Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

244. Güeñesko Andra Mari eliza (Güeñes)

7B. ETAPA: BILBAO • BALMASEDA

Katedralen neurriko tenplua

Gueñes Salcedo haranaren bihotzean kokatuta dago eta Kadagua ibaiak zeharkatzen du. Orografia natural horren ezaugarri diren estutasuna eta lur lauaren eskasiak ez zituen nekazaritzari lotutako jarduerak errazten, hori dela eta, bertako biztanleek beste jarduera ekonomiko batzuetan aritu ziren: batetik, Kadaguaren emari handiak industriaurreko azpiegiturak instalatzea ekarri zuen, hala nola burdinolak eta errotak, eta bestetik, komunikabide betean egoteak garraioaren sektoreko jarduerak ere garrantzitsuak izatea eragin zuen.

XVI. mendean finkatze zibil eta erlijiosoaren prozesua gertatu zen, mugak zehaztu eta eliz banaketa ezarri baitzen. Prozesu hori, gainera, egoera ekonomiko onak eta hazkunde demografikoak bultzatua izan zen. Goraldi horren testuinguruan, lehendik zeuden parrokia-elizak eta ermitak berreraikitzen hasi ziren, eta horretarako neurri handiko eta izaera nabarmeneko arkitektura baliatu zuten.

Gueñesko Santa Maria eliza da, beharbada, arkitektura horrek bailaran duen adibiderik aipagarriena. XII. mendean sortua, XVI. mende osoan zehar berreraikia izan zen. Eraikuntza berria mende hasieran hasi zen: burualdea zimendatu eta elizaren lehen zatia eraikitzeari ekin zioten. Dokumentatuta dago 1515erako tenpluaren bigarren zatia eraikita zegoela, baina haren erorketak plangintza-aldaketa ekarri zuen: alde batera utzi zuten estilo gotiko mailakatuko eliza eraikitzeko hasierako proiektua, eta joera modernoagoak aukeratu zituzten, hala nola estilo errenazentista. Horretarako, Juan de Rasines hargin eta arkitekto gotiko berantiarraren proposamena jarraitu zuten, garai hartan lanbide barruan adituenen artean zegoena. Gaur egungo eraikinak, beraz, bi estilo desberdin ditu: gotikoa zati zaharrenean eta errenazentista gainerakoan. Lanak 1577. urtera arte luzatu ziren. Hamarkada bat geroago, Juan de Garita bizkaitarraren diseinuari jarraituz, kanpandorreko dorrea eraiki zuten, eta XVII. mendean Juan González de Cisniegak proiektatutako korua eta oinaldeko portada (1603).

Gueñesko Santa Maria eliza

Tenplua Gueñes erdigunean dago, frontoiaren eta etxebizitza batzuen artean dagoen plaza batean. Gaur egunera iritsi den tenplu monumentala Enkarterri eskualdeko eraikin erlijioso garrantzitsuenetako bat da.

Eliza hareharrizko harlanduz egina dago, eta hiru isurkiko estalkia du nabean, eta bostekoa absidean. Barrualdean, areto-oinplanoa eta abside poligonala ditu tenpluak, eta lau ataleko hiru nabetan banatuta dago, erdikoa albokoak baino zabalagoa. Nabeak altuera berekoak dira eta zutabe biribil handiz eusten dira, gehienak apaindurarik gabeak. Lau puntako izar-gangez estalita daude.

Barruan, hilobi-lauzak ikus daitezke lurrean. Horrez gain, bestelako elementu interesgarriak aipatu behar ditugu, hala nola erretaulak; eta horien artean, XVII. mendeko egur polikromatuzko erretaula nagusia nabarmentzen da. Probintziako erretaula monumentalenetako bat da eta estilo barrokoko pieza goiztiarrenetako bat. Sakristiak interes handiko elementu ugari gordetzen ditu: zurezko altzariak eta tiradera-altzariak, marmol beltzezko ur-txarroa, urregintzako objektuak, eta Gueñesko ermitetako irudi eta pinturak.

Elizak bi sarrera ditu. Zaharrena XV. mendekoa da eta plazara ematen duen hegoaldeko fatxadan kokatzen da. Errege Katolikoen garaiko estilo propioa du, non elementu gotikoak eta errenazentistak nahasten diren. Nabarmentzeko modukoa da arku zorrotz txaranbeldua, erdian konopioa eta alboetan pinakuluak dituena eta gandorrez eta landare-trazeriaz apainduta dagoena. Haren barruan, arku eskartzanoak dituzten bi ate ageri dira, eta haien gainean Ama Birjina eta Haurraren irudia dago finkatuta, alboetan bi aingeru dituela. Fatxadaren goialdean, teilatu-hegalari eusten dioten egurrezko habe eta besoak nabarmentzen dira. Bigarren sarrera, XVII. mende hasierakoa, elizaren oinaldean dago eta herreriano estilokoa da.

Partekatu

unesco