Helburu estatistikoekin tratatutako datu pertsonalen babesaren arloko eskubideak egikaritzea
EUSTAT , Euskal Estatistika Erakundea, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publiko bat da, eta berari dagokio gure erkidegoko gizartearen eta ekonomiaren alderdi guztiei buruzko estatistika-informazioa biltzeaz, aztertzeaz eta zabaltzeaz arduratzea.
Eustatek ez ditu bildutako datu pertsonalak zabalduko, eta ez ditu erabiliko estatistika-helburuez bestelako helburuetarako. Identifikaezina den informazioa eta fitxategi-direktorioei buruzko informazioa baino ezin ditu zabaldu edo eman, hau da, establezimenduen, enpresen, ustiategien edo beste erakunde batzuen zerrendak.
Informazio hori sailen mendeko estatistika-organoei ere aplika dakieke.
Bestalde, interesdunak emandako datuak, estatistika-eragiketei buruz emandakoez bestelakoak, kasuan kasuko jardueran edo prozeduran aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko. Datu horiek ez dira inola ere tratatuko edo hirugarrenei lagako, ukitutako pertsonaren zalantzarik gabeko baimenarekin ez bada, edo Legean aurreikusitako kasuetan.
Inkestei erantzun beharra
Nabarmentzekoa da interesatuak behartuta daudela EUSTATen inkesta ofizialak betetzeko eskatzen zaizkien datuak ematera, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean adierazitakoaren arabera (9. artikulutik 16.era). Informazio gehiago behar izanez gero, estatistika-eragiketak eta indarrean dagoen estatistika-plangintza kontsulta daitezke.
Estatistika-datuen konfidentzialtasuna bermatzen duen araudia:
- 4/1986 Legea, apirilaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzkoa (19. artikulutik 23.era)
- 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
- 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.
Eskubideak baliatzea
Helburu estatistikoekin tratatutako datu pertsonalak babesteko eskubideak baliatzeari dagokionez, kontuan hartu behar dira datu pertsonalak babesteko arauek jasotzen dituzten salbuespenak. Araudi horretan oinarrituta, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak salbuespenen mende egongo dira helburu estatistikoak dituzten datuen tratamenduari dagokionez, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 25.3 artikuluarekin eta Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorraren 89.2 artikuluarekin bat etorriz. Eskubide horiek tratamenduaren arduradunaren aurrean egikaritzeko aukera duzu, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez . Era berean, edozein erreklamazio egin dezakezu Datuak Babesteko Euskal Agintzaritzan , edo aldez aurretik erreklamazio bat egin dezakezu Datuak Babesteko ordezkariaren aurrean.
Azken aldaketako data: