin dira, eta segalariek lehiaketa ofizialetan praktikatzen duten beren kirola.

Igo

Idi dema

Idi demaHona herri-jokoen artean ezagunena. Idi-proba edo -lehiaketak, beste garai batzuetan oso ohizkoak izandakoak, hala dira gaur egun ere. Lehen idi-pareen jabeen arteko desafioak izaten ziren; gaur egun lehiaketa da ohizkoagoa, herriko jaietako saio nagusi bezala, baina bere herri-zapore eta -ahaidetza handiari eutsiz.

Ohizkoa da idi-proben jatorria harrobietako lanean bilatzea. Harria, lehergailuaren eztandak banandutakoa, "in situ" leuntzen zuten eta ondoren, idiek herrestan zeramatela, bertatik garraiatuko zeneko errepide trinkoraino mugitzen zuten. Ziurrenik zuzena den jatorri honek ez du esan nahi apustuetan parte hartzen zuten idi guztiek harrobietan lan egiten zutenik, izan ere esperientziak frogatu baitzuen harria bezalako objektu astun bat ezin egokiagoa zela idiek herresta-lanetan zuten pausuaren gehienezko abiadura probatzeko.

IDIA


Duela oso urte gutxi arte behi-azienda zen trakzio-indar bakarra nekazaritzan. Oso salbuespenezko kasuetan baino ez zituzten erabiltzen zaldiak, mandoak edo astoak. Aspaldi gabe, motokultoreak sartu dituzte, aplikazio anitzekoak, euskal orografiako mendi-hegal aldapatsuetan lan egiteko bereziki diseinatutakoak.

Zezenak urtea bete aurretik zikiratzen dituzte. Kasurik gehien-gehienetan jadanik ugalketarako ezinduta daudela erosten dituzte euskal baserritarrek.

Idi-probetan erabilitako idiaren pisua 500 eta 650 kilo artekoa izaten da lehiaketetarako. Iturrinoren idi batek 1.450 kilo pisatu zituen bizirik eta kanalean. "Kortaren" idi batek, 1.380 kilo. Normalean Bizkaian altuera txikiagokoa eta pisu gutxiagokoa erabiltzen da.

Baserriko lanak egiteaz gain, lehiaketako idia egunero mendian barrena ibilarazten dute, 5 kilometro inguru. Ukuiluan tokirik onena gordeta dauka. Noizean behin, probaren bat egiten dute hurbileko plaza bateko harriarekin idiak herresta-lanetan aritzeko aztura galdu ez dezan.

HARRIA


Oraindik ere Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan inguruko baserritarrek beren idi-pareen indarrak probatzen zituzteneko harria (probarri) bertan dago. Orain ez dira bi idi-pare soilik lehian aritzen. Ikusgarritasunaren mesederako, zenbaitetan, 35 bikote ere aritzen dira sariak eskuratu nahian. Horretarako bereziki egokitutako lekuak behar dira jendea bertaratzeko. Hori dela-eta, gaur egun harriak zezen-plazetan eta estalitako frontoietan daude.

Harrien forma laukizuzena da, zertxobait estuagoak aurreko aldean, non zulo bat landu den katea krokatzeko. Pisuak tarte handiak ditu, normalean 1.500 eta 4.000 kilo bitartekoa. Tolosako harriak 4.000 kilo pisatzen ditu, eta Gernika eta Mungiakoek 4.500 kilo. Berriatuko udal proba-tokian bada 5.250 kiloko bat, baina ez dute erabili 1950az geroztik.

Desafioetan normalagoa izaten da harri handiak erabiltzea. Lehiaketetan harri txikiagoak aukeratzen dituzte, eta ikuskizuna ikusgarriagoa izaten da, ibilbidea azkarrago egiten baita.

Igo

PLAZA


Harria harkoskor biribilez osatutako zoruaren gainetik eramaten dute herrestan. Badira galtzadarrizko plazak, jabeek baztertutakoak, idiak etengabe irristatzen baitira, apatxak finkatu ezinik. Zabaldutako iritziaren arabera hobeak dira ibaiko uharriak hondartzetatik ekarritakoak baino.

Plazen luzera herrien arabera aldatzen da. Distantzia-barietate handia dago, 22 eta 28 metro bitartean.

Igo

AKUILATZAILEAK


Akuilatzaileek laguntza eskaintzen diote idi bakartiari, edo pareari, beren ahaleginean. Kopurua apustuan finkatutako baldintzen menpe dago, edo araudiak adierazten duenaren menpe lehiaketetan.

Gaur egun, eta ahalik eta eraginkortasun handiena bilatu nahian, kasu askotan akuilatzaileak kontratatu egiten dituzte.

Ir a inicio

PROBA


Denbora jakin batean plaza gehiago egitean datza. Idi-pare batek baimendutako gehienezko pisua gainditzen duenean -1.100 kilo inguruan finkatutakoa-, harriari gainpisuko kilo bakoitzeko kilo t'erdiko gainpisua jartzen zaio.

Behin plazan eta ordua iritsita, epaile eskudunak txanden zozketa egiten du. Hasieran jardun behar izateak kaltegarritzat hartzen da, ez baitute beste arerioen lanaren erreferentziarik. Baina betiere ez da hobea izaten azken tokian aritzea, lehengoek marka handia egiten badute, horrek etsipena eragin baitezake. Irteera-agindua txistua joz ematen da.

Itzaina eta akuilatzaileak idien esfortzua dosifikatzen saiatzen dira, hasieratik ahitu gabe. Harria plazaren erdian gelditzea ere saihesten ahalegintzen dira, hasierako abiaraztean esfortzua bikoizten baitu. Eta batez ere, harria plazaren zabalera markatzen duen marratik atera ez dadin saiatu behar dute, harria falta eginiko mugara itzuli behar baitute.

Parte-hartzaile bakoitzari dagokion denbora normalean 30 minutukoa da. Apustuetan batzuetan denbora gehiago izaten da.

Denbora-epea edozein izanda ere, behin amaitu ondoren, epaileek egindako distantzia neurtzen dute, eta plazetan, zintetan eta zentimetrotan ematen dute

Parte hartzen duten idien kopurua kontuan izanda probak "bakarka" edo "uztarri bakarrean" izaten dira harria animalia bakar batek herrestan eramaten duenean edo "bikoteka".

Igo

Bola-Jokoa

Bola-jokoaJoko-kirol honek, nazioarteko mailan oso zabaldutakoak, ezaugarri berezia du Euskal Herrian. Maneiatu ahal izateko energia fisiko handia behar da, bolaren pisua eta bete beharreko distantzia kontuan hartuta.

Hiru modalitate desberdin ditu: Eskuzulo, Iruzulo eta Bolo Palma.

  • Ezkuzuloa Gipuzkoakoa da berez. Bolaren pisua 7 eta 9,5 kilo bitartekoa da, eta birlak 22 metroko distantziara daude. 9 birla daude laukian kokatuta, hirunaka.
  • Iruzulo: Hedadura geografiko zabalena duen modalitatea da hau, Gipuzkoako mendebaldea, Bizkaiko zatirik handiena eta Arabako iparraldea barne hartuz. Bola zertxobait obalatua da eta aurrean kokatutako hiru birlak jo eta bota behar ditu.
  • Bolo-palma: Ohizkoa Araban eta Errioxa guztian, bola beste kasuetan baino arinagoa da.

Arabako lurraldeak baditu beste zenbait bola-jokoko barietate, askotan hurbileko herrien artean berezitasunak dituztenak.

Sokatira

SokatiraSoka-tiran bi aurkako giza indar, soka bati eutsita, elkarri herrestan eramaten saiatzen dira. Kontzeptu sinple honen ondorioz, kirol hau aspaldi-aspaldiko antzinatetik da ezaguna eta hedadura geografiko oso zabala du gaur egun.

"Soka-tirako" lehiak arautzen dituzten baldintzak ondokoak dira:

Indartsuen kopurua: Zortzi dira.

Pisua: Baldintzen artean probak pisu mugatuarekin edo librearekin diren adierazten da. Pisu mugatua 560 kilo, 640 kilo eta 720 kilotan ezartzen da.

  • Botileroak: Talde bakoitzak botilero bat du, haien ahalegina animo-ohiuekin zuzentzen duena.
  • Debekatuta dago soka gerrian lotzea edo sorbaldaren gainetik jartzea, amaieran dagoen gizonaren kasuan izan ezik. Sokari bi eskuekin heltzen zaio.
  • Frontoian edo belarrean tira daiteke, eta erabiltzen diren oinetakoak desberdinak izango dira, abarkak lehenengo kasuan eta botak bigarrenean.
  • Kaleak: Talde bakoitzak bere kalearen barruan tiratu behar du, normalean bi metroko zabalerakoa, eta bertatik irteten dena deskalifikatu egingo dute.
  • Arraste-eremua: Bi metro berrogeita hamarrekoa da, eta sokan eta zoruan dago seinaleztatuta.
  • Sokan zinta gorri bat lotzen da, erdia zehatz-mehatz adierazten duena.
  • Desafioak bi tiradetara egiten dira, taldeak aldez aldatzen dutela. Horrela aukerak parekatu nahi dira, alde bateko irregulartasunek, aldapak eta abar eragindako abantailak saihestuz. Berdinketak gertatzen badira, aurkaria herrestan eramateko erabilitako gutxienezko denborak erabakitzen du.
  • Hainbat parte-hartzailetako lehiaketetan sailkapen-ligaxka jokatu ohi da, guztiak guztien aurka arituz.

Soka-tira frontoietako kantxen eta plazetako harrien gainean egiten zen, herrialdeko estilo tradizionalari jarraituz. Nazioarteko kontaktuek eta lehiek argi eta garbi erakutsi dute belar gaineko soka-tira dela modalitate zabalduena eta etorkizun handikoena dela. Euskal Herrian, probintzia bakoitzean, neguko denboraldia zoru gogorraren gainekoa da; udaberrian oinetakoz aldatzen dute, gomazko abarka tradizionalaren ordez bota ferratua jantziz, funtsezkoa lurraren gainean behar bezala tiratzeko.

Euskal Herrian dagoen tiratzaile-kopuruari dagokionez, kopurua aldakorra da, kluben egonkortasun eskasa dela-eta. Bizkaia dugu zerrendaren buru, laurehun atleta ingururekin. Gipuzkoan berrehun inguruk parte hartzen dute, eta ehun Araba eta Nafarroako probintzia bakoitzean eta laurogei inguru Iparraldean.

Kirol-ibilbide luzeena eta hobea izan duen taldea Nuarbekoa da.

Beste zenbait joko eta kirol

TronzalariakAipatu egingo ditugu, labur bada ere:

Toka: Burdinazko disko bat jaurtitzean datza, distantzia jakin batetik, eta barra metaliko bat jo behar du tanto egiteko.

Harri-zulatzaileak: Atleta harri baten gainean jarrita, barra-kolpeka zulatzen du, eta sakontasun jakin batera iristen denak irabazten du.

Txingak: Edo atletak esku bakoitzetik zintzilik daramatzan pisuen garraioa. Distantzia bat denbora jakin batean betetzean datza. Txinga bakoitzaren pisua 50 kg-koa da.

Trontzalariak: Bi pertsonek maneiatzen duten zerra handi edo trontza batekin enborrak ebakitzean datza. Probarako, ebaki beharreko enborra 40 cm-ko altuera duen astoaren gainean jartzen dute. Enborren neurria 54 ontzakoa da eta ebaketen kopurua hamar eta hogei bitartekoa.

Iparraldeko kirola: Iparraldean baserriko lanarekin oso lotutako lehiaketak egiten dira, esaterako lasto-fardoa altxatzea, edo ingudea, edo gurdi bat bere ardatzaren gainean mugitzea.

Ahari-borrokaAhari-borroka: Euskaldunek borroka eta lehiarako izan duten zaletasuna dela-eta, aspalditik aprobetxatu dute ahariek tupust egiteko duten sena apustuak antolatzeko.

Artzain-zakurren trebetasun-lehiaketa: Ikuskizun ederra eta interesgarria eskaintzeaz gain, egiten deneko eszenatokiagatik zein artzainek agindutako zakurrek egiten duten lan bikainagatik, helburu nagusia artzainengan zakurrak hezteko bizigarria piztea da; horrela bere lan anonimo eta bakartia ikusgarri eta ezagun bilakatzen da egun horietan.

Artzain-zakurren trebetasun-lehiaketaLehiaketa hauetan ez dituzte soilik beren lana hobekien egiten duten zakurrak saritzen, bai eta arraza-ezaugarri puruenak dituztenak ere. Era berean, artzainek erabilitako jantziak, arropak eta tresnak desager ez daitezen, sariak ematen dizkiete erarik tipikoenean jantzita etortzen direnei.

Baina lehiaketa hauen helbururik garrantzitsuena zakurraren sen harrigarria ezagutaraztea da, behar bezalako heziketa batez osatuz gero ezinbesteko laneko elementua dena artzainarentzat bere eguneroko lanean.