243. Güeñesko udaletxea (Güeñes)
7B. ETAPA: BILBAO • BALMASEDA
Indianoen ametsa
Enkarterrien kokapen geografikoak –Bizkaiko mendebaldean dago, Gaztelarekin mugan– mendeetan zehar eragin handia izan zuen eskualdean, komunikazio-bidea izan baitzen: Burgos eta Bizkaiko hirigune nabarmenak (Bilbo eta Portugalete) lotzen zituen ibilbide horretan merkataritza-jarduera garrantzitsu bat garatu zen, Kadagua ibaiaren bideari jarraituz. Eragile ekonomiko garrantzitsua izan zen eskualdearentzat, eta Bizkaiko Jaurerrian garrantzi handiko gune bihurtu zen Erdi Aroaz gero.
XVIII. mendean garrantzia galtzen hasi zen, Urduñako gurdibidea inauguratu baitzen, Gaztelako goi-ordokira azkarrago eta erosoago iristeko aukera ematen zuen bidea, hain zuzen. Errepide berriaren eraikuntza kolpe gogorra izan zen Kadagua inguruko herrientzat, pixkanaka-pixkanaka merkataritza-jarduera bertan behera geratu baitzen. Egoera horren aurrean, gazte eta familia askok Ameriketara alde egitea beste aukerarik ez zuten ikusi, etorkizun hobea lortzeko eta aberasteko asmoz. Hala, emigrazio-prozesu bat hasi zen XIX. mendearen hasieran, eta urteak aurrera joan ahala, aberastea lortu zuten familia batzuek sorterrira itzultzea erabaki zuten, Enkarterrietara. "Indianoak" itzuli zirenean (hala esaten baitzitzaien) uda-etxe bikainak eraiki zituzten, lorategi exotikoa eta diseinu berritzaileko arkitektura zituztenak. Luxu handia erakusten zuten; izan ere, Ameriketan lortutako botere ekonomikoaren eta estatus sozialaren isla ziren. Eskualdeko hainbat herritan altxatzen diren etxe horiek, bada, indianoen ondare handia dira, haien espiritu ekintzaile eta borrokalariaren isla.
Eraikin mota horren adibide aipagarria da Urrutia txaleta, 1974an udalerriari dohaintzan eman zitzaionetik Gueñesko udaletxe dena. Leandro Urrutia Galdamesek eraiki arazi zuen. Indiano hori XIX. mendeko 70eko hamarkada ezkero Mexikoko Durango estatuko hirian lanean aritu zen eta XIX. mendearen amaieran Mexikoko ekonomia arrakastaz bultzatu zuten euskal enpresarien belaunaldikoa izan zen. Urrutia familiaren udako egoitza gisa sortu zen etxearen proiektua Emiliano Pagazaurtundua Murrieta arkitektoari eskatu zitzaion eta 1910ean burutu zuen.
Urrutia txaleta
Jauregiak frantziar eragineko estilo eklektikoa du, zantzu modernistekin. Familia bakarreko eraikina da, oinplano karratukoa eta hiru altuerakoa. Lau isurkiko estalkia du eta fatxada guztietan bao ugari. Frantziaren eragina ikus daiteke: alboko tribunetan, fatxada nagusiko arku hirukoitzeko galerian eta eskailera inperialean, solairu nagusia inguratzen duen terrazan eta haren hiru dimentsioko konposizioan. Modernismoari dagokionez, agerian geratzen da baoen molduretan (landare-motiboak dituzte) eta balkoietako baranden forma biribilduetan.
Jatorrian, etxeak soto bat, solairu nagusia (eremu publikoa) eta goiko bi solairu (eremu pribatua) zituen. Bigarren solairuko gelak familiako kideentzat ziren eta azken solairukoak zerbitzurako.
Jauregiaren ondoan lorategia dago, 2200 metro karratukoa. Ingeles estilokoa da eta pergola eta urmaela ditu, bai eta etxe bat ere, hasieran lorezainarena eta ehiza-etxea izan zena. Lorategia landare exotiko ugariz hornitua izan zen, Leandro Urrutiak Ameriketatik itzuli zenean ekarritakoak; gaur egun oraindik bizirik diraute, eta horien artean sekuoia erraldoi bat nabarmentzen da. Gaur egun, landaretza exotikoaz gain lorategian eskultura garaikide batzuk ikus daitezke eta ARENATZarte delakoa ere bertan dago, natura eta artea batzen dituen aire zabaleko museoa.